Albistea entzun

Azkenerako, etsi behar

Seniorretara urratsa egitear zen Mikel Plazas mendiko eskiatzailea. Baina aurreko urtea ez zen joan nahi bezala, mononukleosi baten ondorioz. Denboraldi honetan, berriz, pandemiak zapuztu dizkio asmoak, eta Plazasek, ondo hausnartu eta gero, erabaki du gutxienez denboraldi batez goi mailako lehia baztertzea.
Mikel Plazas mendiko eskiatzaileak beste erronka batzuei helduko die.
Mikel Plazas mendiko eskiatzaileak beste erronka batzuei helduko die. UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2020ko ekainak 16

Euskal Herrian noizean behin irteten diren harribitxietako bat da Mikel Plazas iraupen eskiatzailea (Berastegi, Gipuzkoa, 2000). Oso txikitatik datorkio elurretako kirolerako zaletasuna. Haren aita, Miguel Angel Plazas Txiki, Imanol Rojo eskiatzailearen entrenatzaile izan zen urte askotan. Orain, luzaroan Espainiako txapeldun izan eta gero, bere ibilbidean etenaldi bat egitea erabaki du. Ez da erabaki erraza izan.

Hasierako urratsak ekarri ditu gogora. «Aitak txikitatik ipini zizkidan eskiak. Bi urte izango nituen lehen aldian. 11 urterekin nitunerako, lehiatzen hasi nintzen». Somporteko (Pirinioak, Frantzia) estazioa izan zen oinarrizko kanpaleku ia astebururo, eta aita izaten zuen akuilu. «Aitak esaten zidan lasterketak izaten zirela, eta ea parte hartu nahi nuen galdetzen zidan. Niretzat jolasa izaten zen hura. Denborarekin, gustua hartu nion lehiatzeari, eta horrek ematen duenari. Gaur arte ibili naiz horretan».

2017an Espainiako selekzioan sartzeko probak gainditu ondoren, beste pauso bat eman zuen lehiaren arloan. «Oraindik ere ez dago selekzio finkorik urte guztirako, Frantzian edo Italian daukaten antzera. Guri hiru egun lehenago abisatzen ziguten, esanez asteburuan sarrerako probak izango zirela. Horretan, oso atzean dago Espainiako selekzioa beste herrialde batzuekin alderatuta», azpimarratu du Plazasek. Urte batzuetan Espainiako txapeldun izan, eta Europako txapelketetara egin zuen jauzi. Europako onenekin lehian ibiltzea «beste kontu bat» zela konturatu zen lehen txapelketa haietan. Espainian jokatzen ziren lasterketetan beti podiumean egotera ohituta zegoen. Garaipenak hiru edo lau eskiatzaileren artean jokatzen zituzten. Nazioartera irten zen lehen aldi hura oroitu du. «Europa guztiko eskiatzaileak elkartzen ginen, eskandinaviarrak izan ezik. Haiek Norvegiako Kopa dute, Europako Kopa baino askoz gogorragoa. Hala ere, italiarrekin, frantziarrekin eta austriarrekin lehiatzean, oso atzean gelditu nintzen. Maila igotzen den heinean, aldeak areagotu egiten dira». Ibilbide honetan Lander Martin, Manex Salsamendi eta Irati Cuadrado izan ditu bidelagun. Iraupen eskiak azken urteetan izan dituen belaunaldi onenetako parte izan dira denak.

Iazko apirilean erabaki zuen iraupen eskian azken ahalegina egitea. Junior mailako azken urtea izaki, dena ematea erabaki zuen. Juniorretatik seniorretara dagoen jauziaz jakitun, gogoz ekin zion bere ibilbideko urterik garrantzitsuenari. Artean lortzen zituen garaipenei balio erantsi bat eman nahi zien nazioartean. «Etxekoekin hitz egin ondoren, apustua egin nahi nuen. Azken aukera eman nahi nion neure buruari. Jakin nahi nuen merezi zuen ala ez. Urte asko igaro ditut eskian, eta azken saiakera egin nahi nuen. Denboraldi ona eginez gero, banekien agian aukerak izango nituela seniorretan ere».

Hala, 2019ko udan, CETDI Aragon taldeko Lander Martin lagunarekin batera sasoiko jarri ondoren, denboraldiari ekin zion. Baina lehiatzen hastearekin batera, arazoak hasi ziren Plazasentzat. «Norvegian egindako egonaldi batean, bi test egin genituen. Urtetik urtera denborak hobetzen ari nintzen, baina oso atzean amaitu nuen azkenengo honetan. Gero, lehen lasterketetan konturatu nintzen ez nindoala joan beharko nukeen bezala. Bolada bateko gauza izango zela pentsatu nuen, baina Frantziako Kopara joan nintzen azken lasterketan, ni baino lau urte gazteagoak ziren askok irabazi egin zidaten. Orduan konturatu nintzen zerbait banuela. Ez zen normala». Handik itzultzean, Franco Puntell Espainiako selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen. Emaitzak ez ziren ohikoak, eta, nolako bolada zeraman ikusita, proba mediko batzuk egiteko agindu zion. Iñaki Arratibel medikuarengana joan zen. Azterketak egin, eta Arratibelek berretsi zion mononukleosia igarota zeukala, eta argi agindu zion: hilabetez geldirik egon behar zuen: «Aitari esan zion behar bazuen aulki batean lotuta edukitzeko!», gogoratu du, barrezka. Abendu guztia geldirik eta etxean egon behar izan zuen azkenerako.

Denboraldiaren erdialdean, berriro ere hutsetik hastera behartuta zegoen. Pixkanaka hasi arren, oso denbora laburrean sasoian jartzeko gai izan zen, Arratibelek agindutako entrenamenduei esker. Konturatzerako, otsailean, lehiatzeko moduan zen. «Bi lasterketa nituen aurretik, Espainiako Sprint Txapelketa eta Beret Marxa, biak Vaqueiran [Lleida, Herrialde Katalanak]. Espainiako Sprint Txapelketa irabaztea lortu nuen. Ezustea izan zen. Inork ezin zuen sinetsi zer lortu nuen».

Emaitza haiekin hauspotuta, hurrengo asteetan ere lehian ibili zen 10-15 kilometroko lasterketetan. Baina emaitzek ez zioten lagundu. Elur faltarengatik, asteburu pare batean lehiatu gabe egon zen, eta entrenatzeko aprobetxatu zuen martxoa, Espainiako txapelketak jokatu aurretik. Txapelketak jokatu behar ziren asteburu berean, COVID-19ak denboraldia bertan behera uztera behartu zuen.

Konfinamendua hastearekin batera, urte guztiko balantzea egitea tokatu zitzaion etxean. «Emaitza txukun batzuk lortu ditut, baina orotara ez da urte ona izan. Ez nik espero bezalakoa, behintzat. Orokorrean, nire ibilbideko denboraldirik okerrenetakoa izan dela esateko moduan nago. Egoera honetan, seniorretara pasatzea erokeria lizateke. Federazioari oraindik ez diot ezer aipatu, baina burua ez daukat lehian jarraitzeko».

Denboraldi batez lehia baztertu duen arren, kirola egiten jarraituko duela argitu nahi izan du. «Beti izan naiz kirolaria, eta oraindik ere kirola egiten jarraituko dut. Lehen, astean sei egunez entrenatzen nintzen; orain, beste patxada batez arituko naiz». Argi dauka, halere, eskiak bide asko dituela, eta oraindik ere ez duela baztertzen egunen batean berriro ere lehian segitzea. Zalantzarik ez du neguan eskiatzera joango dela, baina ezberdina izango delakoan dago. «Motxilan txorizo zati bat eta ogi zati bat sartu, eta atseden hartuz ere eskiatu daiteke lasai-lasai». Uzteko ideia egiten hasita dagoen arren, lehia pena handiarekin utziko duela aurreratu du. Berari baino are pena handiagoa aitari ematen ari zaio.

Pozik dago aurrerantzean aukera izango duelako lagunei eta familiari denbora gehiago eskaintzeko. Urte askoan, lagunek egiten zituzten irteerekin amesten zuen, eta gauza horien falta ere sumatu du lehian ibili den denboran. Adibide bat jartzera ere ausartu da; eskolako ikasturteko amaierako bidaia. «Ezin izan nintzen joan, Granadara [Espainia] joan behar izan nuelako entrenatzera. Zer esan behar nien hautatzaileei, Amsterdamera nindoala garagardoa edatera? Joatekotan egon nintzen, baina entrenatzaileak entrenatu egin behar genuela esan zidan bezain pronto, ez nuen zalantzarik egin». Lehian ibili den denboran, beti argi izan du gauza batzuek «lehentasuna» zutela.

Udan, geldirik ez

Konfinamendua liburu artean pasatzea tokatu zaio Plazasi. Goi mailako gradu bat egiten aritu da, eta azterketak ditu. «Uda lasai pasatzeko, ezinbestekoa dut dena gainditzea», azpimarratu du. Gainera, berriki uda lanean pasatzeko aukera suertatu zaio. Tolosako Zumardi Elkarteak antolatuko dituen mendi irteeretan laguntzaile moduan ibiltzeko aukera eskaini diote Josu Iztuetak eta Iker Iriartek, proiektuaren sustatzaileek. Esperientzia ezberdina izango den arren, lehen ere ibilia da halakoetan. Espainiako selekzioarekin egindako egonaldi batean, Franco Puntell hautatzaileak abagunea eman zion Italiako aterpetxe batean lan egiteko. «2018ko uztailean eta 2019ko abuztuan, Malga Pramosion egon nintzen lanean [Dolomitak]. Denetik egitea tokatzen zitzaidan; behiak jetzi, esnea bildu, pentsua eman, sukaldean lagundu… Egun askotan, laurehun pertsona ere pasatzen ziren handik».

Orain, berriz, beste mota bateko lanak egitea tokatuko zaio. «Ilusio handia egin zidan Iztuetaren deiak. Hiru eta sei egun arteko irteerak izango dira, eta ni xerpa lanetan ibiliko naiz. Hogei kiloko motxilarekin ibili beharko dut mendian gora eta behera, baina gogotsu nago. Ekainaren amaieran hasi eta irailaren erdira arte ibiliko gara. Egun onak eta txarrak izango ditugu, baina hasteko irrikaz nago».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, garaipena ospatzen, txapelketan jokatutako aurreko lehia batean. ©O. MATXIN EDESA / FOKU

Bikain biribildu dute

Julen Etxeberria

Elordik eta Zabaletak nagusitasunez irabazi diete Peñari eta Eskirozi, eta finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira. Jakak eta Arangurenek bigarren garaipena lortu dute, Peio Etxeberriari eta Rezustari gailenduta

Unai Garcia Osasunako erdiko atzelaria, baloia bereganatu nahian, atzo, Cornella-Praten. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Osasunak txinparta falta du

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak puntu gazi-gozoa lortu du Espanyolen aurka. Partidako lehen gola sartu du, baina itzali egin da gero.

Robin Le Normand, Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi, sasoi honetako entrenamendu batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Moxalen jauzi handia

Jon Ander De la Hoz

Realaren garai onean izarrak soilik ez, harrobiko jokalariak ere ari dira taldea hauspotzen. Zubietan ondutako jokalariak gako bilakatu dira azken boladako emaitza onak lortzeko. Gaur, Valladolid jasoko dute.

Athleticek eta Alavesek galdu egin dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...