Mendia

Zeresana eman dute aurten

COVID-19aren pandemiak baldintzatuko urtea izan da, batez ere, 2020a. Ondorioz, hainbat txapelketa eta zirkuitu bertan behera gelditu dira. Baina mendiko kirolek albiste eta lorpen interesgarriak eskaini dituzte oraingoan ere.

Sara Alonso. Mendi korrikalari gazteen artean nabarmendu direnetako bat da. Etorkizun handia du. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Mendiak eman du berea aurten ere. Euskal Herriko korrikalari, alpinista, eskiatzaile eta eskalatzaile askok beren garaipen eta balentrien zakua gizentzen segitu dute. Nahiz eta pandemiagatik aukera gutxiago izan dituzten horretarako. Baita nazioartekoek ere. Bestalde, zenbait urteurren ere izan dira.

ALEX TXIKON

Aurtengo neguko espediziorako, Manaslu mendia aukeratu du (Himalaia, 8.163 metro). Azken lau urteetan Everest (Himalaia, 8.848 metro) eta K2 (Himalaia,8611 metro) igotzeko ahaleginean jardun ondoren, berriro ere Nepalera itzuliko da. Iñaki Alvarezez gain, Simone Moro italiarra izango du espedizio kide, 2016an Nanga Parbateko gailurrera iristean sokalagun izan zuena. Manasluko ahalegina egiteaz gain, Ekialdeko Pinakulua ere (Himalaia, 7.992 metro) igotzen saiatuko da hirukotea.

AINHIZE BELAR

Eskalatzaile gazteak izugarrizko marka jarri zuen azaroan Valdegobian (Araba), 8c zailtasuneko bidea osatu eta gero, Gezurren erresuma. 14 urte besterik ez duela egin du balentria. Aurretik, eginak zituen 8a+, 8b, 8b, zailtasunekoak, baita 8a bistara ere. Aurrererapauso etengabeak ematen ari da azken hilabeteetan. Euskal Herrian inoiz ez zuen emakume batek horrelako zailtasuneko bide bat osatu hain gazte.

MENDI DUATLOIAK

Urtero legez, irailetik azarora, Euskal Herriko Mendi Duatloien zirkuitua jokoan izaten da hainbat herritan. Aurten, berriz, COVID-19aren eraginez, lau proba bakarrik izan dira jokoan. Halaber, azken urteetako inoizko parte hartzaile gehien izan dute jokatu diren probek. Egin direnen artean, urri erdialdean Ibarran (Gipuzkoa) jokoan jarri zuten Euskal Herriko Txapelketa izan zen aipagarriena. Enara Oronoz eta Javi Goitia izan ziren txapeldun, estreinakoz biak ere.

MIKEL LINAZISORO

Txapelketarik ezak haitzean eskalatzeko aukera gehiago eman dio aurten Mikel Linazisoro eskalatzaileari. Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu ez zuen arren, udaz geroztik egindako probetan izugarrizko maila erakutsi du. Lehenik, urriaren 27an, Obaba bidea kateatzea lortu zuen (9a zailtasuna, Baltzola). Handik hilabetera, berriz, I´ll Domani poltsikoratu zuen (9a zailtasuna, Baltzola). Bere kirol ibilbideko hirugarren 9a zailtasuna izan da. 2016an, Etxaurin (Nafarroa), Begi puntuan igotzea lortu zuen, 16 urterekin.

NAHIA QUINCOCES

Erakustaldia emanez poltsikoratu zuen Nahia Quincocesek, otsailean, Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketa. Panticosan (Aragoi, Espainia) jokatu zen txapelketa, eta erraz gailendu zen. Goitik behera menderatu zuen proba, eta Igone Campos eta Uxue Fraile izan zituen podiumean esker-eskuin.

LUCAS EGIBAR

Ez du berehalakoan ahaztuko Lucas Egibarrek martxoaren 7 eta 8ko asteburua. Snowboardcross-eko Munduko Kopako proba zegoen jokoan, Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia), eta Egibarrek ez zien irabazteko aukerik eman aurkariei. Sailkatze fasean lortutako garaipenak jarraipena izan zuen finalean. Nagusitasunez aritu zen asteburu osoan. Podiumean, Alessandro Haemmerle izan zen bigarren postuan, eta Peter Berghirugarrenean. Munduko Kopako sailkapen orokorrean laugarren amaitu zuen.

ONDITZ ITURBE ETASARA ALONSO

Euskal Herrian jokatu diren mendi lasterketa apurretan nabarmendu dira Onditz Iturbe eta Sara Alonso; Martin Diezekin eta Gontzal Murgoitiorekin batera, gehien nabarmendudiren bi korrikalari gazteak izan dira. Biek ere erakustaldi apartak egin dituzte udan, eta erakutsi dute hurrengo urteetan zeresana eman dezaketela mendi lasterketen zirkuituan.

MENDI FILM

Pandemia ere ez da nahikoa izan aurtengo Mend Film jaialdia bertan behera uzteko. Europako mendi jaialdirik onenetakoa den hori 13. aldiz egin berri dute. Herenegun amaitu zen. Bertan eman dituzten 54 filmez gain,ikusleek aukera izan dute pelikulak Internetez ikusteko. Ideia arrakastatsua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek jaialdiaren azken balorazioa egin dutenean.

DOUG SCOTT

Gaixotasun luze batek eraman zuen, abenduaren 7an, Doug Scott alpinista, 79 urterekin. Gogoangarria izan zen, besteak beste, 1975eko irailaren 24an berak eta bere eskalada lagun Dougal Hastonek mendebaldeko aurpegitik Everestera egindako igoera. Gailurrera iritsi ziren lehen britainiarrak izan ziren. Scottek guztira 45 espedizio egin zituen Asiako goi mendilerroetara, eta berrogeitan iritsi zen gailurrera. Everesteko igoera izan ezik, eskalada guztiak estilo alpinoan egin zituen, oxigenorik erabili gabe.

IMANOL ROJO

Jauziaren urtea izan da Imanol Rojo iraupen eskiatzailearentzat 2019-2020ko denboraldia. Hirugarrenez Marxa Bereten irabazi ondoren (Aran Ibarra, Herrialde Katalanak), Munduko Kopako egutegian hiru aldiz sailkatu zen lehen 30en artean. 2022an, Pekinen egingo diren Neguko Olinpiar Jokoak ditu begiz joak.

FELIX IÑURRATEGI

Uztailaren 28an bete ziren 20 urte Felix Iñurrategi hil zela. Gasherbrum II mendian (Himalaia, 8.035 metro) izandako zorigaiztoko istripu batean izan zen. Hamalau zortzimilakoen bila zihoazen Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak, eta, hamabigarrena igo ondoren, beheko kanpalekura jaisten ari zirela eten zitzaion soka anaia zaharrenari. Alberto anaiak 2002ko maiatzaren 16an amaitu zituen hamalau zortzimilakoak, Jean Christophe Lafaille frantziarrarekin batera Annapurna (Himalaia, 8.091 metro) igo eta gero. Euskal mendizaleen espedizio bat lehen aldiz Everestera igo zeneko40. urteurrena ere bete da aurten, eta Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak lortu zituenetik 10 urte.

HENAR ETXEBERRIA

Hilabete batzuetan kirola guztiz gelditzeaz gain,COVID-19ak kirolari askoren ibilbidea ere lehenago amaitzea ekarri zuen. Hori izan zen Henar Etxeberria biatloilari eta iraupen eskiatzailearen kasua. Ibilbide luze eta oparoa izan du duatloian. Urte askoan goi mailan ibili ondoren, pandemiaren hasieran aurreratu zuen erretiroa hartuko zuela. Azken lasterketan, Marxa Bereten, hirugarren amaitu zuen.

IÑIGO MARTINEZ DE ALBORNOZ

Mendiko eskiatzailearen 2020ko denboraldia aparta izan da. Lehenik, urtarrilean, Espainiako Kopa irabaztea lortu zuen, eta, ondoren, otsailean, Euskal Herriko txapeldun izan zen Panticosan jokatutako lasterketan. Munduko Kopako probetan ere paregabe aritu da, eta, otsailean, Alemanian jokatutako sprint modalitateko proban, bosgarren sailkatu zen: denboraldia biribildu zuen horrela. Nabarmentzen segitu nahi du datorren urtean.

GOLDEN TRAIL SERIES

Azore Irletan (Portugal) egin zen, urrian, 2019tik jokatzen den Golden Trail Serieseko final handia. Lau eguneko formatua izan zuen finalak, eta denera 112 kilometro eta 5.000 metroko desnibel positibo gainditu behar izan zuten korrikalariek. Bi izan ziren han izan ziren euskal herritarrak: Aritz Egea eta Oihana Kortazar. Egeak hamalaugarren amaitu zuen sailkapen orokorrean; Kortazarrek, aldiz, azken egunean erori zenez, bertan behera utzi behar izan zuen lehia. Emakumeetan, Maude Mathys gailendu zen, eta gizonezkoetan, berriz, Bart Przedwojewski.

BRIGNONE ETA AAMODT

Federica Brignone etaAleksander Aamodt eski alpinoko Munduko Kopako palmares absolutuan estreinatu ziren 2019-2020ko denboraldian. Bi eskiatzaileek etekina atera zioten lehiaren amaiera bitxiari. Cortina d'Ampezzoko (Alpeak, Italia) Munduko Kopako finalak bertan behera geratu ziren, Italiak koronabirusaren aurka hartutako neurriengatik, eta denboraldia bertan amaitzea erabaki zuten. Emakumeetan, Mikaela Schiffrinek baino 153 puntu gehiago zituen Brignonek etenaldiaren unean, eta gizonezkoetan, berriz, Aadmot Alexis Pinturaulten aurretik zegoen, 54 punturen abantailarekin.

KILIAN JORNET

Munduko mendi korrikalaririk onenak gauza berriak probatzen jarraitzen du mendiko lasterketez eta mendiko eskiaz harago. Orain urte batzuk Everesteko gailurra jo ondoren, aurtengo udan eta udazkenean errepideko lasterketetan eta erronketan murgilduta ibili da. Azken erronkan, 24 orduanatletismoko pistan dagoen munduko errekorra egiten saiatu zen azaro amaieran. Ikusmin handia eragin zuen. Baina, 10 ordu eta erdi zeramatzala, bertan behera utzi zuen saiakera, lesio bat zela medio. Ordurako, 134 kilometro eginak zituen. Munduko errekorra Giannis Kurosek ipini zuen, 303 kilometrorekin.

CARLOS SORIA

Urteak daramatza Carlos Soria alpinistak Dhaulagiriko (Himalaia, 8.167 metro) gailurrarekin ametsetan. Hamar aldiz egona da beheko kanpalekuan, baina inoiz ez da gailur batera iritsi. Shisha Pangma mendiarekin batera (Himalaia, 8.013 metro), Dhaulagiri mendia da hamalauzortzimilakoak osatzeko gelditzen zaizkion mendietako bat. 2021eko udaberrian berriro saiatuko dela aurreratu du. 82 urte ditu.

CATHERINE DESTIVELLE

Historian lehen aldiz jaso zuen Destivellek Urrezko Pioleta, bere ibilbide alpinistikoarengatik. Lehen emakumea izan da sari hori jasotzen. Alpinismoaren munduan dagoen garrantzitsuena da Urrezko Pioletaren saria, eta, bera baino lehen, besteak beste, Reinhold Messnerrek, Voytek Kurtykak eta Krzysztof Wielickik jasoa zuten. Haren lorpenen zerrenda luzea den arren, aipatzekoa da hau: 1992an, Eigerreko ipar horma famatua bakarrik eskalatu zuen, eta hori egin zuen lehen emakumea izan zen.

ARITZ EGEA

Mendian jokatu dituen lasterketez gain, erronka solidario batean ere murgildu zen Aritz Egea azaroaren erdialdean. Euskal Herriko mendi lasterkari onenetakoa denak ia 90 kilometro egin zituen Izazpi mendiaren joan-etorrian Eguzkiak Iraun Bitartean egitasmoaren aitzakian. Hamar orduan, zazpi itzuli egin zituen 12,6 kilometroko ibilbidean. Erronkaren amaieran, 20.000 eurotik gora bildu zituen Super H eta Baila con EM elkarteentzat. Minbizia duten umeei laguntzen dieten elkarteak dira.

K2

Saiakera guztiak bertan behera gelditu ondoren, aurten berriro ere K2ra (8.610 metro) igotzen saiatuko dira, besteak beste, Dawa Sherpa, Sergi Mingote, Jhon Snorri, eta Ali eta Sajid Sadpara aita-semeak. Neguan igotzeke dagoen zortzimilako bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.