Albistea entzun

Leire Agirre. Eskalatzailea

«Eskalatzaile baten maila bistaz egindako lorpenek erakusten dute»

Etxe ondoan eskalatzen hasi, eta Munduko Kopan lehiatzera iritsi zen Leire Agirre. Nabarmendu du eskaladan garrantzitsua dela psikologikoki ondo prestatuta egotea. Egun, osteopatia eta eskalada batuko dituen proiektu bat prestatzen ari da.
ANDONI CANELLADA /FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko martxoak 16

Erlo mendiaren magalean, bizi den etxean egin du hitzordua Leire Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974). Etxeko garajean jarri berri duen boulderrean zintzilikatu da elkarrizketa hasi aurretik. Aske sentitzen da bertan. Haren mugimenduak ikusita, nabari da oraindik ere sasoiko dagoela. Nahiz eta lehiaketak aspaldi utzi zituen, oraindik ere pasio handiz bizi du eskalada. Ez du bizitza eskaladarik gabe imajinatzen.

Gazteei esplikatu beharko bazenie nor den Leire Agirre, nola egingo zenuke?

Azpeitiarra naiz jaiotzez. Eskolarekin egindako irteera batean hasi nintzen eskalatzen, 12 urterekin, Xoxote inguruko harrobian. 14 urte beteta nituela, Azpeitiko kantera deritzogun lekuan hasi nintzen gora eta behera. Orduan, jendea jada ibiltzen zen herrian eskalatzen. Denborarekin, eskaladarekin kateatuta gelditu nintzen zeharo. Orduko pasio berarekin edo gehiagorekin bizi dut eskalada eta bere inguruan dagoen bizia.

Eskaladarengatik oso goiz utzi zenituen ikasketak.

Bai. 17 urterekin, eskalatzen ikastea zen nire helburua. Orduan, gradua edo maila igotzea zen helburu bakarra. Irteera asko egiten hasi nintzen: Etxaurira [Nafarroa], Riglosera [Aragoi, Espainia]... 20 urterekin txapelketak jokatzen hasi nintzen. Hala ere, urte haietan, masaje-emaile izateko ikastaro batzuk egin nituen Tolosan [Gipuzkoa]. Oso gustuko nuen. Gurasoek kafetegi txiki bat zuten Azpeitian, eta bertan ere lan pixka bat egindakoa naiz.

Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen txapelketa?

Uste dut Euskal Herriko Txapelketa bat izan zela, Errenterian [Gipuzkoa]. Bertan izan ziren, besteak beste, Josune Bereziartu eta Beatriz Jimenez. Oso estruktura sinplea zen. Kalean bertan jarri zuten, eta irteera bakarra zuen. Orduan ez zegoen gaur egungoen antzeko estrukturarik, ezta ekipatzailerik ere. Dena berria zen. Jendeak eskalada zer zen ikusteko prestatutako hormak ziren batez ere. Orduan, bazirudien denak hormara joan behar zirela eskalatzera, eta handik aurrera ikusi zen eskaladako txapelketak jokatzeko aukera ere bazela.

Espainiako Txapelketa ere oso goiz irabazi zenuen lehenbizikoz. Zer gogoratzen duzu irabazitako lehen txapelketa haren inguruan?

1995ean izan zen; Gasteizen jokatu genuen. Ordurako, Espainiako Kopako proba pare bat jokatuak nituen, eta nahiko ondo ibili nintzen. Finaletarako ere sailkatzen nintzen. Baina 1995eko hura mugarria izan zen: Josune Bereziarturi irabazi nion, eta nire izena ezaguna egiten hasi zen eskaladaren munduan. Asteburu hartako bitxikeria bat kontatuko dizut. Txapelketaren bezperan, lagun batzuen etxean egin nuen lo, eta gau horretan amestu egin nuen txapeldun nintzela. Izugarria izan zen! Gauzak asko aldatu ziren, eta aurreikusten nuen etorkizunean gauzak askoz gehiago aldatuko zirela oraindik ere.

Hurrengo txapelketa garrantzitsua Munduko Kopa izan zen.

Bai. Pragan izan zen estreinakoa, 1997an. Hamazazpigarren postuan sailkatu nintzen. Oso emaitza ona zen ordurako, eta gustura sentitzen nintzen lehian. Txapelketetan lehiatzeko balio egin behar da. Aukera ezin hobea izan zen hura niretzat, orduan nuen maila baino hobeagoa erakusteko. Buruz, beti oso indartsua izan naiz, eta arreta handia lortzen nuen txapelketetan lehiatzen nintzenean. Zerbaitetan jartzen nintzenean, horretara soilik egoten nintzen.

Zer behar da eskaladan ondo lehiatzeko?

Zaila da hori erantzuten! Nire kasuan, esaterako, Munduko Kopan laugarren postua lortutako bi aldietan, ez nuen ezerekin arreta galtzen. Eskaladan bakarrik nuen arreta! Eta egiten ari nintzen hura, gainera, oso gustura egiten nuen. Hala ere, egia da txapelketen errutina loteria baten antzekoa izaten dela. Dena bikain planifikatzea eskatzen du; bi edo hiru sasoi puntu on bilatu; egunak ere osoa behar du… Ordurako jada entrenatzaileen papera oso garrantzitsua zen.

Garai haietan ere asko entrenatzen al zineten?

Bai, asko. Askotan, egunean bi aldiz ere bai! Orduan ere ez ginen batere gaizki entrenatzen. Nik, esaterako, Jon Iriberrirekin Fadurako goi mailako zentroan ibili nintzenean, emaitza bikainak lortu nituen. Egia da gaur egun planifikazio handiagoa duela denak, baina iruditzen zait lesioak ere askoz gehiagotan izaten direla.

Alemaniara ere joan zinen bizitzera. Nolatan?

Lehen aipatutako Espainiako lehen txapelketa hura eta gero izan zen, uda hartan. Zehazki, Frankenjurara joan ginen. Ehun kilometro koadroko eremua da, ikusgarria, eta eskalatzaileentzako, paradisua. Hurrengo urtean, berriro ere itzuli egin nintzen Kataluniako lagun batzuekin. Han ezagutu nuen Herbert Gsttotner eskalatzailea. Izugarrizko maila zuen, eta harekin bizitzen egon nintzen bertan. Aukera izan nuen Europa ezagutzeko. Izugarrizko zentroetan entrenatu, eta eskaladako hainbat eremu garrantzitsutan eskalatu nuen, baita alemana ikasi ere.

Zailtasunean hainbat urtez ibili eta gero, boulderrean lortu zenuen Munduko Kopan inoiz lortutako emaitzarik onena, 2000. urtean.

Halaxe izan zen, bai! Ordurako, Pedro Pons, Dani Andrada eta beste batzuekin Espainiako Mendi Federazioaren taldean nengoen. Munichen geunden; izugarri gustura sentitu nintzen, eta, txapelketa bikain baten ostean, laugarren amaitu nuen. Final dezente lortu nituen, Birminghameko bosgarren postua eta Moskuko seigarrena barne. Esperientzia aberasgarria izan zen oso.

Zazpi aldiz Espainiako txapeldun, Munduko Kopan bederatzi urtez... Presioa gertutik sentitu al zenuen azken urteetan?

Orduan ere norberak sentitu behar zuen presioa, eta ni ere gertutik sentitzen hasi nintzen. 2006an lehiatzen ibili nintzen, baina errutina bihurtzen ari zen dena. Gauzak ez nituen jada hain gustura egiten; erritmoa izugarria zen... Ziklo bat amaitzen ari zela ikusten nuen. Azken urteetan, gaztetan izan ez nuen presioa sentitu nuen. Konturatu nintzen besteentzako eskalatzen nuela.

Eskalatzaile askok graduz igotzea besterik ez dute buruan. Zu ere horietakoa izan al zara?

Nik ere gaztetan hori nuen buruan: 8a zailtasuna lortzea. Helburua lortzeko, argi neukan jauzi txikiak eman behar nituela. Azkenean, 1999an lortu nuen, Oñatin [Gipuzkoa], Simonides 8b+ kateatuta. Bide hura oraindik beste emakume batek bakarrik kateatu du: Josune Bereziartuk. Orduan, Patxi Usobiagarekin entrenatzen nintzen, Eibarren [Gipuzkoa], eta rokodromoa eta harkaitza partekatzen genituen. Bikain etortzen zitzaigun bi diziplinak entrenatzea. Denborarekin, 8b+ zailtasuneko hiru bide egin nituen, eta 8 zailtasuneko 80 bide osatzetik gertu nago. Nik, hala ere, argi daukat: eskalatzaile baten maila, bistaz egindako lorpenek erakusten dute. Bistaz gradua extremoan egiteak esan nahi du norberaren ezaugarri fisiologiko eta mentalak muturrera eramatea. Horregatik da hau benetan exijentea askorentzat, saiakera bakar batean egin behar baita.

Gaur egun, kirol gehienetan ezinbestekoa da psikologoaren lana. Zuek ere izan al zenuten kanpoko laguntza hori txapelketak prestatzeko? Nolakoa izan zen?

Bai, ordurako jada hasiak ziren eskalatzaileekin lanean. Garai haietan, Kirolgirekin ibilitako urteetan, Saioa Telletxea psikologoarekin lan egiteko aukera izan genuen. Bi edo hiru urtez ibili ginen elkarlanean. Dena irudikatzen genuen mentalki: bideak, erritmoa... Alde horretatik, izugarria izan zen ikustea zenbateko laguntza ematen ziguten. Gero, Jabier Zuñigarekin ere asko entrenatu nuen arlo hori. Eskaladan ezinbestekoa da lehenik bideak mentalki eskalatzea. Beldurrari nola aurre egin ere ikasten aritu ginen. Hori ere entrenatu behar izaten da. Buruak laguntzen duenean, gorputzari ez dago hainbeste eskatu beharrik.

Txapelketak amaituta, ikasten hasi zinen. Zergatik?

Bai, hala da. Ikasten jarraitzeko beharra sentitu nuen. Batxilergoa atera ondoren, Nutrizioa eta Dietetika ikasi nuen, eta osteopatian sei urteko formakuntza bukatu berri dut. Nire bizitza motarako, oso gai garrantzitsuak dira fisiologia eta elikadura. Urteen poderioz konturatu nintzen entrenatzea bezain garrantzitsua zela ondo jatea.

Pisua obsesio bihurtu da eskalatzaile askorentzat. Zuretzat ere hala izan zen?

Pisua beti izan da oso garrantzitsua eskaladan, baina dena errendimenduari lotuta doa. Inguruan ere izan ditut holako batzuk: ez agian gaixo zeudela esateko modukoak, baina bai asko begiratzen ziotenak. Betiko esaldia da: «Errendimendu ona nahi baduzu, pisu gutxi behar duzu». Egia da, proportzionalki, pisu gutxirekin indarra ere galdu egiten dela, baina dugun pisu guztia guk igo behar dugu horman gora. Gakoa hori da, indarra pisuaren proportzioan izatea lortzea. Gorputzak oreka behar du; bestela, ez dago zer eginik.

Gaur egun osteopatia kontsulta bat duzu Zarautzen. Etorkizunerako ba omen duzu beste asmoren bat, osteopatia eta eskalada uztartzeko.

Etxe handia daukat Azpeitian, eta jendea bertan hartzeko prestatu dut. Baina ez eskalatzaileak bakarrik. Gaur egun ez dut jende faltarik kontsultan, baina denok dugu, autoek bezala, IAT bat pasatzeko beharra noizean behin. Jendeari esperientzia berri bat eskaini nahi diot. Horma bat ere badaukat eskalatzen ibiltzeko. Baina, horretaz gain, janari organikoa zer den erakutsi nahi dut, eta hura prestatzen erakutsi. Oraindik ere gauzei forma eman behar diet; asmoa proiektuan dago. Udan web orri bat jarriko dugu martxan: www.leireagirre.com. Bertan, zer aurkituko duten azalduko dugu. Jendeak egonaldiak egiteko aukera izango du. Beste gauzen artean, osteopatia, elikadura eta eskalada uztartzeko aukera paregabea izan daitekeela iruditzen zait.

Olinpiar Jokoak bolo-bolo dabiltza azken boladan eskalatzaileen artean. Zer iritzi duzu?

Kirol askoren antzera, eskalada ere asko eboluzionatzen ari da, eta uste dut denerako aukera dagoela. Iruditzen zait eskaladarentzako erakusleiho bikaina izan daitekeela Jokoetan egotea: babesleentzako, erakundeen laguntzetarako... Uste dut onurak besterik ez dituela ekarriko eskalatzaileentzako. Askok bete-betean entrenatzen aritzeko aukerak izango dituzte hemendik urte batzuetara. Pentsa, 2005ean jada ni Turinen [Italia] egon nintzen, kirol eskalada Olinpiar Jokoetan sartzeko eskaera egiten. Ia hogei urte joan dira. Nire garaian eskalada Olinpiar Jokoetan egon balitz, ez nuke zalantzarik egingo bertan egoteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Aritz Elustondo Realeko jokalaria, garaipena ospatzen. Beasaindarrak egin du lehen gola. ©JON URBE / FOKU.

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Etxekoak bat gehiagorekin aritu dira 10. minutuaz geroztik, baina kosta egin zaie markagailuan aurreratzea: Aritzek eta Oiartzabalek egin dituzte golak.

Bera Berako jokalariak, duela bi urte Barakaldon irabazi zuten Espainiako Kopako titulua ospatzen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez da irabazteaz nekatzen

Ainara Arratibel Gascon

Bera Berak zazpigarrenez lor dezake bihar liga, Elxen aurka puntu bat lortuz gero. Taldeak urteak daramatza goian, bulegoetan eta kantxan egindako lan onari esker.

 ©EFE

Quino Colomek ezingo du bihar Baskoniarekin debuta egin

Aitor Manterola Garate

Andorrako joko antolatzailea fitxatu du Gasteizko taldeak denboraldia amaitu arte. Biharko partida, Joventuten aukakoa, atzeratu egin da, positibo gehiago azaldu direlako TD Systems Baskonian.

Bi bikoteak, konforme pilotekin

Inolako kexarik ez pilotekin

Aitor Manterola Garate

Elezkano-Zabaletak eta Peña-Albisuk Binakako Txapelketako igandeko finalerako pilotak hautatu dituzte, Bizkaia pilotalekuan. Peña eta Albisuren bat da ezberdina: bizixeagoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna