Mendiko eskia

Etorkizunerako berme

Euskal Mendi Federazioak duela hamabi urtetik du mendi eskiko selekzioa. Bertan ari dira lehiatzen Aitor Ugarte, Rafa Urbizu eta Carlota Martinez de Aragon gazteak. Etorkizun handia dutela erakusten ari dira. Ez zaizkie erronkak faltako hurrengo asteetarako, eta ilusioz gainezka daude.

Rafa Urbizu, Carlota Martinez de Aragon eta Aitor Ugarte eskiatzaileak. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Azken urteetan mendiko eskiak izan duen hazkundea eragina izaten ari da gazteen artean ere. Hamabi urte inguru dira jada Euskal Mendi Federazioak ere bere selekzioa osatu zuen lehen alditik, eta, geroztik, eskiatzaileak gero eta hobeto ari dira etengabe. Azken boladan, Nahia Quincocesek, Iñigo Martinez de Albornozek eta Igone Camposek lortutako emaitzek aurrera jarraitzeko indarra ematen diete atzetik datozen belaunaldi berriei.

Mendiko eskian hasi aurretik, Rafa Urbizu (Donostia, 2000) balletean eta judoan aritu zen. 18 urte bete zituen arte aritu zen bi kirol horiek uztartzen. «Eski alpinoa ere egin izan dut oso txikitatik, eta 12 urterekin gutxi gorabehera mendiko eskia probatu nuen. Antxon Bandresen omenezko lehen aldian egon nintzen. Han probatu nuen lehen aldiz lehia, eta gustatu egin zitzaidan. Hala ere, hurrengo urtera arte ez nuen Aitor Muruarekin topo egin. Hura zen orduan euskal selekzioko hautatzailea, eta hurrengo denboraldirako selekzioan sartzea eskaini zidan». 2013-2014 denboralditik dago Urbizu euskal selekzioan, eta gaur egun bera da taldeko beteranoetako bat.

Lehen aipatutako Nahia Quincocesek eta Igone Camposek badute beste emakume bat euskal selekzioan iaztik: Carlota Martinez de Aragon (Gasteiz, 2002).Iragan urtean hasi zen euskal selekzioarekin lehiatzen, baina ordurako hainbat eta hainbat ordu igarotakoa zen elur gainean. Urte askoan eski alpinoan lehiatzen ibili eta gero iritsi zen mendiko eskira. «Nire aitarekin hasi nintzen. Asko gustatzen zaio mendia, eta apurka-apurka kateatu egin nintzen. 14 urterekin, lesio bat izan nuen eski alpinoan, eta horrek lagundu ninduen mendiko eskian gehiago aritzera».

Aitor Ugarte (Aramaio, Araba, 2002) izan da hiruretan mendiko eskiak jartzen azkena. Ordura arte, hainbat kiroletan aritutakoa zen: pilotan, saskibaloian eta mendiko lasterketetan, esaterako. «2018ko neguan jantzi nituen lehenbizikoz mendi eskiko botak eta eskiak. 15 urte nituen, eta gogoan daukat Urbia inguruko mendietan ibili ginela, eta Artzanburuko gainean egin nuela nire lehenengo larru aldaketa». Geroztik, neguan mendiko eskia eta udan mendiko lasterketak uztartzen ditu.

Hirurek lasterketa batzuk jokatu dituzte azken urte hauetan, baina oraindik ere gogoan daukate mendiko eskian jokatu zuten lehen lasterketa. «Oraindik euskal selekzioan ez nengoen arren, 2013an Baqueira Bereten [Lleida, Herrialde Katalanak] izan zen. Esprint bat eta bertikal bat jokatzeko izena eman nuen lasterketa batean. Ez nekien esprint bat nola egiten zen ere, oso proba teknikoa baita, baina nahiko txukun egin nuen. Ez nuen ezer irabazi, baina antolatzaileek zoriondu egin ninduten. Asko motibatu ninduten lehiari begira» azaldu du Urbizuk.

Martinez de Aragonek ere ez du berehalakoan ahaztuko estreinakoa. «Jokatutako lehen lasterketa Candanchun [Aragoi, Espainia] gauean egiten den lasterketa bat izan zen. Oso urduri nengoen, baina aitarekin egin nuen, eta asko lagundu zidan. Trantsizioak nola egin gidatzen ibili zen». Urbizuk urte batzuk lehenago jokatutako proba berean egin zuen lehen lasterketa Ugartek. Xelebre samar aritu zen, baina oso oroitzapen onak ditu lehenengo hartaz. «2019an, 16 urte nituela, deitu ninduten lehenbizikoz euskal selekziotik lasterketa batera joateko. Baqueira Bereten izan zen, eta larunbatean kronoigoera eta igandean esprintak izan genituen. Bertan ezagutu nituen orain selekzioko parte diren hainbat lagun».

Paisaia berriak ezagutzea izaten da mendiko hainbat eskiatzailerentzat lehen aldiz eskiak jartzeko aitzakietako bat. Eski alpinoan hainbat urtetan lehiatzen ibili eta gero, Martinez de Aragonek bere bi pasioak uztartzeko kirola aurkitu du mendiko eskian. «Eski alpinoarekin alderatuta, mendiko eskiarekin leku eta paisaia desberdinak ikusteko aukera handiagoa duzu. Alpinoan, entrenatzeko orduan, gehienetan pista berean entrenatzen da. Entrenatzerakoan edo lehiatzerakoan duzun askatasun irudipena da mendiko eskitik gehien erakartzen nauena. Mendian ibiltzeaz gain, kirol oso bat praktikatzen da, zeinak teknika, erresistentzia eta abiadura dituen».

Ugartek beste ezaugarri batzuk ere erantsi dizkio diziplinari. «Kirol honen konplexutasunak asko erakartzen nau. Oso kirol teknikoa da, eta trebetasun ugari eskatzen ditu. Gaitasun fisikoez gain, zeresan handia dute irristatze teknikak, trantsizioek, jaitsierek...».

Erreferenteak, etxean

Mendi eskiko euskal selekzioa bete-betean sartuta dago 2021-2022 denboraldian. Orain arte jokatutako probetan oso ondo aritu dira hirurak. Baina hiruren selekzio kide den Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra da Europan gehien nabarmentzen ari den mendiko eskiatzaileetako bat. Bera izan da, Igone Camposekin batera, Boi Taullen (Lleida, Herrialde Katalanak) jokatu berri diren Europako Txapelketetan aritu diren euskal eskiatzaileetako bat. Urbizuk, Martinez de Aragonek eta Ugartek hainbat ordu egin dituzte biekin batera, eta ispilu ere bilakatu dira hiru gazteentzat. «Niretzat plazerra da Iñigo Martinez de Albornoz bezalako eskiatzaile bat ondoan izatea. Sekulako kalitatea dauka, eta teknikoki jende gutxi dago munduan haren mailan. Beraz, esan dezaket zorte onekoa naizela bera selekzioan dagoelako, eta asko ikasten da haren ondoan. Hala ere, ez da erraza izaten; ez pentsa hari jarraitzea lan makala denik [barrezka]».

Urbizuk ere aspaldidanik ezagutzen du Martinez de Albornoz. Ia hamar urte daramatzate euskal selekzioan batera, eta, biak donostiarrak izaki, udan entrenamendu batzuk ere elkarrekin egin dituzte. «Iñigok urte asko daramatza mundu honetan, eta teknika ezin hobea dauka. Hari begira jarrita bakarrik, asko ikas daiteke. Denboraldi hasieran bakarrik jarrai diezaioket: sendotuz doan heinean, ezinezkoa da hari jarraitzea». Martinez de Aragonek ere hitz onak besterik ez ditu Igone Campos edo Nahia Quincoces eskiatzaile beteranoengatik galdetzean. Azken urtean ondoan izan ditu biak, eta erreferente ere bilakatu zaizkio gasteiztarrari. «Asko ikasten dut haiengandik. Zorte handia daukat, batzuetan entrenamenduak elkarrekin egiten ditugulako. Beren esperientziak kontatzen dituzte, eta haietatik ikasten saiatzen naiz».

Hirurek Igor Alzelai mendi eskiko hautatzailearen aginduetara dihardute azken denboraldi hauetan, eta zer eskatzen dien galdetzean, Ugartek hartu du hitza lehenbizi. «Uste dut nire trebetasun teknikoak ez datozela bat oraindik nire gaitasun fisikoekin, eta azkarrago joan nahi horrek akatsak egitera eraman ohi naute askotan. Igorrek ondo ezagutzen ditu nire indargune eta ahulguneak, eta sarritan eskatzen dit erreboluzio batzuk jaisteko eta pauso irmoagoak emateko». Martinez de Aragon da hiruretatik selekzioan denbora gutxien daramana, baina lehiatzera ohituta dago. «Gogor entrenatzeko eta lehiaketetan disfrutatzeko eskatzen dit. Era berean, asko eskertzen diot kirol hau praktikatzeko aukera ematea», azpimarratu nahi izan du Alzelairi buruz. Urbizuk ere hitz onak besterik ez ditu. Lehiatzeko gogoaz gain, beste gauza batzuk ere azpimarratu nahi izan ditu donostiarrak. «Konpromisoa eskatzen digu entrenatzeko eta gure onena emateko. Horrez gain, emaitza onak badatoz, hobe, baina, funtsean, konpromisoa eta diziplina eskatzen dizkigu».

Oraindik ere denboraldiko erronkarik onenak jokatzeke daude mendiko eskian, eta hurrengo hilabetea lasterketaz josita izango dute hirurek. Hasteko, martxoko lehen asteburuan, Espainiako Txapelketak jokatuko dituzte euskal selekzioarekin Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia). «Horretan korritzeko gogo handia daukat! Gainera, ez dut ingurua ezagutzen, eta gogotsu nago», aurreratu du Urbizuk. Martinez de Aragonek, bestalde, Espainiako txapelketak lehen aldiz jokatuko ditu, Andaluzian. «Ahalik eta lasterketa gehien korritzen saiatu nahi dut, nahiz eta ikasketekin ez den hain erraza».

Ugarte ere bai mendi lasterketetan, baita mendiko eskian ere lasterketa asko lehiatzera ohituta dago, baina aurtengo mendi eskiko denboraldirako begiz jota zituen Sierra Nevadako txapelketak. «Denboraldiko erronka nagusiak izango dira niretzat. Horietan esprintak eta kronoigoera jokatuko ditut. Esprinta nahiko diziplina berria da niretzat, eta aparteko helbururik gabe aterako naiz. Kronoigoeran, berriz, uste dut nire onena eman dezakedala».

Baina denboraldia ez da Andaluziako lurretan amaituko euskal selekzioko hiru eskiatzaileentzat. Erronka eta helburu ezberdinekin jarraitu nahi dute hurrengo hilabeteetan, eta denboraldirako aurreikusita zituzten asmoak bete nahian ibiliko dira hurrengo lasterketetan. «Ikasten jarraitzea eta disfrutatzea eskatzen diot denboraldiari. Bestalde, denboraldia amaitu aurretik elur pixka bat gehiago egingo balu, asko eskertuko genuke [barrezka]», aurreratu du Martinez de Aragonek. Ugarte aramaioarrak ere mendi eskiko denboraldia zukutu nahi du mendi lasterketetan hasi aurretik. «Lehenago esan bezala, kalitatean jauzi bat egitea gustatuko litzaidake hurrengo urtera begira, eta Alzelaik esandako ahulguneak indartu nahiko nituzke. Emaitzei dagokionez, espero dut Espainiako txapelketetan jardun polit bat osatzea».Denboraldiaren erdian, mendiko lasterketak ere uztartu beharko ditu Ugartek; izan ere, martxoaren 12an Ladrillarren jokatu den Mendi Lasterketetako Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketa jokatuko du (Extremadura, Espainia).

Urbizuk ere mendiko eskiko denboraldia luzatzeko asmoa duela aurreratu du. «Denboraldiko probarik garrantzitsuenak eta politenak geratzen zaizkit lehiatzeko». Lehenik, Sierra Nevadan lehiatuko da Espainiako txapelketetan. Ondoren, senior mailako lehen Pierra Mentan (Areches Beaufort, Alpeak, Frantzia) lehiatuko da. «Aurretik bi aldiz egina daukat junior mailan, eta ilusio ikaragarria daukat, mendi eskiko Frantziako Tourra korritzearen parekoa baita». Gero, selekzioan kide duen Gartzen Elejabarrietarekin Altitoy Ternua (Luz Ardiden, Okzitania) korrituko du, eta proba horri begira ere oso gogotsu dago. «Oso txirrindulari ona da, maila handikoa, eta erronka handia izango da harekin korritzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.