Hiru puntu baino gehiago

Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute gaur, San Mamesen. Irabazleak bultzada ederra jasoko du

Hiru puntu baino gehiago.
Haritz Gallastegi-Jon Eskudero
2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euskal taldeak denboraldi historikoa ari dira jokatzen; bost talde gorengo mailan ikustea kontuan hartzekoa baita. Horren ondorio nagusietako bat da guztira hogei derbi jokatuko direla. Horietako bi, jardunaldi honetan. Baina San Mamesekoa izango da guztietan tradizio handiena duena: Athletic eta Reala aurrez aurre berriz ere. Denboraldion, gainera, aurrean ibiltzeko xedea dute bi taldeek.

Talde zuri-gorriak txarto ohitu ditu zaleak azken sasoietan: ohikoak dira Europako lehiaketetan. Talde lana eta lehiakortasuna dira haren arma nagusiak. Jokalari guztiek laguntzen dute elkar, eta, nahiz eta talentuz beste talde batzuk baino gutxiago izan, erakutsi dute onena estu hartzeko kapaz direla gauzak ondo eginez gero. Baina arantzak ere badaude bidean. Realaren kontrako partidak, besteak beste. Talde txuri-urdinari neurria hartu ezinik dabil aspalditxoan. Marcelo Bielsak taldearen ardura zuenetik ez dio irabazi. Lau urte pasatu dira jada: denbora asko da. Bada, estatistika txar hori amaitzea gura dute. Ez da nahikoa sasoi bukaeran aurretik amaitzea. Elkarren arteko lehiak ere irabazi egin gura dituzte.

Bolada txarra amaitzeko, Kepa Arrizabalaga, Eneko Boveda, Mikel Balentziaga eta Beñat Etxebarria faltako ditu talde zuri-gorriak. Iraizoz, Yeray, Lekue eta Iturraspe izango dira, ziurrenik, haien ordezkoak.

Bideari eutsi nahian

Reala, bestalde, onbidean sartu dela ematen du. Eibarren jasandako porrota salbu, itxura dotorea eman du azken jardunaldietan, eta bide horri segida eman nahi dio. Eusebio Sacristanek badituzalantza batzuk defentsan; besteak beste, Joseba Zaldua min hartuta dagoelako, baina, zelai erdian baloia izan eta Athletici gaina hartzeko, Asier Illarramendiren eta David Zurutuzaren alde egingo du. Xabi Prietok ere aukera handia izango du hasieratik aritzeko. Hiru horiez gain, Mikel Oiartzabalek ere lan duina egin dezake arlo horretan. Hain zuzen, horixe izango da Eusebiok egingo duen proposamena: zelai erdian nagusitu eta aurkaria deseroso sentiaraztea. Irabaziz gero, Realak aurrea hartuko lioke Athletici, eta, sailkapenean gora egiteaz gain, zoriona eramango luke zaleengana, sasoi hasiera nahiko gorabeheratsu baten ostean.

Ohi bezala, ikusgarritasun eta ilusio faltarik ez du izango derbiak, baina azken urteetan baino zale gutxiago izango dute txuri-urdinek San Mamesen. Realeko peñak haserre agertu dira Bilboko klubarekin, sarreren prezioak adostu ez eta salneurri garestiak jarri dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.