«Biak ikusten ditugu begi onez, Murias eta Fundazioa»

Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Selekzioa ere izan zitekeen txirrindularitza talde bat. Jon Odriozola Muriaseko zuzendariak jendaurrean eskatu du Jaurlaritzaren babesa. Zeri buruz ari da?

Lehendabizi, aitortu behar da denboraldi oso ona egin duela. Euskaltel-Euskadi desagertu zenetik, basamortu moduko bat pasatu dugu. Oraingoz, horri buelta ematen ari da, ekimen pribatuaren ondorioz, eta badirudi futbolean aipatu dugun epeltasun hori txirrindularitzan berotzen ari dela. Iaz, gobernuak batzartu egin zituen Murias eta Euskadi Fundazioa, eta saiakera egin zuenproiektu amankomun bat izan zezaten, ikusten genuelako bien ideia antzekoa zela. Egia da, halaber, krisia dela-eta 2012an erabaki genuela kirol profesionalean dirurik ez genuela jarriko, eta, oraingoz, irizpide horri eutsi diogu.

Dirua jarri ez, baina errealitateak erakusten du erakundeek erraztu dezaketela babeslea lortzea.

Horrela izan daiteke, jakinda kirolean, krisiaren ondorioz, arazo larria dugula. Futbola alde batera utzita, beste kiroletan zailtasun handiak ditugu babesle pribatuak lortzeko. Guk Basque Team dugu goi mailako fundazio moduan, eta krisiaren aurretik bost babesle zituen, eta orain, bakarra.

Jaurlaritzak baten alde egin beharko luke? Espresuki adierazitako babes batek agian erraztuko luke babesle bat bilatzea.

Guk bi proiektuak ikusten ditugu begi onez. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Ikusten dugu biek dituztela arazoak babesle publiko eta pribatuak aurkitzeko. Ikusi behar da egoera honek zein panorama uzten duen eta nola jokatzen duten biek.

Txirrindularitzan, Jaurlaritzaren lehentasuna probak erakartzea izan da. Tourra da asmorik handiena. Badago zerbait erreala?

Nire ustez, Vueltaren etapa antolatu zen zaleak zer moduz erreakzionatzen zuen ikusteko, eta hurrengoa Tourrarekin hitz egitea izango da. Bilboko alkateak ere aipatu du. Ez da erraza izango, baina harremana nahiko estua da Tourrarekin, eta hori landu egin behar da. Oraingoz, ez dago datarik.

Galdetu al duzue zenbateko kostua izango zukeen?

Oker ez baldin banago, Tourreko etapa bat ekartzea milioi bat eta milioi eta erdi euro artean dago, eta Tourraren irteera hartzea ez dakit lauzpabost milioi ez diren.

Probekin jarraituz, 2019an egongo al da Emakumeen Bira?

Gobernutik, Birako antolatzailearekin batzartu ginen, eta mahai gainean jarri ziguten errelebo baten beharra zutela. Beste proba batzuen antolatzaileekin hitz egin genuen, eta bilera batzuk hitzartu. Guk dugun informazioaren arabera, errelebo bat egongo da Biraren antolakuntzan.

Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileek hartuko dute Bira?

Egia esan, oraindik ez dakigu. Agian, Bizkaian dagoen antolaketa batek hartuko du. Bira World Tourrean mantentzen ahalegindu behar dugu.

Ez da hainbeste Jaurlaritzak asko egin zuela Itzulia salbatzeko.

Uste dut Itzuliaren garairik okerrenak pasatu direla. Etorkizuna nahiko baikorra da orain.

Eskatuko al diezue Ipar Euskal Herrira pasatzeko?

Haiek badakite gure nahia dela ahalik eta gehien zabaltzea, eta zazpi lurraldeetan egotea. Hor, egia da teknikoki arazo txiki batzuk egoten direla polizien artean, jendarmeak... Nafarroako pausoa finkatu zen, eta hurrengoak Ipar Euskal Herria izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.