Ximun Fuchs. Antzerkigilea eta obraren zuzendaria

«Mamuak hor dira beti; gaiak atera ezean, berriz gertatzea posible da»

GUILLAUME FAUVEAU.
itziar ugarte irizar
Luhuso
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ondarroan (Bizkaia) eman zuten Francoren bilobari gutuna-ren azken emanaldia, duela bi urte. Eta gau hartan bertan, antzezlan berrirako gaia proposatu zuen Ximun Fuchsek (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1974): drogek Euskal Herrian irekitako zauria. Bi urte pasa igaro dituzte ideia mamitzen, guztia idazten, eta azken bi hilabete pasatxo darama Fuchsek aktore taldea oholtza gainean zuzentzen, Ainara Gurrutxaga duela zuzendari-laguntzaile. Lan guztia jendaurrean estreinatzeko astebeteren faltan, sentimendu zurrunbilo batean dabilela dio.

Francoren bilobari gutuna aurreko obran memoria historikoaz aritu zineten. Oraingoan ere bai, baina hurbilagora jo duzue. Bietan, orainetik begiratuta.

Beti kontatzen dugularik zerbait, gaurko garaia kontatzen dugu. Nahiz eta Francoren bilobari gutuna obran frankismoaz aritu, galdera zen nola eramaten ditugun garai hartako traumatismoak gaur gurekin. Oraingoan, drogarekin istripu bat gertatzen da, eta horrek hainbat mamu pizten ditu, 1980ko hamarkadaraino doazenak. Hori da Euskal Herrian bizi izan den azken sarraskia. Historia hurbila da, eta euskal gatazkaren kontakizunean ez da aipatzen. Familien kontu uzten da. Alta, badira herri batzuk non ia belaunaldi osoak desagertu diren. Aterabiderik gabeko karrika batean joan balira bezala, eta kito. Orduan, guk berriz ateratzen dugu gaia. Gure lanaren parte da; gure historia jasotzea eta komunitatean plazaratzea.

Gaur ere askoren egunerokoan dago droga. Gertatu zena berreskuratzearekin batera, egungoari ere heldu nahi izan diozue?

Euskal Herrian oso erraza da edozein droga atzematea. Entzuten da heroina berriz sartu dela hainbat lekutan, adibidez. Mamuak hor dira beti, eta gaiak atera ezean, berriz gertatzea posible da. Hau ez da zerutik erori den zerbait: sartua izan da, nahitara.

Zuen obrak bereizten dituen ezaugarrietako bat da talde guztia gaiaz ahal beste elikatzeko konpromisoa: liburuak, filmak... Bakoitzak hortik berea destilatu eta hortik sortzen hastea.

Bai, eta oso garrantzitsua da hori. Oraingoan, aipatzekoak dira Justo Arriolaren A los piel del caballo liburua, [Ekaitz Goienetxearen] Zaldi mamarroa, [Uxue Alberdiren] Jenisjoplin, prentsa artikulu ugari... Baina gu ez gara kazetariak, soziologoak. Antzerkilariak gara, eta material horretatik ahal den haragi gehien ateratzea da gure lana, hurbiltzea; pertsonak baitira hori bizi izan dutenak.

Beti Artedrama, Axut! eta Dejabu, baina, obratik obrara, aktore talde ezberdin bat biltzen duzue.

Transmisioari lotuta dago hori. Hiru talde gara, hiru lurraldetan, eta elkarrekin pentsatu behar dugu zer den ezinbestekoa orain plazara ateratzea. Aldi berean, hori beste aktore eta sortzaile batzuekin konpartitu nahi dugu, zeren ondotik horiek eragingo dute euren inguruetan, eta sortuko dute konkurrentzia bat, aniztasun konpartitu bat. Obra bakoitzerako aktoreak bilatzerakoan, hiru konpainiak daude beti oinarrian, eta gero intuizioekin jokatzen dugu, beti irekita.

Obra honen xedeetako bat gazteengana heltzea dela diozue.

Guretzat, inportantea da euskal gazteriak ukan dezan bere lekua antzokietan. Beraz, behar da pentsatu forma bat, gai bat haiekin lotzeko. Jendea oro har gaztetan da hasten drogarekin erlazionatzen. Baina ideia ez da erratea drogatzea ongi dagoen edo gaizki. Ez da hori gure problema. Droga beti behar izan dugu; nonbaiten izarrak besarkatu ahal izateko, beste norbait izateko, norbere burua berriz ezagutzeko. Problema da hori nola kudeatzen dugun; zeri lotua den, zer oihartzun duen gure historian, eta nola hitz egiten dugun honetaz. Biziki inportantea da komunitate bezala honetaz pentsatzea, eta antzerkiak, arteak, hor egin dezakeena zerbait urratzea da, zauriak berriz josi ahal izateko, usteltzen utzi gabe.

Estetika ilun bat ikusi dugu oholtzan. Metalezko xaflak, ispiluak, gaua, aktore guztiak etengabe daude oholtzan. Nola planteatu duzue alde artistikoa?

Zerbait oso sinplea aurkitzen saiatu gara. Korua beti taula gainean agertzea izan da oinarrietako bat; euskal antzerkian zein greziar antzerkian beti badira koruak, herria errepresentatzen duten talde multzoak. Behar genuen hori, eta behar genuen molde bat atzemateko zertaz ari garen: aipatzen dugun gaia ez da tabu bat, baina izkinean uzten den gai bat da. Beraz, saiatu gara hainbat izkina sortzen bi xaflarekin. Eta berdin ispiluekin, agerian uzteko normalean erakusten ez dena, hots, bizkarra. Sekretuetan, familietan, kale izkinan gordetzen dena, hori dugu plazaratzen.

Emanaldi zerrenda luzea iragarri duzue; tartean, lau egun segidan Angelun, bost Donostian... Aurreko lanen arrakastak ireki dizue bide bat?

Hiru talderen lana, sarea eta ekoizpena batzeak ahalbidetu du, hori batetik. Baina uste dut badela konfiantza marka bat ere, lan luze baten ondorioz lortua. Eta seinale on bat ere bada, ez bortxaz gure lanarekiko, baizik errateko Euskal Herrian posible dela euskal antzerkitik bizitzea. Beti erraten digute Hegoaldean egin behar dela bi bertsiotan, euskaraz eta gazteleraz, eta Iparraldean euskal antzerkia edo frantses antzerkia egin behar dela. Hau bada dei bat esateko: «Hemen bada jendea, bada sarea, bada egite jakitatea; orain ea egiten dugun zerbait serioa, gure herriak merezi duen kultura bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.