Argi dituzte haien ideiak

Eibarrek eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur eguerdian Ipuruan. Jagoba Arrasatek eta Jose Luis Mendilibarrek beraiek planteatu gisara jokatzen diren bi talde osatu dituzte.

Jagoba Arrasate eta Jose Luis Mendilibar, elkar besarkatuta, aurreko sasoian. EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Futbola ez da matematika. Ezer ez da ziurra. Munduko jokalari eta talderik onenak izateak ez du garaipena ziurtatzen. Askotan, talde ona ez izan arren, ideia batzuekiko konbentzimenduak joko distiratsuak baino puntu gehiago lortzen ditu. Jose Luis Mendilibarrek eta Jagoba Arrasatek argi dituzte euren ideiak. Eibar eta Osasuna aurrez aurre ariko dira gaur eguerdian Ipuruan (12:00); bi taldeek dakite nola jokatu behar duten futbolean. Bakoitzak bere modua du, baina biek ala biek teknikariak emandako jarraibideak bikain irudikatzen dituzte berdegunean. Gaur, baina, bata besteari asmoak iluntzen saiatu dira, norberaren argitasunaren mesedetan.

Mendilibar eta Arrasate oso maitatuak dira euren taldeetan. Batak zein besteak zaleen miresmena lortu du, eta hori, gaur egun, ez da gauza erraza. Aurretik ibilbidea egina bazuten ere, aurretik zuten sona handitzea lortu dute Eibarren eta Osasunan. Noraezean zeuden bi talde hartu, eta lehiakor bihurtzea lortu dute. Gaur-gaurkoz, ezin da Eibarrez hitz egin Mendilibar aipatu gabe; eta beste horrenbeste esan daiteke Osasunaz eta Arrasatez. Biek utzi dute euren zigilua taldean.

Futbolean jokatzeko era berbera ez badute ere, hainbat alorretan bat egin dute. Erritmo biziko partidak gustatzen zaizkie Zaldibarko prestatzaileari zein Berriatukoari: intentsitatea bidelagun dute. Aurkariei denbora gutxi uzten diete pentsatzeko, presio handia eginez lehen metroetatik. Ez dute gustuko zelai erdia oparitu eta atzean itxarotea. Berdeguneko zentimetro guztiak garesti saltzen dituzte.

Baloia beraien atetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta hobeto. Espainiako Lehen Mailan arerioaren zelaian denbora gehien pasatzen duten bi taldeak dira Eibar eta Osasuna; partidaren zati handi bat aurkariaren areatik hurbil jokatzea gustatzen zaie. Baita lortu ere. Ez dute arriskatzeko beldurrik ez batak, ez besteak. Defentsa lerroa ia zelai erdian ezartzen dute, eta leku handia uzten dute bizkarrean.

Behetik ez ezik, goitik ere adi ibiltzen dira bi taldeetako jokalariak. Gipuzkoako taldeak gol asko sartu ohi ditu buruz, aurrelari oso garairik ez izan arren. Osasunak, berriz, baloia buruz hobekien jotzen duten jokalarietako bat dauka: Aridane. Atzelari espainiarrak ondo baino hobeto menperatzen ditu goitik doazen baloiak. Ipuruatik hiru puntuekin atera nahi badu, fin ibili beharko du gaurko partidan.

Bolada onean dira bi taldeak, eta biek irabazi zuten ligako azken partida. Gipuzkoako taldeak denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu zituen Valladoliden (Espainia), 1-2; gorritxoek, berriz, Celta hartu zuten mendean, Sadarren: 2-0. Osasunak badaki zer den Ipuruan irabaztea. Lehen Mailan elkarren aurka jokatu dituzten bi partidak irabazi dizkio Mendilibarrek zuzendutako taldeari. Mailari eusteko ezinbestekoa du Eibarrek etxeko partidak irabaztea. Orain arte Ipuruan jokatutako hiru partidetatik puntu bakarra lortu du.

Hutsuneak dituzte biek

Azken egunetan hutsune garrantzitsuak izan dituzte bi taldeek, batez ere zelai erdian. Bederatzi jokalari gorritxo lesionatuta daude; min hartzen azkena Lucas Torro izan da. Ante Budimirrek, Osasunaren azken fitxaketak, ezin izango du estreinakoa egin, bakartuta baitago, koronabirusean positibo eman ondoren. Halere, denak ez dira berri txarrak gorritxoentzat, Aridane osatu baita, eta jokatzeko moduan baitago.

Eibarrek euskarrian aritzeko dituen lau jokalarietatik bakarra du eskura Mendilibarrek. Diopek txartel gorria ikusi zuen azken partidan. Reciok eta Edu Expositok, berriz, min hartu dute azken egunotan. Sergio Alvarez da sasoiko dagoen euskarri bakarra. Itxura denez, harrobiko Atienza izango da Alvarezen bikotea eibartarren zelai erdian.

EIBAR-OSASUNA
Eibar. Dmitrovic; Correa, Oliveira, Bigas, Kevin Rodrigues; Pedro Leon, Atienza, Sergio Alvarez, Inui; Kike Garcia eta Muto.
Osasuna. Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Ruben Garcia, Moncayola, Oier, Iñigo Perez; Adrian eta Gallego.
Epailea. Medie Jimenez.
Lekua. Ipurua.
Ordua. 12:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.