Markel Bergara. Jokalari ohia

«Realean hogei urte ematen dituzunean, hezi ere egiten zara»

Markel Bergara Realeko jokalari izandakoak bere futbol ibilbideari amaiera eman berri dio. Elgoibarkoak hogei urtetik gora egin ditu kirol horretan: «Maitatua sentitu naiz. Bukaerara iristean, horri ematen diot garrantzi handien», adierazi du.
REALA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2020ko martxoak 3

Dagoeneko futbolari ohia da Markel Bergara (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). Erdilariak orain aste batzuk utzi dio jokalari izateari, baina gertutik bizi du orain artean bere taldea izan duen Getaferen egunerokoa. Espainiarrek Ajaxen aurka jokatutako partidaren biharamunean hitz egin du BERRIArekin, Amsterdametik (Herbehereak) ekarri duen hegazkinak lur hartu eta gutxira. Bere ibilbideaz eta Realaz mintzatu da gehienbat.

Futbola utzi duzu. Horretara egin zara dagoeneko?

Bai, mentalizatuta nago bide berrian. Erabakia hartu behar izan nuenean gogorra egin zitzaidan, baina ordutik hiru hilabete igaro dira jada.

Nahi baino lehen iritsi zaizu akabera?

Bai. Orain bi urte esan bazenit orain utziko nuela, 33 urterekin Gabonetan eta sasoia amaitu gabe, ez zen nik nahiko nukeena izango. Jokatzen amaitu nahi nuen, eta ongi sentituz. Azkenaldian zelaian baino denbora gehiago igaro dut kirofanoan, eta pena da. Baina, objektibo izanik, uste dut 33 urterekin Lehen Mailan amaitzea ez dela bukaera txarra.

Azken urteetan lesioek erasan egin dizute. Ezin zenuen gehiago?

Belaunarekin bi urte nabil: hasieran meniskoa hautsi nuen , gero arazoak izan nituen, eta bigarren aldiz ebakuntza egitean medikuek esan zidaten zailtasun handiak izango nituela jarraitzeko. Ez nuen ikusi nahi: buelta eman nahi nion. Saiatu nintzen, baina ikusi nuen belaunak ez zidala uzten. Medikuak onena uztea zela esan zidan, akordio bat lortu nuen Getaferekin, eta utzi nuen.

Etxekoekin ere hitz egingo zenuen, ezta?

Hiru saialdi egin nituen, eta, azkenengoan, zelaira irten nintzen korrika egitera. Lehen itzulian ohartu nintzen mina nuela belaunean, eta geratu egin nintzen. Ordezkariari deitu nion urratsak egin zitzan, eta familiakoei esan nien. Hura izan zen unerik zailena.

Orain gutxi omenaldia egin zizun Realak. Nola bizitu zenuen?

Esker onekoa izan zen. Asko gozatu nuen, niretzat gehiegizkoa izan zela ere pentsatu nuen. Nirekin aritu ziren jokalariak ere etorri ziren, eta denen artean egun bikaina egin genuen. Realak ere irabazi egin zuen, gustura zeuden denak. Betirako gordeko dudan eguna izango da.

Zaleek beren estimua adierazi zizuten.

Bai. Badakit bere garaian sektore bat ez zegoela futbol ikuspegitik nirekin oso bat, baina beti sentitu izan naiz maitatua pertsona gisa. Bukaera honetan, horri ematen diot garrantzi gehien; oso baloratua sentitzen naiz.

Oso gazterik hasi zinen Realean. Zubietan hazi eta hezi egin zinela uste duzu?

Erabat. 11 urte nituenetik egon naiz Realean, eta familia baten modukoa izan da. Klubean hogei urte ematen dituzunean, hezi ere egiten zara. Uste dut oso ondo hezi nautela: baio asko erakutsi dizkidate.

Nola iritsi zinen Realera?

Ni Elgoibarren hasi nintzen jokatzen, Benjamin mailan. Lagunartekoak jokatzen genituen, eta lauzpabost laguni deitu ziguten Realera probak egitera joateko. Canal Plus katearen txapelketa jokatu genuen, eta, hortik aurrera, guztia oso naturala izan da. Uste dut gurasoek oso ondo hezi nautela, eta ez zidaten profesionaletara iristea helburutzat jarri. Gozatzea zen kontua, eta ikasketek zuten garrantzia. Eboluzio natural bat izan zen; zortea izan nuen, gaztetan gauzak oso ondo irten zitzaizkidalako, eta kolpera Sansen [Reala B] aurkitu nintzen. Hortik aurrera, ikusten duzu gertu zaudela, eta hor hasten zara helburu horretan pentsatzen.

Elgoibartarra izanda, adin horiekin Zubietan aritzea... Gurasoen egitekoa funtsezkoa da, ezta?

Bai. Gurasoen laguntza derrigorrezkoa da. Txikitan Realean jokatzea oso polita da, baina esfortzu handia du atzetik. Nik gozatzen nuelako egiten nuen, baina atzetik pertsona batzuk egon behar dira bultza egiten, ikasketak ondo joateko laguntzen, egunerokotasunean eraman eta ekarri egiten... Nire ibilbidearen zati handi bat gurasoei zor diet.

Zer du Zubietak horrenbeste jokalari on lantzeko?

Oso identifikatua sentitzen naiz egiten duten lanarekin. Txikitatik erakusten dute kluba dela lehenengoa, taldekidetasuna. Garrantzitsuena irabaztea dela, ez gola nork egin duen. Orain erraza da esatea, baina txikia zarenean hori erakusten badizute, hezten ari dira. Gero, ordutegi kontuak, janzteko eraren kontuak... oso konkretuak dira, eta uste dut nortasunean eragina duela. Zure ikasketen jarraipena ere egiten dute. Lan handia egiten dute, eta gero, futbol arloko oso profesional onak daude.

Noiz jabetu zinen lehen taldean aritu zintezkeenaz?

Sansen [Reala B] nengoenean. Oso gazterik heldu nintzen, artean gazte mailakoa nintzela, eta ohartu nintzen gauzak ondoegi joan zitzaizkidala ordura arte. Hor nengoen, eta benetako aukerak nituen: norbait falta zenean, ni joaten nintzen lehen taldearekin entrenatzera. Ikusten duzu haiekin kontaktua duzula, eta pentsatzen duzu futboletik bizitzeko aukera duzula.

Lehen taldean lekua egin aurretik Vecindarion (Kanariar Uharteak) eta Eibarren egon zinen utzita. Irakaspena izan zen?

Bai. Atzera bueltatu beharko banu, berdina egingo nuke. Oso ondo etorri zitzaidan. Sansera [Reala B] arte dena bikain joan zitzaidan. Eibarren errealitate kolpea jaso nuen: profesional maila zen, eta ikusten duzu lesioak dituzula, Vecindariora joan eta han ere bai, mailaz jaitsi ginen... Halakoetan, ikusten duzu futbola ez dela beti ematen duen bezain polita. Heldu egin nintzen.

Nola oroitzen duzu Realarekin egin zenuen debuta?

Ez ditut oroitzapen oso onak urte hortaz. Reala jaitsita zegoen, ni itzuli nintzen, eta klubak apustu argia egin zuen etxeko jokalarien alde. Haietako bat nintzen ni. Urte zailak ziren: zaleak erreta zeuden, gure inguruan giroa ilun zegoela, eta sozialki giro nahasia zegoen. [Espainiako] Kopako partida batean egin nuen debuta. Egun berezia izan zen, baina ez da izan markatu didan egun bat.

Imanol Agirretxek esan zuen garai haietan futbolari gisa sufritu egiten zuela, baina baita realzale gisa ere. Zuk ere bai?

Bai. Beti pentsatu izan dut Realean izateko era oso berezia dela, etxekoen artean bereziki, kidetasun sentimendua duzulako. Bestalde, uste dut gauzak gaizki doazenean gure motxilak pisu handiagoa hartzen duela, eta urte horietan, egoera zegoen bezala egonda, motxila hori etxera eramaten genuen. Momentu gogorrak izan ziren.

Gerora etorri ziren horren fruituak, zuen aldeko apustutik lortu baitzen igoera hura. Nola oroitzen duzu?

Izugarri oroitzapen onak ditut. Jendea pixkanaka gozatzen hasi zen urte bat izan zen, partida asko irabazi genituen, eta igo egin ginen. Zaleen eta gure arteko batasuna indartu zen. Igoera gakoa izan zen gaur egun Reala dagoen egoeran egoteko: jendea pozik, sekulako masa soziala du, diruz ondo dago... Lehen nola zegoen ikusi, eta orain horrela egoteak, eta bide horretan parte hartzeak sekulako ilusioa egiten dit.

Gerora etorri denaren ernamuina izan zen?

Guk esatea ez dago oso ondo [barrez], baina uste dut kasu honetan bai Lorenek [Lorenzo Juarros, kirol zuzendari ohia] eta bai Jokinek [Aperribai, presidentea] oso erabaki argia hartu zutela: gaztetatik gentozen multzo hori mantendu, eta kluba hortik bideratu. Apustu garbia izan zen, eta gaur egun hor daude horren emaitzak. Realak ideologikoki hartu duen erabaki onena izan zen.

Reala bere sorburura itzuli zen?

Bai. Kasu horretan, bere sorburuetara itzuli zen, eta emaitza onak lortuz gainera. Gogoan dut Gerora Sportingek gauza bera egin zuela, eta igo egin zela. Klub askok errepikatu zuten hori: momentu zailetan, bertakoek ateratzen dute aurrera, kanpokoen laguntza onarekin.

Urte oso onak etorri ziren gero. Laugarren sailkatu zineten 2012-2013ko sasoian, Phillipe Montanierren aginduetara.

Oso dinamika ona izan zen. Igo egin ginen, mantendu, eta bolada positiboan sartu ginen. Lortu genuen kluba lehen mailan kokatzea, eta goiko postuetara igotzea. Oso jokalari onak genituen: Antoine [Griezmann], Carlitos [Vela]... Egia esan, urte oso onak izan ziren.

Zein izan zen urte hartako sekretua?

Faktore asko egon ziren. Familia bat ginen eta entrenatzaile oso ona genuen. Gure maitasuna lortu zuen hark [Montanierrek].

Txapeldunen Ligan aritu zineten gero. Nola bizi zenuten?

Kluba horren behean ikusi genuen, eta gero justu aurkakoa. Guretzat zen esatea: «Begira nora iritsi garen».

Jokatzeak ere ederra izan behar du, ezta?

Bai, oso polita da. Partida historikoak egokitu zitzaizkigun, Manchesterren aurka eta. Emaitza aldetik ez ginen oso ondo ibili, baina jakin behar da maila handiko taldeak egoten direla. Gozatu genuen; bai guk eta baita zaleek ere.

Zaleak eta taldea bide berean egotea asegarri zaizu?

Hori da politena. Orain ikusten dituzu zaleak eta jokalariak, eta norabide berean doaz. Talde bat bezala dira, eta hori oso pozgarria da. Bigarren Mailara jaitsi aurreko urteetan taldea ez zebilen oso ondo, eta dibortzio puntu bat zegoen. Orain alderantziz gertatzen da, eta hori oso positiboa da jokalari batentzat.

Txapeldunen Ligako urtean zazpigarren izan zineten ligan. Baina gero ez zineten Europa ligako multzoen fasera heldu. Lasta izan zen?

Bai. Urte ona izan zen. Txapeldunen ligan aritzeaz gain [Espainiako] Kopako finalerdietara iritsi ginen, eta ligan zazpigarren izan ginen. Positiboa izan zen, baina egia da Krasnodarrekoa. Etxean emaitza hona lortuta joan ginen hara [Errusiara] eta kaleratu egin gintuzten. Oroitzapen txarrena dudan partida da.

Espainiako Kopan finalerdietan kanporatu zituzten. Finalera iritsi ez izanaren pena duzu?

Gure helburua ez zen finala jokatzea; gu halako unean sartu ginenez, gure nahia kluba lehen mailan urte luzez mantentzea zela.

Nola ikusten duzu Realak bihar Mirandesen aurka jokatu behar duen Kopako finalerdia?

Nik dagoeneko hartu dut hotela Sevillan [Espainia]. Horrekin guztia esaten dizut. Halere, ez da erraza izango. Niri asko gustatu zitzaidan Mirandes, oso ondo jokatu zuen Anoetan.

Lagunak Kopa altxatzen ikusi nahiko zenituzke, ez?

Noski! Nik oso argi dut Athleticen eta Granadaren artean: Athleticek irabaztea nahi dut. Oso polita litzateke, eta euskal derbi bat nahi dut, eta gero Realak irabaztea.

Ligan ere ondo ari da Reala, aukera guztiak zabalik ditu.

Reala katigatzen duen talde horietako bat da. Transmititzen duenagatik, jokatzeko eragatik... Emaitzak ere hor daude. Reala badenez talde bat realzale izan gabe ere katigatzen duena, bada realzale guztiok gozatzen ari gara.

Getafen egin dituzu zure ibilbideko azken urteak. Gustura?

Bai. Egia esatera, ez zen nire lehendabiziko aukera, baina azkenean hona etortzea erabaki genuen, eta, pertsonalki, futbolean hartu dudan erabakirik onena izan da. Emaztea gustura egon da, haurrak ere bai, eta Madrilen oso ondo bizi izan gara. Klubean ere oso maitatua sentitu naiz. Izan ditudan lesio guztien ostean hori esatea arraroa da, baina lesio horiek denak gustura ez nengoen leku batean izan banitu...

Orain, futbolarekin lotutako ikasketak egiten ari zara. Zer asmo duzu?

Gertatzen dena da 25 urte egin ditudala futbol munduan, eta hortik kanpora oraindik oso birjina naizela. Formakuntza horretan nago: entrenatzaile eta kirol zuzendari izateko ikastaroak ari naiz egiten, eta hizkuntzekin ere banabil, ingelesarekin eta. Futbola asko gustatzen zait, baina ez dakit biharko egunez zein alorretan aritu nahiko dudan.

Etorkizunean etxera itzultzeko asmorik?

Bai. Ez dakigu gero bizitzak nora eramango gaituen, baina hasiera batean ekain-uztail inguruan Donostiara itzultzeko asmoa dugu. hor dugu etxea, eta emazteak ere hor du lana, familiak eta lagunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Teresa Errandonea, maskara jantzita entrenatzen, Donostiako belodromoan. ©JON URBE / FOKU

Entrenatu ere, maskararekin

Ainara Arratibel Gascon

Atletek maskara jantzita izan behar dute entrenatzeko. Ivan Fernandezek eta Teresa Errandoneak diote errespetatzen duten arren zaildu egiten diela beraien prestaketa.

Alaveseko jokalariak, Lucas Perezek sartutako gola ospatzen, partidako lehena. ©EFE

Bolada ona indartzeko garaipen handia

Julen Etxeberria

Alavesek nagusitasunez irabazi du Real Madrilen zelaian. Lucas Perezek eta Joseluk sartu dituzte gasteiztarren golak.

 ©LEOBIANCA PHOTOGRAPHY

«Akatsik ezin da egin Real Madrili irabazi nahi bazaio»

Iñigo Lasa

Alaves eta Real Madrilen arteko partida «polita» eta «lehiatua» izatea espero du Ivan Campok. Bi taldeetan jokatutakoa da, bere ibilbideko bi fase ezberdinetan.
Elordi eta Arteaga pilota aukeraketaren egunean. ©JON URBE / FOKU

Hazten segitu ahal izateko txapela

Ainara Arratibel Gasconb

Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko dute gaur Arteagak eta Elordik. Bi pilotariak «gogotsu» daude gaurko norgehiagokarako

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Ander De la Hoz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna