Habia kutxak harrapakarientzat

Nafarroako Gobernuak hainbat kutxa paratu ditu 'Cydalima perspectalis' sitsaren harrapakariak —saguzarrak eta hegaztiak— bertan bizi daitezen. Ezpelari erasaten dio sits horrek, eta zabaltzen ari da, batez ere Nafarroan.

Berdea. Tximeleta bihurtu aitzinetik, beldarrak direnean kolore berdekoak izaten dira sitsak. YERAY MONASTERIO / ZEKYNTHIA ELKARTEA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Eetenik gabe zabaltzen ari da oraindik Cydalima perspctalis sitsaren izurritea. Duela lau urte inguru piztu zen alarma lehenengoz, eta azken urteetan egoerak ez du hobera egin. Espezie inbaditzailea da Cydalima perspctalis, eta landare mota bakar batez elikatzen da: ezpelaz. Ezpela zuhaixka bat da (Buxus sempervirens), eta, hiriguneetan apaingarri gisa erabiltzen bada ere, mendian ekosistemaren parte oso garrantzitsua da. Ezpela desagertzeak, beraz, kalte nabarmena eragiten dio ekosistemari.

Asian du jatorria Cydalima perspctalis edo ezpel sitsak, eta Europara 2007an iritsi zen lehenengoz. Euskal Herrian, berriz, 2015. urtean sumatu ziren lehen erasoak, Gipuzkoan, Irun aldean; ordurako, baina, Ipar Euskal Herrian jada ezagun ziren sitsaren kalteak. Geroztik zabalduz joan da, eta kalte nabarmenak eragin ditu, batez ere Nafarroa iparraldeko ezpeldietan. Orain, Nafarroa iparraldetik Pirinioaurrera ere zabaldu da izurria.

Orain arte ezpelaren kontra egindako saiakerak alferrikakoak izan dira, ez baita lortu zabalkundea gelditzerik. Orain arte egindako ahalegin hutsak ikusita, Nafarroako Gobernuak proiektu bat paratu du martxan: izurria zabaltzen hasi den eremuetan hegazti intsektujaleak eta saguzarrak bizitzeko habia kutxak ezarri ditu. Kutxa horiek animalia horien bizileku izatea da asmoa, animalia horiek baitira sitsaren harrapakari naturalak. Hala, animalia horiek kutxak beren bizileku bihurtuz gero, naturalki eten edo gutxituko litzateke izurria.

Pirinioaurrean paratu dituzte orain kutxa berri horiek, izurria iristen hasi den lekuetan, Eguesibarren gehienak. Edozein oinezkok ikusteko moduan daude, basoan zuhaitzetatik zintzilik, sitsak erasandako ezpeldien ondoan eta pinu-beldarrak erasandako pinuen gainean. Hegaztientzako edo saguzarrentzako, tamaina ezberdinetako kutxak paratu dituzte.

Hegaztientzako kaxek 32 milimetroko eta 27 milimetroko sarrera zuloak dituzte. Lehenak hegazti handiagoentzat dira:kaskabeltz handia, gerri txori arrunta edo garrapoa, erraterako. Bigarrenak, aldiz, bertzeak bertze amilotx urdinarentzat, amilotx mottodunarentzat eta pinu kaskabeltzarentzat paratu dituzte.

Saguzarrentzat paratutako kutxei dagokienez, berriz, hiru motatako eta hainbat tamainatako kutxak paratu dituzte. Horiek guztiak koloniak hartzeko diseinatu dira, bai udan, eta baita hibernazio garaian ere. Saguzarrak Europako legediak babesten ditu, eta bereziki garrantzitsua da ugaztun horiek babestea, baso izurriteak eta nekazaritza izurriteak kontrolatzeko garrantzitsuak direlako.

Asmoa, orain, hegazti eta saguzarrak bertan bizitzea da, baina, Nafarroako Gobernuko Baso plangintzako eta Ingurumen Hezkuntzako arduradun Salome Hernandoren hitzetan, oraindik ere goiz da hori gertatu ote den ikusteko:«106 kutxa berri paratu ditugu, bertzelako izurri batzuen kontra funtzionatu izan dutelako, eta, orain, itxarotea eta prozesua hurbiletik aztertzea dagokigu». Horretarako, kutxa guztiak behar bezala katalogatzeaz gain, koordenatuak ere gordeak dituzte, azterketa etengabea egin ahal izateko. Basozainak ari dira lan horretan.

Orain arte hartutako neurriek huts egin ondotik hartu du Nafarroako Gobernuak kutxak ezartzeko erabakia. Izan ere, egiteko zaila da ezpel sitsa desagerraratzea. «Bertzelako proiektuak ere paratu ditugu martxan. Baina ez dugu esperotako emaitzarik jaso». Izan ere, ez da hain erreza sitsarenaren gisako izurrite bati kontra egitea. Ezin da tratamendu masiborik egin, horrek ekosistemari kalte egiten baitio, eta tokian tokiko neurri espezifikoak hartzea da egin daitekeen gauza bakarra.

Esperientzia baliagarria

Hala, Nafarroan abiatutako esperientzia baliagarria izan daiteke arazo bera duten bertze hainbat eskualdetarako ere. Hernandok nabarmendu duenez, etengabeko harremana dute bereziki Kataluniarekin, bertan ari baitira gogorren pairatzen izurriaren ondorioak. «Interes handia dugu sitsa iristen ari den lekuetan neurriak hartzeko eta ikusteko eta zer emaitza ematen duten. Halaere, ez dugu ezagutzen %100ean funtzionatzen duen prozedurarik. Tokian tokiko neurriak hartu behar dira». Bertze faktorebat ere argi utzi nahi izan du teknikariak: denbora. «Emaitzak ikusteko, denbora beharko da. Esperimentazio prozesu oro da luzea».

Egindako azken neurketen arabera, uste dute baldintza meteorologikoek ere eragina dutela sitsaren hedapenean, eta ondorio bat ere atera dute Nafarroako Gobernuko teknikariek: altuerak eten egiten du sitsaren zabalpena. «Egun ikusten ari gara lurraldean zabaltzen ari dela izurria, baina gune altuagoetara iristen denean hedapen hori gelditu egiten dela ikusi dugu».

Alta, habia kutxak paratzeaz gain, bertzelako tratamenduak egiten jarraitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera, saiakuntza esperimental bat paratu dute martxan, bost kokapenetan, Tricholine buxus produktua erabilita. Horren helburua da ezpeletako baba populazioak leuntzeko gaitasuna ebaluatzea, Cydalima-ren errunaldietako parasitoide autoktonoa sartuta, populazio horiek zaindu nahi diren ezpeldi estrategikoetan ezarri ahal izateko.

Ekosistemaren parte

Ezpelaren desagerpenak kalte nabarmena egiten dio ekosistema osoari. Hala nabarmendu du Maialen Arrieta Aranzadiko Botanika saileko kideak: «Ezpela hainbat habitaten espezie egituratzaile da. Leku batzuetan, landaredi potentziala da, baina, orokorrean, jarraierako faseetako sastrakadiak garatzen ditu, eta horiek oso aberatsak dira, bai animalia bai landare espezieetan». Hernandok ere bat egin du iritzi horrekin: «Ezpela oso eskasak eta oso pobreak diren lurretan dago, eta higadura prozesuak ernatzen dituen landare bat da. Erresistentziarako gaitasun handia du, eta espeziea desagertzeak lurzoru ahulagoak uzten ditu».

Horrez harago, ordea, Hernandoren ustez, garrantzitsua da ezpela babesten saiatzea, Nafarroako Foru Legediak hala eskatzen duelako. «Horregatik jarraitu behar dugu izurria kontrolatzeko lanean, eta horretarako garrantzitsua da alerta sistemek ongi funtzionatzea», azpimarratu du. Alerta sistemaren barruan kokatu du Nafarroako basozainek egiten duten lana, eta nabarmendu du baliabide pertsonalak eta materialak bideratzen direla horretako.

Behin sitsa ezpeldira iristean, etenik gabeko eta atzeraezinezko kaltea eragiten dio zuhaixkari. Horrela azaldu du Arrietak prozesua:«Larbek hosto galtze larriak eragiten dituzte, eta, besteak beste, fotosintesia mugatzen dute. Hala ere, badirudi kalte larriena azalari eraso egitean gertatzen dela, landarea lehortu eta hil baitezakete». Et,a kasu horretan, berdin du mendian dagoen ezpela izan edo lorategian dagoena, bi egoeratan berdin erasaten baitie sitsak.

Orain arteko neurriak nahikoak ez badira, badaezpada, tokiko ezpelaren haziak biltzen hasia da Nafarroako Gobernua Nafarroako Oihan Hazien Bankuaren bitartez. Eta ez gobernua bakarrik. Aezkoa ibarreko hainbat herritarrek ere abiatu dute bilketa. Orain, esperantza habia kutxetan ezarria dago, horrek ezpela babestuko duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.