Aldarriz bete dute Donostia

Kabotajeko lehenengo egunean sorkuntza eta aldarrikapen gune bihurtu dute Donostiako Piratek Trinitate plaza. Hiriko beste hainbat eragilerekin batera antolatu dituzte ekintzak. Pankarta zein muralak margotu dituzte, eta Intziri Neska Gazte taldeak adierazi du erasorik ez dutela onartuko.

Intzirik antolatutako agerraldi feminista. Ikusleak, segurtasun distantziak mantenduz. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Donostia
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Oraindik turista gutxi dabil Donostiako Parte Zaharrean, hamar eta erdiak dira. Isiltasuna hausten dute gazte batzuen ahotsek, Trinitate plazatik datoz. Plastiko beltzez estalitako hesiak mugatzen du gazteak dauden gunea, baina kanpotik pankarta bat ikus daiteke. Mezua argia da:«Edozer dugu posible».

Gazte gehiago datoz, eta erosketa orgatxo batean margoak dakartzate. «Ekarri hona margo horiek!», «soka non dago?», «zinta moztuko dut»... Plaza lau egunetarako txukuntzen ari dira; kartelez, pankartaz eta muralez betetzen. Donostiako Piratek aingura altxatu dute, Kabotajea martxan da.

Mural margotzea eta sorkuntza tailerrek eman diote hasiera Kabotajeari. Lide Fernandez piratak adierazi duenez, «askatasunez sortzeko» gunea bihurtu da Trinitate plaza, eta, Piratek ez ezik, beste eragile batzuek ere parte hartu dute: «Lehen ordu hauek ez dira soilik Piratek antolatuak, Parte Zaharreko auzotarrekin batera egingo ditugu ekintzak».

Dozenaka gazte dabiltza pankartak margotzen eta zintzilikatzen; eta familiaren bat ere laguntzeko prest agertu da. Fernandezek espero baino jende gehiago bildu da: «Jendeak prestasun handia du boluntario gisa etortzeko». Izan ere, Kabotajea ez da soilik Donostiako Piratetara mugatzen: «Iaz, egun bakarra izan genuen, eta oso mugatua izan zen, motz geratu zen. Aurten, ekintza ezberdin gehiago ditugu, eragile gehiagorekin eta adin zein publiko guztientzakoak».

Goizak aurrera egin ahala, turistak pilatuz doaz Donostiako Parte Zaharrean. Trinitate plazaren alboan taldetxo ugari bildu dira, gida baten azalpenak entzuten. Gutxi batzuek, Kabotajeko gunea mugatzen duen hesia zeharkatu dute. Gida hirian historiako azaltzen ari den bitartean, turistek gazteek eginiko pankartei argazkiak atera dizkiete.

Eguerdi aldera, musika jarri, eta salmenta postua muntatu dute. Sarreran gel hidroalkoholikoa ezarri eta, segurtasun distantziak bermatuz, eserlekuakkokatu dituzte. Jairik ez dagoenez, jendea biltzen denean aldarrikapenak egiteko balia daitezkeela azaldu du Inge Ugarte Intziri Donostiako Neska Gazte taldeko kideak. Hainbat eragilek Kabotajean parte hartzeko izan duten aukera ere goraipatu du : «Piratek hainbat eragileri jai eredu hauetan parte hartzeko aukera eman digute. Hori aprobetxatu beharra daukagu».

Koronabirusa saihesteko neurri guztiak hartzera dei egin ostean, Intzirikoek agerraldi feministari ekin diote. Azken asteetako erasoak gaitzetsi eta jai ereduak eraldatzera deitu dute. Erasorik ez dela onartuko oihu eginez amaitu dute agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.