Sorotik plazara eta ezagutzara

Baserriko produktuak merkatuetan saltzen dituztenak dira bendejerak; andreak nagusiki, Bizkaiko hainbat tokitakoak. Emakume asko aritu izan dira ofizio horretan, baina azken urteetan gutxitu egin dira. Labayru fundazioak liburu bat argitaratu berri du haien lekukotzekin: 'Bendejerak, solotik plazara'.

Bendejerak Erriberako merkatuan. Eskuinetik bigarrena da Begoña Bolunburu. LABAYRU FUNDAZIOAREN ARGAZKI ARTXIBOA.
amaia igartua aristondo
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Antzaldatu egin da ofizioa urteekin, ezinbestean: astoa kargatzen zuten lehen, eta furgonetak erabiltzen dituzte orain; baliatzen dira teknologiaren onurez, baina, era berean, kalte egin diete ohitura aldaketek. Eta, halere, bendejeraren lana identifikagarria da oraindik, hitza bera hala ez bada ere, Akaitze Kamiruaga Labayru fundazioko Herri Ondare arloko arduradunaren arabera. «50 urtetik beherakoentzat, herri txikietakoak edo baserri girokoak ez badira, guztiz ezezaguna da».

Plazara edo merkatura eramaten diren baserriko produktuei deritze bendeja, eta sorokoek osatzen dute batik bat, nahiz eta fruitu lehorrak, arrautzak eta loreak ere badauden; bendeja saltzen dutenak dira bendejerak. «Gaztelaniatik dator berba, baina euskaraz guztiz errotuta dago». Femeninozko moldea bereganatu du euskarak, hain zuzen, «gehienak» andrazkoak izan direlako, gaur egun zenbait gizonezko ere badabiltzan arren.

Bendejeren inguruan egin du lan Labayruk. Fundazioko Herri Ondare arloaren egitasmoetako bat da lekukotzak pilatzea: aspalditik daude ondare immateriala pilatzen; Euskal Herriko bizimodua, lanbideak, tradizioak, ohiturak eta sinesmenak trumilka jaso dituzte herritarren ahotik, eta azalpenok bideoetan grabatu eta gorde dituzte. Bendejeren hitzekin, Bendejerak: solotik plazara dokumentala osatu dute —doan ikus daiteke Interneten—, eta paperean ere jarri dituzte bizipen horiek, izen bereko liburuan. Argazki historiko zein gaur eguneko irudi mordoarekin jantzi dute argitalpena.

«Iruditu zitzaigun interesgarria zela; azken batean, esan dezakegu bendejeren azken belaunaldia dela». Erroei erreparatu diete, nagusiki. «Lehengo bendejerak nolakoak ziren jakin nahi genuen. Bizkai osoan egon izan da ohitura. Txorierrikoak izan dira asko, batez ere Bilboko Erriberako merkatura joan direnak, baina lurralde osoan egon izan dira».

Ofizioa, ezbairik gabe

Baserri askorentzat oinarrizkoa izan da bendejeren lanbidea, premiazko diru iturri bat. Hain justu, ogibide izaera hori azpimarratu du Kamiruagak. «Ez nuke esango ofiziotzat hartu izan denik, baina, berez, izan da. Andra askorentzat hori izan da bizimodua». Zergatik gutxietsi da, beraz? «Andrazkoen lanbide bat izan da, eta horiek bigarren mailakotzat hartu izan dira». Halaber, eragiten du eguneroko lana ez izateak, hainbat faktorek baldintzatzen dutelako azokara joatea: eguraldiak, uztak... «Dena dela, liburua egitean topatu dugu 1931n argitaratu zen Bilboko Erribera merkatuko bendejeren araudia. Garai hartan asko joaten ziren egunero Bilbora Arratiatik, Gernika aldetik, Uribe Kostatik [Bizkaia]...».

Deriotik (Bizkaia) joaten da, zehazki, Begoña Bolunburu bendejera. Hala egin du 73 urtez, eta hala egiten du gaur egun ere, 84 urterekin. Gutxi falta izan da plazara, dioenez: alaba bikiak jaio zirenean, ez zen handik agertu harik eta haurrek hilabete batzuk bete arte; ebakuntza baten ondorioz, bi hilabetez egon da joan gabe berriki... Erriberako merkatua urak hartu zuenean, 1983ko uholdeengatik, Mercabilbaon (Basauri, Bizkaia) saldu zituen jakiak. Erriberara larunbatero joaten da orain, suhiarekin.

Oso gazte hasi zen ogibidean; auzokide batekin joaten zen merkatura. «11 urte eta erdi nituenean jaio zitzaidan ahizpa, eta amak plazara joateko esan zidan, berak titia eman behar ziolako. Oraindik ume bat nintzen; malizia asko ez nuen edukiko...». Soroko bendejatik eta behien esnetik ateratzen zuten bizitza; beste diru iturriak gaitz zeuden, eta zituztenak ere ez ziren oso oparoak. «Joan egin behar izan nuen, derrigor».

Aitarekin eta amarekin egin zuen lan baserrian 27 urtera arte; adin horrekin ezkondu zen bera bezala deriotarra zen baserritar batekin. Bakarrik arduratzen zen bendejaz, halere. «Gizonak zelan joango ziren plazara? Ez zirenak joaten beharrera, etxean egiten zuten lan. Baserri gehienetan ganadua zegoen: kontuan izanda ganaduaren eta pentsuaren prezioa, eta esnea zenbatean saltzen zen, ez zuen ematen bizitzeko senar-emazteak eta bi ume izanda». Bolunbururen baserrian ere esanguratsua izan da bendejaren ekarpena.

Beste horrenbeste Aristieta baserri eta landetxean. Ajangizen dago, Gernika-Lumotik gertu (Bizkaia). Hango jabe Ainhoa Iturbek eta Alex Zubiak ogibide dute baserriko produktuen salmenta, eta horren osagarri dira landetxetik lortzen dituzten diru sarrerak. 50 eta 56 urte dituzte, hurrenez hurren, eta 1998 edo 1999tik doaz Gernika-Lumoko azokara. Astelehenean egiten da; igande goizean prestatzen dituzte hara eramango dituztenak. «Horrela moldatu dugu gure bizimodua», dio Iturbek. «Igandekoa lan goiza da guretzat: ortukoak batu, bezeroei gosariak eman...».

Lotura, haustear

Bendejerak katebegi izan dira, halaber. «Hiria eta herriak lotzeko zerbitzua egin dute», Kamiruagaren arabera, baina harreman hori ez da merkataritzara mugatu. «Eurak izan dira herrietako hizkera hirietara eroan dutenak», besteak beste. Hain justu, Bilboko Udalak euskararen transmisioan egindako lana aitortu zien abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, udaletxean egindako ekitaldi batean. Bolunburu izan zen han, beste bi bendejerarekin batera. Edonola ere, Bolunburuk gero eta euskara gutxiago entzuten du Erriberako merkatuan. «Lehen euskaldun gehiago etortzen ziren; orain ere badatoz, baina orokorrean gaztelaniaz egiten da».

Bezeroa eta ekoizlea ere batzen dituela dio Zubiak: «Guk gure ekoizpena saltzen dugu. Komertzio handietan, ez dago harremanik erosiko den horren ekoizlearekin, eta azokan bezeroak harreman zuzena du gurekin, edozein komentario, galdera edo eskari egin dezake. Ez da supermerkatuko kutxako langilearekin dagoen harremana». Ekoizleen arteko topaguneak ere badira. «Salmenta guneak dira, baina baita harreman guneak ere: hitz egiten dugu landareen sasoiari buruz, ortuko gauzak nola egiteari buruz, edo beste arlo batzuez».

Egoera aldatzen ari da, ordea. Hogei urtean baino gehiagoan, Iturbek eta Zubiak antzeman dute salmenten beherakada, baserritarren gutxitzea, bezeroen aldaketa erabatekoa. Iturbek dioenez, «lehen, [Gernika-Lumoko] astelehenetako plaza leku ohikoa zen asteko erosketak egiteko; gaur, ez». Bezeroaren profil bat nabarmentzen zela dio Zubiak: etxekoandrearena. «Etxeetan gehiago bazkaldu eta kozinatzen zen. Orain andreak eta gizonak etortzen dira, baina salmentak gutxitu egin dira, gutxiago kozinatu, kanpoan jan edo aurrez prestatutako janari gehiago erabiltzen delako».

Erriberako merkatua ere nabarmen aldatu da, Bolunburuk gogoan duenez: garai batean, eraikinaren kanpoaldean jartzen ziren bendeja saltzeko, espaloian. Lezamatik, Zamudiotik, Loiutik, Deriotik eta Bizkaiko beste hainbat eta hainbat tokitatik mugitzen ziren andreak hiriburura, baina zeharo egin du behera kopuruak azken urteetan; gainera, pandemiaren erruz, zenbait andrek joateari utzi diote. Gaur egun, zortzi bendejera egoten dira merkatuan, guztira.

Baina Bolunburuk ofizioari eusteko asmoa du. «Maleta bat jartzen badidate, eta esan hamabost egunez bidaiatzeko, ezetz esango nuke; merkatura joan gura dut». Saltzaileen artean segurtasun distantziak mantentzeko, bendejeren mahaiak izkina batean kokatu zituzten duela hainbat hilabete. «Luzaroan, asko ez dira konturatu hor geundela». Emakumeekin topo egin, eta harritu izan da inor. «Galdetu digute: ¿Todavía estáis aquí? [Oraindik hemen zaudete?]». Eta erantzuna, irmo: «Bai, hemen gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.