Kolesterola, ezagun arrotza

Ezaguna da kolesterola, eta jakina da kolesterol mailak zaindu egin behar direla, bai kolesterol txarrarena, bai onarena. Hala ere, kolesterolaren funtzioak ezezagunak dira, eta nahasmendua dago kolesterol txarraren mugei buruz, eta ez da beti argi izaten zer neurritatik gora den arriskutsua.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Odol analisiaren emaitzak iritsi dira. Ezkerrean, zerrenda luze bat: hemoglobina, hematokritoa, leukozitoak, linfozitoak... Eskuinean, berriz, zerrendako kontzeptu eta laburtzapen bakoitzaren parean, zenbaki bat edota, kasurik txarrenean, zenbakia eta izarñoa. Izarñoak, analisietako emaitzak ezarritako neurri osasuntsuetatik kanpo daudela adierazteko. Odol analisiak enpresako osasun azterketan egindakoak baldin badira, izarñoei buruzko oharra: «Galdetu zeure medikuari».

Izarñoak, sarritan, kolesterolari dagozkion zenbakietan eta hizki zopan: LDL, HDL, VLDL... Ezaguna da kolesterola, ezaguna garrantzitsua dela haren maila zaintzea; ezezagunak dira, ordea, haren izaera eta funtzioak. Jakina da gehiegizko kolesterola txarra dela, baina nahasmendu handia dago gehiegizko kolesterolaren mugen inguruan.

Zer da kolesterola?

Gantz edo lipido mota bat da. Gorputzak gibelean sortzen du kolesterola. Gorputzak berak sortzeaz gain, kanpotik ere jasotzen du, jakien bidez. Animalietatik eratorritako jakietatik batez ere: haragia, esnekiak... baita prozesatutako jakietako gantz aseetatik eta trans gantzetatik ere. Kolesterolaren %80-90 gorputzak berak sortzen du; gainerako %10-20a, berriz, jakien bidez jasotzen du.

Zer egiten du?

Gorputzak ezinbestekoa du kolesterola. Zelula guztien kanpoko mintzak sortzen laguntzen du—egonkortasuna ematen die—, eta D bitamina eta zenbait hormona sintetizatzeko ere behar da —progesterona, estrogenoak, testosterona, kortisola eta aldosterona—.

Zer kolesterol mota daude?

Ezaguna da kolesterol ona eta txarra daudela. Baina, zein da bata eta zein bestea? LDL lipoproteinen barruan dagoen kolesterola da kolesterol txarra: LDL, low density lipoprotein, dentsitate apaleko lipoproteina. HDL lipoproteinen barruan dagoen kolesterola da, aldiz, kolesterol ona: HDL, high density lipoprotein, dentsitate handiko lipoproteina.

Lipoproteinak? Proteinaz eta gantzez osatutako substantziak dira. Haien funtzioa da gantzak—kolesterola, triglizeridoak eta beste gantz batzuk— gorputzean zehar garraiatzea: LDLak kolesterola zeluletaraino eramaten du; HDLak, ordea, sobran geratutako LDL kolesterola jasotzen du, eta gibelera eramaten du, han desegiteko eta kanporatzeko.

«Horregatik, sobran geratzen eta pilatzen den kolesterola, LDL kolesterola, txartzat hartzen da». Jose Antonio Alarcon Duquerena da azalpena. Donostia ospitaleko kardiologoa da, Bihotz Errehabilitazioko Unitatearen koordinatzailea.

Zer arazo eragin ditzake?

LDL kolesterol gehiegi edukitzeak, hiperkolesterolemia edo dislipemiak, arazo kardiobaskularrak eragin ditzake. Odolean dabilen LDL kolesterola gehiegizkoa bada, arterien barne hormetan pilatu daiteke: aterosklerosia deitzen zaio. Arterietan pilatzen da, ez zainetan. Arterietako hormetan pilatzen den substantziari ateroma plaka deitzen zaio, eta, batez ere kolesterolez osatuta badaude ere, badituzte beste elementu batzuk ere: bestelako gantzak, hondakinak, odoleko zelulak, kaltzioa...

Pilaketa horiek arteriak estutzen dituzte, gogortu ere bai, eta odolaren zirkulazioa oztopatu, gutxitu. Arterietan odol gutxiago ibiltzen baldin bada, oxigeno eta elikagai gutxiago iristen dira gorputzeko ataletara. Odol zirkulazio eskasak bihotzeko anginak edo bihotzekoak eragin ditzake.

Gantz geruzek arteriaren bat guztiz buxatuz gero edota buxadurak odolbilduren bat sortuz gero, bihotzekoren bat edo buruko isuri bat eragin dezakete.

Nola neurtzen da?

Odol analisien bidez neurtzen da kolesterola: kolesterol miligramoak odol dezilitro bakoitzeko (mg/dl). LDL kolesterolarenak eta HDLarenak. Baina kolesterol osoa edo guztizkoa ere kalkulatzen da: kolesterol ona eta txarra aintzat hartzen dituen kalkulu bat da.

Nola interpretatu kolesterol maila?

Odol analisiaren emaitzak jaso eta kolesterol mailaren zenbakiei begiratuta, nahasmendua. Zer zenbaki hartu behar da aintzat? Denak? Bakar bat? Gizartean oso zabalduta dago kolesterol maila osoa edo guztizkoa aintzat hartzea, eta kalkulu horretan lasaitasunaren eta kezkaren arteko muga zenbaki batean ezartzea: 200 miligramo dezilitroko. Erreferentzia hori erabili izan da duela urte batzuk arte, kolesterol osoa berrehundik gora edukitzeak esan nahi baitzuen kolesterol txarra gaizki zegoela.

Alarcon Duquek, ordea, argitu du LDL edo kolesterol txarra aintzat hartu behar dela batez ere: «Garrantzitsuena ez da kolesterol orokorra nola daukagun, txarra nola daukagun baizik. Kolesterol txarrean, LDLan, jarri behar da arreta». Ebidentzia zientifikoa aipatu du argudioa indartzeko.

Eta zein da kolesterol txarraren muga? Zer kopurutik aurrera hasi behar da kezkatzen? Ez dago muga bakarra; ez dago pertsona guztientzat balio duen zenbaki bakarrik. Eta kolesterol maila berak ez dakarkio arrisku bera pertsona guztiei. Aintzat hartu behar dira pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta arrisku faktoreak.

«Ez baldin badaukazu beste arrisku faktorerik —hipertentsioa, diabetesa...—, LDL kolesterolak dezilitroko 130 miligramotik behera egon beharko luke», zehaztu du Donostia ospitaleko kardiologoak.

Arrisku faktoreren bat edukiz gero —hipertentsioa, giltzurrunetako gaixotasunen bat, diabetesa...—, LDL kolesterolaren langa beherago jarri behar da. Europako Kardiologia Elkarteak ezarritako kopurua aipatu du Alarcon Duquek: dezilitroko 100 miligramo baino gutxiago. Eta pertsona batek jada bihotzeko arazoren bat edo gaixotasun kardiobaskularren bat izan baldin badu, are apalago: dezilitroko 55 miligramo.

LDL kolesterolaren maila dezilitroko 38 miligramo jaistea lortzen den bakoitzean, bihotzekoren bat edo bestelako arazo kardiobaskular bat izateko arriskua %21 txikitzen da.

Eta VLDLeta triglizeridoak?

Odol analisien emaitzetan ageri dira horiek ere. VLDL, very low density lipoprotein, dentsitate oso apaleko lipoproteina. Beste lipoproteina batzuk dira, haien maila ere zaindu egin behar da, baina kardiologoakaipatu du gaixotasun kardiobaskularretan duten eragina ez dagoela finkatuta. Ez behintzat LDLarena bezainbeste.

Kolesterol onak txarra berdintzen du?

«Ez», erantzun du berehala Alarcon Duquek. «Jendeak jakin behar du batak ez duela bestea orekatzen. Txarra [LDL] oso goian baldin badaukazu, ona [HDL] goian edukita ere, kontuz: txarra zuzendu egin behar duzu». Izan ere, HDL kolesterolaren maila oso handia izateak ez du esan nahi pertsona horrek arrisku kardiobaskularrik ez duenik. Sortu izan dituzte HDLa izugarri igotzen duten botikak, baina igoera horrek ez zuen txikitzen arrisku kardiobaskularra.

Nola gutxitu daiteke kolesterol txarra?

Elikadura osasuntsuaren bitartez. Alarcon Duquek dieta mediterraneoa jarri du eredu gisa: «Haren onurak ezagunak dira aspalditik, eta ebidentzia zientifikoak erakutsi du osasungarriena dela». Oliba olioa, fruitu lehorrak —txigortu eta gatzatu gabeak—, barazkiak, frutak, arrainak, zereal osoak, lekaleak, haragi zuria... Kolesterola kontrolatzeko balio dute, baina baita hipertentsioa eta diabetesa ez izateko ere.

Koipe txarrak, gantz aseak, gutxitu behar dira; «egunean %10 baino gutxiago izan behar dute». Europako Kardiologia Elkarteak, esaterako, haragi gorria gehienez astean behin jatea gomendatzen du. Trans gantzak, industrialak, «txarrenak», saihestu egin behar dira. Koipe industrialekin sortutako janari ultraprozesatuetan egon ohi dira. Gatza eta azukrea ere gutxitu behar dira.

Kirola egitea mesedegarria da. Ez hainbeste kolesterol txarra jaisteko. Kolesterol ona pixka bat igotzen du, baina bestelako faktore arriskutsu batzuk kontrolatzen laguntzen du: hipertentsioa, gizentasuna, hantura... Batzuetan, hala ere, elikadura eta bizimodua aldatzea ez da nahikoa, pertsona batzuen gehiegizko kolesterol txarrak jatorri genetikoa baitu

Kolesterola arazo larria baldin bada edo kolesterol mailak arazo kardiobaskularrak eragiteko arriskua baldin badago, gaixoei estatina pilulak ematen dizkiete. Estatinek gutxitu egiten dute gibelak sortzen duen kolesterola. Hala ere, kolesterol txarra apaltzeko botikarik onena ohiturak aldatzea dela esan ohi dute.

Iragarkietako produktuak eraginkorrak dira?

Diotenez, badira kolesterola gutxitzen duten esnekiak. Etengabe iragartzen dituzte. «Landare esterolak dituzte, hau da, koipe onak», Alarcon Duquek zehaztu duenez. «Landare esterolek kolesterol txarra apaltzen dute, gutxi, %10 inguru, baina apaltzen dute». Hartzekotan, elikadura ohitura osasuntsuen osagarri izango lirateke. Beraz, ez da pentsatu behar horrelako produktuak hartuz kolesterol arazoak konpontzen direnik.

Eta haurrak?

Normalean, helduen kolesterol maila kontrolatzen da. Adituak aspalditik ohartarazten ari dira, ordea, haur eta gazte askok kolesterol maila kezkagarriak dituztela. «Haurrak kolesterol kontuetatik at egon dira, normalean umeek ez baitituzte bihotzekoak izaten», azaldu du Alarcon Duquek. «Baina ume batzuek kolesterolari lotutako gaixotasunak dituzte familian, eta horiek antzeman ahal dira odol analisietan. Kontrolatzen ez baldin badira, arazo kardiobaskularrak izan ditzakete oso gaztetan, 30-40 urterekin».

Hain zuzen, Donostia ospitaleko kardiologoak aipatu du laster Osakidetza haurren kolesterola neurtzen hasiko dela 12 urtetik aurrera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.