Itsas ondarearen badia

Pasaiako Itsas Festibala ospatuko dute bihartik igandera arte. Duela lau urte antolatu zuten estreinakoa, eta ordukoa baino «askoz aberatsagoa» izango dela iragarri dute antolatzaileek: 160 ontzi tradizional baino gehiago bilduko dira badian. Itsasoko kulturaren «erreferente» izango da Pasaia lau egunez.

Pasaiako badia, ontziz beteta, 2018an egindako itsas festibalean. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Portua eta babesa itsasoari, eta bozgorailua eta erakusleihoa haren ondareari. Horixe da Pasaiako (Gipuzkoa) badiak datozen lau egunetan eskainiko duena: lehorretik itsasoz bustitzeko aukera. Bihartik igandera arte egingo dute bertan Itsas Festibalaren bigarren ekitaldia. 2018an egin zuten lehenengoa; pandemiak eten du bi urtean behin antolatzeko zuten asmoa, eta aurten bueltatu da berriro, indarrez.

«Gure asmoa da Euskal Herriak idatzi duen itsas historia handi hori ezagutaraztea, eta, aldi berean, ospatzea. Gure itsas historia ospatu nahi dugu», azaldu du Xabier Agotek, Itsas Festibalaren zuzendariak eta Albaola Elkarteko presidenteak —elkarte hori eta Pasaiako Udala dira antolatzaileak—.

Izan ere, Agotek nabarmendu duenez, «apustu» baten emaitza da jaialdia: Albaola elkarteak udalarekin eta Oiartzualdeko garapen agentziarekin batera egindako apustu batena. «1999a zen, eta euskal itsas ondareari balioa ematearen alde egin genuen. Garai horretan itsas ondarea ez zen kontsideratzen ondare gisa; horrekin kezkatuta, erabaki genuen Albaolaren proiek- tua sortzea, eta Albaolak abian jarri zuen gaur egun Itsas Kultur Faktoria dena».

Itsasoa eta haren ondarea, haren historia ezagutzea aldarrikatzen du Agotek. Hark sortu zuen Albaola, 1997an. «Garai hartan bakarrik nengoen. Bakarrik nengoen, hain zuzen ere, inor ez zelako horretaz kezkatzen. Konturatu nintzen Euskal Herriak ez zuela bere historia ezagutzen. Eta bere historiaz kezkatzen hasten dena konturatzen da, Euskal Herriaren kasuan, gure historiak itsasora eramaten gaituela».

Festibalaren «gakoa»

Euskal Herria «itsastarra» izan dela dio Agotek, eta «itsasoari begira» bizi izan dela mendeetan: «Euskal Herria izan da itsas naziorik aurreratuenetako bat, aurreratuena izan ez bada, garai jakin batzuetan». Horri guztiari balioa eman nahian hasi ziren Albaolan ondare balioa duten euskal itsasontziak berreraikitzen eta haiekin nabigatzen. «Horrek eraman gaitu, ia urtero, nazioarteko itsas festibaletara, euskal itsas ondarea ordezkatuz. Hori gakoa da ospatuko dugun itsas festibalera begira. Hutsetik ezin da itsas festibal bat antolatu. Lehorreko kontuak errazagoak dira antolatzen: kontzertuak, artisauak... Baina funtsa itsasoa da, eta itsas festibal batek ondare balioa duten itsasontziak behar ditu».

115 ontzi izan ziren aurreneko ekitaldian, eta «sekulako ezustekoa» hartu dute aurten, pandemia tarteko ez baitzuten espero hainbeste ontzi biltzea: 160 ontzi tradizional baino gehiago bilduko dira badian. «2018koarekin konparatuta, askoz aberatsagoa izango da», aurreratu du Agotek. Bihar hasiko dira ontziak iristen (18:00), eta, iritsiko diren horien artean, hainbat izen nabarmendu ditu Agotek berak: Marité, La Recouvrance, Shtandart, Oosterschelde, Scylla, Mater, Ring Andersen eta Atyla, besteak beste. «Haientzat interesa duen toki batera etorriko dira horiek. Pasaian badaukagu itsas ondareari balioa emateko proiektu bat; nazioartean ezagun egiten ari da, eta datozenak hori aintzat hartuta datoz gurera. Erreferentzialtasuna ez da egun batetik bestera lortzen, eta urteetan egindako lanaren emaitza da hau: ia 25 urteko lana da. Ezagutzen gaituzte, eta guk ere ezagutzen ditugu, eta ikasi dugu nolakoak izan behar duten itsas festibalek», aldarrikatu du Agotek.

Ezin bat aukeratu

«Zaila» egiten zaio Albaola elkarteko presidenteari etorriko diren ontzi handi eta ikusgarrien artean bat aukeratzea. Marité izenekoa aipatu du: «Normandiako ontzi bat da, egurrezkoa osorik. Oso handia: 45 metroko luzera dauka. Duela 100 urte eraiki zuten, Ternuara bakailaoak arrantzatzera joateko. Bakailaoaren arrantza horrek epika handia dauka, eta Pasaiak sekulako lotura izan du bakailaoarekin. Horregatik nabarmenduko nuke, agian».

Ontzi handi horiek dira jende gehienaren arreta piztuko dutenak, baina balio handiko ontzi ertain eta txikiak ere egongo direla azaldu du Agotek. Piueiro izenekoaren istorioa kontatu du: «Aguarda herritik abiatu ziren, Portugalekin muga egiten duen Galizia hegoaldeko herri batetik. Gu haien itsas festibalean egon ginen, eta lehen esandakoaren adibide argi bat da: han izan ginen, eta han sortutako harremanari esker etorriko dira, itsasoz. Abentura handi samarren bat izan dute; izan ere, Coruñatik gertu, motorra lehertu zitzaien».

Bidean datoz batzuk, eta beste batzuk badian daude jada. Haiek ezustean topatzeak ere badu xarma. «Atzo iluntzean ikusi nituen Irlandatik etorritako bi currach. Txalupa tradizional batzuk dira, ezaugarri oso bereziak dituztenak: traineru txikien modukoak dira, egurrezkoak, baina azala oihalezkoa dute, eta brearekin nahastuz osatzen dute. Eskifaiakoak tabernan egongo ziren. Izan ere, norberak bere nortasuna du: ontziek zein eskifaiek. Ederra da hori».

Izan ere, itsasoa da protagonista, baina baita musika, gastronomia, artisautza, tailerrak eta hainbat diziplinatako dibulgazio ekitaldiak ere. «Pasaia, Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalean aktiboki laguntzea ere bada helburua. Baita kulturen arteko harremanak eta gure historiaren balioa nabarmentzea ere», azpimarratu dute antolatzaileek.

Lau eguneko egitarau oparoa antolatu dute. Ekitaldi guztien jasangarritasuna zainduko dute, Pasaiako natura ingurunea errespetatzeko eta ingurumenean ahalik eta eragin negatibo txikiena izateko, eta eskatu dute garraio publikoa erabiltzea bertara joateko. Nabarmendu dute Zaporeak elkartea arduratuko dela eskifaiako kideen jantoki solidarioaz, eta Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundea ere hor egongo dela —Aita Mari itsasoan dago, eta patera bat egongo da ikusgai Trintxerpen—.

Egitaraua osorik: www.pasaiaitsasfestibala.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.