Lea Etxebarrieta. Eibar errugbi taldeko jokalaria

«Taldeak aukera asko ditu mailari eusteko helburua betetzeko»

Eibarrek gaur egingo du debuta maila gorenean; Cisnerosen zelaian izango da. Han jokatu zuen Lea Etxebarrietak, Gipuzkoako taldeak fitxatu duen jokalarietako batek. Proiektuak «asko» erakarri duela dio.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kanaria uharteetan unibertsitate ikasketak egiten ari zela hasi zen errugbian jokatzen Lea Etxebarrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1991). Lehen aldiz izango du etxean maila gorenean jokatzeko aukera, Eibarren. Jokatzeaz gain, bigarren taldeko entrenatzaile izango da. «Harrobiko lan hori ere funtsezkoa da», nabarmendu du.

Zer sentipen duzue gaurko estreinarako?

Urduri eta ilusioz gaude. Denbora asko izan da lehiatu gabe, eta gogoz gaude hasteko. Are gehiago kontuan hartuta klubak lehen denboraldia duela maila gorenean. Gainera, Cisneros maila handiko aurkaria da, eta haren zelaia ligako onenetakoa. Partida ederra da estreinarako.

Zuk ondo ezagutzen duzu Cisneros, bi denboraldi egin baitzenituen han. Nolako partida espero duzu?

Partida polita izango da. Haiek guk baino eskarmentu handiagoa dute. Gu, aldiz, talde gaztea gara. Baina uste dut bi taldeek antzeko jokoa egiten dugula. Erasoan jokatzea gustatzen zaigu, eta baloia bizkor mugitzea. Joko horretan asmatzen duenak asko izango du irabazita.

Nolako esperientzia izan zen Cisnerosen jokatzea?

Ederra eta aberasgarria. Goi mailako jokalariak ditu, baina lehen egunetik etxekotzat hartzen zaituzte. Asko ikasi nuen.

Eibar talde gaztea dela esan duzu, baina eskarmentua duten hainbat jokalari ailegatu zarete: Barbara Pla eta zu, adibidez. Hori ere garrantzitsua izango da, ezta?

Hala da. Ohorezko Mailan baloia mugitzeko eta jokatzeko modua bizkorragoak dira, eta horretan asko lagundu dezakegu. Beste gakoetako bat da Crisek [Cristina Guntin entrenatzailea] oso ondo ezagutzen duela maila honetan dagoen exijentzia, eta horretarako prestatu duela taldea. Teknikoki, taktikoki eta fisikoki lan handia egin dugu, eta uste dut fruituak emango dituela.

Talde igo berria izanda, mailari eustea da zuen helburua. Zer aukera ikusten dituzu horretarako?

Urte zaila izango da, eta lan handia egin beharko dugu. Baina aukera handiak ikusten ditut. Fitxaketa asko egin dira, eta hemen zeudenen maila asko igo da. Gainera, beste talde igo berri bat dago, Abelles, eta uste dut horrek ere gauzak asko irekitzen dituela. Gakoa, esan bezala, lanean egongo da. Nik beti esaten dut errugbi talde baten maila bere jokalaririk txarrenaren mailaren araberakoa dela. Beraz, guztiok gure onena eman beharko dugu.

Bigarren Mailatik Ohorezko Mailara non dago alde handiena: teknikan edo fisikoan?

Teknikan, baloia bizkorrago mugitzen baita. Horrek, aldi berean, fisikoki mailarik onenean egotea eskatzen dizu. Korrika asko egin behar da. Ez bakarrik baloia duzunean, baita aurkariak duenean ere.

Zuk zer asmorekin abiatu duzu aro berri hau Eibarren?

Ilusio handiarekin. Eibarrek proiektu ederra du, eta ez bakarrik kirol ikuspegitik. Crisek beti esaten du errugbia ingurua hobetzeko tresna izan daitekeela, eta nik ere hala uste dut. Goi mailan jokatzeaz gain, hori da gehien erakarri ninduena Eibarren eskaintza jaso nuenean. Gizartea aldatzea bilatzen duen proiektua da Eibar. Adibiderik argigarriena da zuzendaritzan emakume dezente daudela, eta Cris dela bai emakumezkoen bai gizonezkoen taldeen arduradun.

Bi urte behar izan ditu, hala ere, zu proiektura batzeko. Zer dela eta?

Ni iaz itzuli nintzen Cisnerosen jokatu eta gero, eta Txingudira batu nintzen. Baina apenas ginen jokalariak, eta azkenean Euskal Herriko Ligan jokatu nuen Hernanirekin. Baina ahalegin handia eskatzen zidan. Oraingoan, lehen taldeko jokalari izateaz gain, bigarren taldeko entrenatzailea ere banaiz, eta diru pixka bat ordaintzen didate. Horri esker, errugbian jokatzen segitu dezaket.

Beti aipatu izan duzu neska gazteak errugbira erakartzeko garrantzia.

Hala da. Niretzat funtsezkoa da gutxienez talde bat Ohorezko Mailan izatea, bertako jokalariak joan ez daitezen. Baina baita Euskal Herriko Ligak maila on bat izatea ere, eta, horretarako, lan ona egin behar da harrobian. Neskak erakartzeko, beste modu batean irakatsi behar da errugbia, eta horretan ari gara pixkanaka. Izan ere, errugbiaren kontaktu fisikoari errespetua diote.

Zuri pasatu zitzaizun hori, ezta?

Bai. Ni Kanaria uharteetara joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera, eta han surfa egiten nuen. Lagun batek errugbian hasteko proposatu zidan. Hasieran ezetz esan nion. Izan ere, nik gizonezko errugbia imajinatzen nuen, kontaktu fisiko handikoa, eta aurrean jokalari garai eta indartsuak nituela. Ez nuen gogorik hor sartzeko, ez zihoan nire izaera lasaiarekin bat. Baina gero konturatu nintzen ez nekiela benetan zer zen errugbia. Emakumeen errugbi partida bat ikusi, eta, jokatzen hasi nintzenean, aurreiritzi guztiak kendu nituen. Katigatu egin ninduen. Izan ere, emakumeen errugbian garrantzia gehiago du teknikak fisikoak baino.

Oraindik zuek egin behar duzue neska gazteak erakartzeko lan hori? Edo gero eta gehiagok jotzen dute zuengana?

Oraindik ere guk joan behar izaten dugu haien bila. Batez ere eskoletara errugbia ezagutarazteko egiten ditugun bisitetan egiten dugu, baita eskola kirolean errugbia duten herrietan ere. Zuzenean guregana etortzen direnak lagun baten erreferentziagatik etorri ohi dira. Gehienek asko disfrutatzen dute. Izan ere, kirola egiteaz gain, balio batzuk jasotzen dituzte, eta bada asko gustatzen zaien beste gauza bat: hirugarren denbora deitutakoa. Partida amaitu eta gero, jokalariak mokadutxo bat egitera geratzen dira, elkarren arteko harremana sendotzeko. Orain, COVIDa tarteko, ezin da egin; pena da.

Zer ematea nahi duzu zuri denboraldi honek?

Entrenamenduekin bakarrik asko hobetu da nire maila. Jokatzeko era berriak ikasten ari naiz, eta hori oso aberasgarria da. Entrenatzaile moduan, berriz, bigarren talde on eta polit bat osatu nahiko nuke. Gozatu egin nahi dut arlo horretan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.