Albistea entzun

Zientzia. ARGI ALDIAN

Esperimentu ilunak ivermectinarekin

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2022ko martxoak 4

Ivermectina botika antiparasitario bat da, eta albaitaritzan gorputzaren kanpoko zein barneko bizkarroien kontra erabiltzen da, espezie askotan: behiak, ardiak, zaldiak, txakurrak, katuak... Pertsonetan ere erabiltzen da, adibidez, hesteetako bizkarroi batzuen aurka, baita, larruazalean emanda, rosazea eta zorrien infekzioak tratatzeko ere.

SARS-CoV-2 birusa, eta, harekin COVID-19a agertu zirenean, berariaz hari aurre egiteko botiken ikerketa abiatzeaz gain, beste gaitzen aurka erabiltzen direnak ere probatzen hasi ziren, ahalik eta azkarrena lortu nahian sendabideren bat; haien artean, ivermectina. Hasiera batean, eta behin-behinean, bazirudien baliagarria izan zitekeela. Esaterako, 2020ko apirilean, asko zabaldu zen Australian egindako ikerketa bat, emaitza harrigarriak izan zituena: ivermectina gai zen gaixotzea geldiarazteko eta birusa desagerrarazteko, 48 orduren buruan.

Askok uste izan zuten dagoeneko aurkitua zela COVID-19ari aurre egiteko irtenbidea. Ikerketa hori, ordea, zeluletan egin zuten, eta pertsonetan ikusi behar zen. Laster iritsi ziren lehen saio klinikoen emaitzak, eta, batzuetan, eraginkorra zela ondorioztatu zuten. Baieztatuz gero, albiste ona izango zen, botika hori mundu osoan baitago eskura.

Alabaina, ez da baieztatzerik izan. Beste saio kliniko askotan, ez dute ikusi eraginkorra denik, eta, gainera, albo-ondorio kezkagarriak eman ditu batzuetan. Eta emaitza onak izandako ikerketak aztertuta, zenbaitetan akatsak topatu dituzte, eta atzera bota dituzte. Horrenbestez, ez Europako ez AEBetako sendagaien agentziek ez dute ivermectina baimendu COVID-19aren aurka, ez baitago nahikoa ebidentziarik haren alde.

Ivermectinan «sinesten» zuten batzuek, hala ere, ez dute baztertu, eta zenbait talde negazionistak haren ustezko balioa hauspotu dute, eta, txertoen ordez, hura hartzea gomendatu. AEBetan, esaterako, jende askok hartu du bere kabuz COVID-19a tratatzeko edo prebenitzeko. Horren aurrean, osasun-arduradunek garbi ohartarazi dute arriskutsua dela.

Bada, orain, gertakari salagarri baten berri eman dute, besteak beste, British Medical Journal medikuntza-aldizkarian: Mexiko Hiriko gobernuak 200.000 ivermectina-test banatu ditu positibo emandakoen artean, esperimentu batean parte hartzen ari zirela ohartarazi gabe. Ezkutuko esperimentu horien behin-behineko emaitzak ere kaleratu zituzten, eta ivermectinak ospitaleratzeak % 52-76 jaisten dituela baieztatu zuten.

Oposizioak, ordea, frogatu du iruzur egin zietela pazienteei, eta, gainera, emaitzak okerrak direla. Alegia, esperimentua ez da zuzena, ez etikoki, ez teknikoki, eta tratamendua jaso duten batzuek ondorio kaltegarriak jasan dituzte.

Bestalde, AEBetan, Arkansasen, lau presok albo-ondorio larriak izan zituzten, COVID-19aren tratamenduaren ondorioz. Haiek jakin gabe, ivermectinaren dosi altuak eman zizkieten. Hain zuzen, espetxeko medikua ezaguna da COVID-19aren inguruko informazio faltsua zabaltzen duelako Facebooken bidez.

Gogorarazpen latza, ohartzeko ezinbestekoa dela esperimentuak zorrotz kontrolatzea, emaitzak berrikustea, eta nazioarteko arau etikoei eta teknikoei estu-estu jarraitzea, zeharbiderik hartu gabe.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

«Nahiago dut 'pailazo' dei nazaten, eta ez 'clown'»

«Nahiago dut 'pailazo' dei nazaten, eta ez 'clown'»

Iñaki R. Mendoza

Narices Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren lemazaina da Virginia Senosiain: «Berdintasuna eta aniztasuna landuko ditugu pailazogintzaren bitartez».
1 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

'Kearen unibertsitatean' ikasitakoak

Amaia Jimenez Larrea

Urte askoan Donostiako Tabakaleran zigarrogile izandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu 'Kearen artxibogileak. Ibilbide bat Tabakaleratik' dokumentalak. Lan bat baino gehiago izan da zigarrogileentzat, euren etxea izango balitz bezala ikusten baitute eraikina.

Telesailean agertzen diren aktoreetako batzuk, atzo, Donostian egin zen aurkezpenean. ©EITB

'Itxaso' telesaila gaurtik aurrera egongo da ikusgai Primeran-en

Beñat Mujika Telleria

Zortzi atal ditu, eta Nerea Mazo, Jon Plazaola eta Itziar Atienza dira protagonista nagusiak
Maider Unda borrokalaria. / ©Jaizki Fontaneda, Foku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.