Donostiako Aste Nagusia

Bezeroek gora, prezioek ere bai

Pasealeku Berriko barrakak hasiak dira normal jarduten. Barraketako jabeetako batzuek pandemiaren aurreko urteetan baino «negozio hobea» egin dute aurtengo Aste Nagusian.

Jendetza bildu zen astearte gauean Pasealeku Berrian. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aste Nagusiaren erdia pasatuta, giroak ez zuen etenik asteazkenean, DonostiakoPasealeku Berriaren hasieran; mugimendua nabari zen. Batzuek, haizearen laguntzarekin, alde egiten zuten, eta beste batzuek, ordea, haize gogorrari aurre eginez, nekez egiten zuten aurrera barraken gunean.

Adin guztietako jendea zebilen; batzuek itsaso zakarrari argazkiak ateratzen zizkioten, eta ez zen gutxiagorako, ikuskizun ederra baitzen. Lau laguneko kuadrilla batek kontrako bidea egiten zuen, haietako batek tonbolan lortutako urdaiazpiko bat esku artean zuela.

Pasealeku Berrian aurrera egin ahala, agerian geratzen ziren lehen barrakak. Itsasora begira zegoen itsasontzi pirata, geldirik, haize bortitzaren eraginez, segurtasun kontuengatik itxita baitzegoen. Jende andana zebilen bai barraketan eta bai inguruan haiei begira.

Giroa, ordea, normalean baino isilagoa zen. Izan ere, Donostiako Udalak, autismoa duten haurrek zein helduek barrakez gozatzeko aukera izan dezaten, zaratarik gabeko ordu tarteak jarri zituen. Hiru egunetan izan dira zaratarik gabeko tarte horiek, 16:30etik 18:30era. Hala ere, bazen musika jarri zuen atrakzioren bat ere.

Egun jendetsuak

Roberto Pervis haize zakarrarengatik itxita zegoen atrakzioetako baten jabea da, eta alboko atrakzioko Eduardo Nafriarekin zebilen hizketan asteazkenean. Biak ala biak «oso pozik» zeuden aurten izan dituzten salmentekin.

«Oso urte gogorrak izan dira. Barraketako negozioaz gain, nik taberna bat dut Bilbon, eta ostalaritzarentzat ere ez dira une gozoak izan», esan zuen Pervisek. Pandemiak gelditzera behartu zituenean, barraketan ibiltzen ziren langile askok beste lanen bat bilatzeko zailtasunak izan zituztela azaldu zuten Nafriak eta Pervisek.

Amelia Dos Santosek kontatu zuen pandemia garaian, haren senarra eta semea kamioilari lanetan ibili zirela. Haren esanetan, aurtengo salmentak «askoz ere hobeto» joan dira, jende asko joan baita Pasealeku Berrira.

Iaz, neurriak betez, barrakak Pasealeku Berrian jartzeko aukera eman zien udalak, eta aukera «bikaina» izan zen pixkanaka aurrera egiteko. «Donostiako Udalak gogoa jarri zuen gu itzultzeko; beste udal batzuek ez zuten lan hori egin», argitu zuen Pervisek. Aurten, pandemia aurreko ibilbideak berreskuratzea lortu dutela esan zuten langileek.

Gastu gehiago

Mirari Garaikoetxea bere semeari begira zegoen. Tonbolako erruletari tira egitea egokitu zitzaion eta. «Erruleta biraka ari da...» zioen, kantuan, tonbolako jabeak. Eraikuntzarako sorta bat egokitu zitzaion semeari, eta haserre moduan itzuli zen amarengana: «Nik bideojokoa nahi nuen!», esan zuen. Garaikoetxeak argi esan zion umeari ez ziola txartel gehiago erosiko: «Oso garesti daude», argudiatu zuen.

Atrakzioetako langileei ez zitzaien asko gustatu prezioaren gaia: «Guri ere argia edota erregaia igo dizkigute, eta horrek prezioetan eragina du, guk etekina atera behar dugu eta», azaldu zuen Nafriak. Pervisen esanetan, kamioiaren erregai depositua betetzea 700 euro garestiagoa da gaur egun. 50 zentimo igo du prezioa bere barrakan Pervisek.

Dos Santosi, ordea, apur bat kosta zaio prezioa igotzea, eta, azkenean, mantentzea erabaki du. «Pandemiatik irteten ari gara oraindik ere, eta justuak izan behar dugu familia eta haurrekin», esan zuen.

Mariaje Landa bere bilobaren eskutik zihoan Pasealeku Berrian aurrera. Haurrak panpina bat zeraman eskuan, eta, tonbola paretik pasatzean, amonari txartelak eskatu zizkion. «Badakizu, aitona-amonak bilobak mimatzen ditugu sarritan», esan zuen, barre artean. «Aste Nagusian behin etortzen gara barraketara normalean, egun berezi bat izaten da biontzat», azaldu zuen Landak.

Lara Etxebarriak eta haren familiak ez zuen atrakzioetara igotzeko inongo asmorik. Paseoan zebiltzan laurak. Barrakak ikustera joaten dira normalean, hori ere «entretenigarria» baita. «Orain eguraldia kaskartzen ari da, eta badirudi euria egin behar duela; beraz, badugu aitzakia barraketara ez igotzeko!», esan zuen txantxetan Etxebarriak.

Haren adierazpenetatik minutu gutxi barru, haize bortitzari euria gehitu zitzaion. Aterkia irekitzera ausartzen zirenak gutxi ziren, apurtuko ote zen beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.