Sara Alonso. Mendi korrikalaria

«Zegama-Aizkorrin hiru onenen artean egotea dut amets»

Iazko denboraldi bikainari jarraipena ematen ari zaio Alonso, eta orain jokatutako hiru lasterketak irabazi ditu. Horien artean dago Transgrancanaria. Bide beretik segitzea du helburu.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bidaia eta bidaia artean egin du elkarrizketa Sara Alonsok (Donostia, 1999). Urtea hasi denetik ez ditu asteburu asko pasatu etxean, lasterketen ondorioz. Aurtengo denboraldirako gogotsu dago, eta amesten jarraitu nahi du. Mendi lasterketez eta bizitzaz ahobizarrik gabe hitz egiten duten horietakoa da.

Denboraldi hasieran, Kanaria uharteetan egonaldi luze samar bat egin zenuen bi lasterketa jokatzeko, eta orain, berriz, Malagatik etorri berri zara (Espainia). Ez zara asko gelditzekoa.

2020an, ahizpa Kanaria uharteetan egon zen bizitzen, eta bisitan joan nintzen batean, asko gustatu zitzaidan lurraldea. Azaroa zen, eta bertan nengoela Transgrancanaria (42 kilometro) lasterketan izena eman nuen, baina, COVID-19a pasa berritan, oso lasterketa txarra egin nuen. 2021-2022ko ikasturteari begira, Espainiako Unibertsitate Zentroen Arteko Truke Sistemaren (SICUE) bidez, Kanarietara joan nintzen ikasketak amaitzera,irailetik martxora arte. Arantza sartuta neukan Transgrancanariarekin, eta hura ateratzeko asmoz joan nintzen. Lasterketa bikaina egin nuen, dena ondo atera zitzaidan. Ondoren, LPA Trail (23 kilometro) lasterketa ere jokatu nuen, eta bertan ere irabaztea lortu nuen errekor berria lortuz. Orain, berriz, Malagan egon berri naiz. Gustura nabil batetik bestera.

Denboraldia bikain hasi duzu.

Bai. Aurtengorako ez neukan ezer pentsatuta, baina iaz ezin izan nuen lasterketarik irabazi, eta aurtengorako gogotsu nengoen. Urtea behintzat ondo amaitu nuen Donostiako San Silvestre lasterketa irazita, eta aurtengoa ere ondo hasi dut. Lehen aipatutako Transgrancanariaz eta LPAz gain, asteburuan Calamorro Skyrace (Benalmadena, Espainia, 23 kilometro eta +2.270 metro) lasterketa irabaztea ere lortu nuen. Ezin diot gehiago eskatu orain artekoari.

Bi urte baino gutxiago daramazu mendi lasterketen munduan, baina dagoeneko erakusleihoan jarri zara.

Bai, hala da. 2020ko irailean jokatu nuen nire lehen mendi lasterketa Canfrancen (Espainia), eta geroztik gauza asko pasatu zaizkit. Nik ere ez nuen espero halako garapena izango nuenik.

Lehen lasterketa hartan ia irabazi ere egin zenuen.

Canfrancen jokatutako lasterketa hartan, inork ez ninduen ezagutzen. Antolatzaileei idatzi nien esanez lehen lerrokoekin atera nahi nuela, baina, normala denez, erantzun ere ez zidaten egin. Nik orduan ez nituen mendi lasterketak ezagutzen; ez nekien zer eraman behar zen ere. Derrigorrezko materialean, esaterako, mahuka luzeko pijama bat eta gasolindegian erositako eskularru batzuk eraman nituen! Eskerrak errepideko lasterketetatik ezagutzen nuen Oihana Kortazarrek manta termikoa ere utzi zidan. Lotsa ematen zuen nire motxilak! Lasterketa hartan, minututik minutura irten ginen, eta ni azken hamarretan atera nintzen. Izugarri azkar atera nintzen, errepidean bezala, eta, lehen erditik pasatu nintzenean, oso denbora ona egiten ari nintzen. Bigarren amaitu nuen. Ezusteko galanta izan zen niretzat emaitza hura.

Bitxikeria bat ere gertatu zitzaizun helmuga zeharkatu ondoren.

Bai! Ni iristerako, podiumeko argazkia egina zuten jada. Inork ez zuen espero nik bigarren amaitzea, eta antolatzaileak ere ezustean harrapatu nituen. Lasterketa hura Servant Nadege frantziarrak irabazi zuen, eta podium hartan, Maite Maiorari eman zioten hirugarren saria.

Ondoren, Salomon talde ezagunak fitxatu zintuen. Nola egokitu zitzaizun egoera?

Egokitu? Ez, ez, nik idatzi nien haiei! Canfranceko lasterketaren ondoren, telefonoa hartu, eta Maite Maioraren eta Gisela Carrionen aurretik gelditu nintzela esan nien. Maiora badakigu nor den, eta Carrion ere Espainiako txapeldun gelditu zen handik aste gutxira. Baiezkoa eman zidaten, eta Salomon taldearekin hasi nintzen.

Haiek antolatzen duten Golden Trail Serieseko zirkuituan aritu zinen gehienbat iaz. Nolako esperientzia izan zen?

Aipatu bezala, Golden Trail Serieseko lasterketa batzuk jokatu nituen, eta finalean ere egon nintzen. Lasterketa bikainak ezagutzeko aukera izan nuen, haien artean L´Olla de Nuria (Herrialde Katalanak), Sierre-Zinal (Suitza) eta Skyrhune (Azkaine, Lapurdi). Finalean, lehen hamarrentzat zegoen lekua, eta El Hierron (Kanaria uharteak) egoteko aukera izan nuen. Izugarria izan zen hura! Gaur egun munduan dagoen korrikalaririk onenak irabazi zuen, Maude Mathysek, eta nik bederatzigarren amaitu nuen.

Hain denbora gutxian munduko onenekin lehian ibiltzeak harritu zaitu?

Ez dakit… Asko motibatzen naiz lasterketekin; beti aurrera begira dauden horietakoa naiz. Ederra da munduko onenekin lehiatzea!

Atletismoan urte batzuk egin ondoren hasi zinen mendi lasterketetan. Zergatik egin zenuen jauzia mendira?

Lleidan (Herrialde Katalanak), unibertsitatean, INEFC ikasketetako lehen ikasturtean nengoela, gaitegi batean, entrenamendu bat antolatu behar genuen. Inguruan, 13,5 kilometroko lasterketa antzeko bat zegoen, eta bertan egitea erabaki genuen. Errepideko oinetakoekin egin nuen, baina oso erraz irabazi nuen. Orduan jada gustukoa nuen mendian korrika ibiltzea, baina garai hartan erabat errepidean, pistan eta krosean ibiltzen nintzen. Udaren batean, lasterketaren bat ere egin nuen, esaterako Andoainen. Baina gauzak pandemiaren aurretik aldatu ziren niretzat. Unibertsitatean irakasle nuen Silvia Puigarnau ultra korrikalariak behin aipatu zidan mendian ibiltzeko gaitasuna nuela, eta ondo ikusten ninduela. Ez nion berebiziko garrantzirik eman hasieran, baina, pandemiagatik etxean sartu gintuztenean, mendi lasterketetako bideoak ikusten hasi nintzen: Kilian Jornetenak, Zegama-Aizkorrikoak, Golden Trail Seriesekoak… Izugarria iruditzen zitzaidan! Bideo haiek erakarrita, egutegian ikusi nuen lehen lasterketan izena eman nuen, Canfrancekoan hain zuen. Geroztik hemen nabil.

Ez al zaizu iruditzen oraindik ere errepidean gauza asko zenituela egiteko?

Ez. Azkenekoz jokatu nuen Espainiako txapelketan, jada mendian pentsatzen jarrita nengoen. 3.000 metroko oztopodunean jokatu behar nuen txapelketa, eta asteburu berean Cap de Creuseko (Herrialde Katalanak) mendi lasterketa jokatzen zen. Ba, pentsa, ni arduratuago nengoen bertako emaitzez, nire txapelketaz baino! Hori bai, argi neukana zera zen, 2021eko denboraldia mendian egingo nuela. Jendeak esaten zidan behin mendian hasita errepiderako oso motel ibiliko nintzela, baina errepidean egin ditudan lasterketa gehienetan denbora hobetzea lortu dut. Pistan ibiltzeaz nazkatuta amaitu nuen, eta ez dut uste ezer galdu dudanik erabakiarekin. Halere, ez dut errepidea utzi. Maratoi erdi bat egiteko gogoa daukat.

Orain arteko ibilbidea oparoa izaten ari da, baina negarrez ere ikusi zaitugu lasterketaren batean. Dena ez da arrosa kolorekoa izaten ari.

Bai, orain artean jokatutako lasterketa batzuetan izugarri sufritu dut, esaterako lehenengo Transgrancanarian, Skyrhunen eta El Hierroko finalean. Oso burugogorra naiz, eta beti dena ematera ateratzen naiz, nahiz eta ondo ez egon. COVID-19arekin egon nintzenean, oso gaizki pasatu nuen, eta banekien ez nintzela batere ondo ibiliko Transgrancanarian, baina, halere, joatea erabaki nuen. Lehen kilometrotik oso gaizki atera nintzen, eta ibilbide guztian ezinean joan nintzen. Askok esan zuten oso luzea egin zitzaidala, alegia, ez zela niretzako distantzia. Baina arazoa ez zen distantzia izan, gaixotasuna baizik. Orduan ez nuen ezer esan. Ez zait gustatzen aitzakiak jartzea, eta beti pentsatzen dudana esaten dut.

Askok diote hain gaztea izanda lasterketa luzeegiak jokatzen dituzula. Zer duzu esateko?

Niri zuzenean inork ez dit ezer esan, baina ingurukoei badakit aipatu izan dietela. Erre egingo naizela diote. Pistan, esaterako, 100 metrotan ibiltzen direnak ondo ikusiak daude, baina mendian maratoi distantziatik gorako lasterketetan dago dirua. Ez dago kilometro bertikaletan edo distantzia motzetan; maratoi distantziatik gorakoetan eta ultra distantziatan dago dirua. Transgrancanarian, esaterako, ultra distantziakoek 3.000 euroko saria zuten, eta maratoikoek, 2.500ekoa. 30 kilometrokoek, ordea, txalo bat eta etxera! Gauzak horrela daude trailaren munduan. Onenekin lehiatu nahi baduzu, distantzia luzeetan lehiatu beharko duzu. Nik argi daukat non lehiatu nahi dudan; maila handiko korrikalariak dauden tokian lehiatu nahi dut. Gauzak garbi dauzkat alde horretatik. Iaz, esaterako, ez nuen lasterketarik irabazi, baina munduko onenekin lehiatu nintzen. Niretzat horrek gehiago balio du.

Hain zuzena izatea ez da ona izaten askotan.

Ez, baina ni halakoa naiz. Lasterketa batean neure burua podiumean ikusten badut, esan egiten dut. Gero lasterketa txarra ateratzen bazait, ba, zer egingo zaio! Sasoiko baldin banago, zergatik ez dut esango?

Salomon taldean ere aldaketa handiak egin dituzte etorkizunera begira. Gazteen aldeko apustu garbia egin dute.

Bai, eta hori ere ona da niretzat. Oraindik ere beterano batzuk jarraitzen dute, esaterako Aritz Egeak, Oihana Kortazarrek edo Ainhoa Sanzek, baina oso talde gaztearen alde egin dute apustu. Gainera, gaur egun, babesleek ere asko begiratzen dute sare sozialen kontua. Gazteek oso eguneratua dugu sareen gaia, eta gaur egun ezinbestekoa da hori ere zaintzea. Korrikalari asko ezagutzen ditut emaitza onak izan arren sareetan gutxi mugitzen direnak, eta hori ere ez da ona markentzat. Haiek saltzeari ematen diote garrantzia. Gaur egun mendi lasterketetatik bizi edo iraun nahi duen edonorentzat ezinbestekoa da sareetan mugimendua izatea. Alde horretatik, eroso sentitzen naiz.

Zuk ere mendi lasterketetatik bizitzeko hautua egingo duzu luze gabe?

Bai! Hogeita bi urte ditut, karrera ere amaitu dut, eta hurrengo urteetan honetatik bizi nahiko nuke. Gurasoekin bizi naiz gaur egun, eta alde horretatik ez daukat gainkargarik. Baina, honetatik bizitzeko, ezinbestekoa da babesleen laguntza izatea. Gaur egun, babesle batzuk baditut, eta etorkizunean gehiago izatea gustatuko litzaidake.

Aurtengo denboraldirako zer egutegi prestatu duzu?

Orain arte egindako lasterketez gain, hurrengo lasterketa Zegama-Aizkorri izango da. Ondoren, atletismoko Espainiako txapelketan eta Golden Trail Serieseko zirkuituan arituko naiz. Ekainean, L´Olla de Nurian (Herrialde Katalanak) eta Montblanceko maratoian (Chamonix, Frantzia) izango naiz; uztailean, Spartan Trailzirkuituko lasterketa bat jokatuko dut Australian; abuztuan, Sierre-Zinalen izango naiz berriro, eta irailean, AEBetara joango naiz bi lasterketa korritzera. Urrian, Madeirako (Portugal) Golden Trail Serieseko finalean egotea gustatuko litzaidake.

Zegama-Aizkorrin irabaztearekin amesten duzu?

Gaur egun ezinezko ikusten dut. Argi daukat Maude Mathys suitzarrak irabaziko duela eta errekorrari (Maite Maiora, 4:34,27) hogei minutu kenduko dizkiola gainera! Haren atzetik, Nienke Brinkman nederlandarra sailkatuko da ziurrenik, eta beste guztiak atzetik ibiliko gara. Nik, halere, podiumarekin amesten dut. Badakit oso zaila izango dela eta denak ondo atera beharko lukeela, baina amestu egin nahi dut. Lehen bosten artean sailkatuta ere konformatuko nintzateke. Oso ameslaria naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.