Noiz sortua: 2020-05-05 00:30:00

Guztientzako irekitako etxe bat

Argentinako Necochea hiriko euskal etxeak 75 urte bete ditu. Euskal Herritik emigratu zutenek jarri zuten martxan, euskal kultura mantentzeko asmoz. Denetariko jarduerak antolatzen dituzte, herritar guziei irekiak beti. Asko izan dira ordutik Argentina eta Euskal Herria arteko joan-etorriak. Ikusi argazki bilduma.
<b>Baserria Argentinan. </b>Necocheako euskal etxearen irudia, inaugurazio egunean, 1951n.
Baserria Argentinan. Necocheako euskal etxearen irudia, inaugurazio egunean, 1951n. NECOCHEAKO EUSKAL ETXEA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko maiatzak 5

Francisco Zubillaga Argentinara emigratu zuen hernaniarrak Necochea hiriko euskal dantza taldea sortu zuenean, ez luke pentsatu ere eginen bere biloba Marcial Agostinik talde horri esker ezagutuko zuenik Euskal Herria. Are, bere sortetxearen gerizpean dantzan ariko zenik taldea sortu eta 67 urtera. Itzulerarik gabeko bidaia zen Ozeano Atlantikoa zeharkatzea, edo hala uste zuten erabaki hori hartu zutenek, behinik behin. Hark eta beste euskaldun batzuek sortu zuten duela 75 urte Necocheako Euzko Etxea euskal etxea. Ozeanoko olatuek bueltan ekarri zituzten ondorengoak, behin eta berriro, sorlekua eta diaspora lotzen zituen haria ez baitzen eten.

Necocheako 58. etorbidea eta 65. kalea gurutzatzen diren tokian baserri itxurako eraikin handi bat dago. Euskal etxeak euskaraz agurtzen du bisitaria: Hemen sartzen dena bere etxean dago. Begi kliska bat da atariko mezua, edo zabal-zabalik diren bi beso. Euskaldunari, argentinarrari... nornahiri zuzentzen zaio. «Guziei irekia da; sortzez ere hala zen. Necochea erdia pasatu da hemendik nola edo hala, eta mundu guziak badu zer ikustekorik euskal etxearekin», azaldu du Kiti Zubillaga lehendakariak.

Horren adierazgarri da euskal etxean ez direla soilik euskal abizenak mantendu. Nahasketa dago. «Nire semeen aitak ere ez zuen deus ikustekorik euskaldunekin, Picon du abizena. Baina euskal etxean sartu eta egokitu zen». Are, bera da euskal kantak ematen dituen Ochote taldeko zuzendaria. «Horrelako asko izan dira: hargatik edo honengatik euskal etxera gerturatu zirenak, eta arduraren bat hartzen edo lanean bukatu zutenak».

Izan ere, euskal etxea elkarte berezia da, lehendakariaren ustez: «Filosofia oso bat dago klub huts bat izatetik aldentzen gaituena». Horietako bat da belaunaldiz belaunaldiko jarraitutasuna. Maitasuna agerikoa da, Arantxa Zubillaga lehendakari- ordearen hitzetan: «Gure bigarren etxea da, gure bizitzaren parte. Ez duzu bizitzako unerik gogoratzen euskal etxetik kanpo. Bilgune bat da, bilgune kutuna, eta bakartze egun hauetan gehiago sumatzen dugu bere falta». Sentimendu berarekin mintzo da haren seme Marcial Agostini: «Beste toki batzuetan ez dagoen jarraikortasun bat dago: pasatu ziren gure aitona-amonak, gure gurasoak, eta orain, gu. Pareta horien artean hori sumatzen da». Horregatik eutsi dio hainbeste urtez. Ikuspuntua aldatzeko aholkatu du Agostinik, Euskal Herrian ez baita hain arraroa elkarte batek 75 urte betetzea: «Guretzat asko da, Necocheak heldu den urtean 140 urte beteko baitu».

Euzko Etxea elkartea 1945eko apirilaren 15ean sortu zen modu ofizialean, baina aurretik ere euskal migranteek bat egiten zuten. Kiti Zubillagaren aitatxi Gregoriok 18 urterekin hartu zuen Argentinarako bidea. Bere hotelean biltzen ziren hara joandako euskaldunak, eta San Inazio egunez besta antolatzen zuten. 36ko gerra dela eta, 1937an eta 1938an ez zuten deus antolatu, baina 1939koa berezia izan zen. Horrela gogoratu du Arantxa Zubillagak: «Gerra bukatuta, alaitasuna zabaldu nahi izan zuten. Kamioneta batean igo ziren txistu eta akordeoiarekin, atzeko partean, eta musika jotzen ibili ziren etxez etxe, agintarienean geldituz». Horrela hasi zen Alegre despertar (alai esnatzea), gaur egun urtero urtero mantentzen den ohitura.

Beraz, euskal etxea sortzerako bazen nondik edan. 1944an Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten Necochean. Halakoetan, dantzariak eta bazkari handiak ez ziren falta. Hurrengo urteko apirilean erabaki zuten euskal etxea sortzea. Hirurehun bazkide ziren, eta irailerako bikoiztu zuten kide kopurua. Lehendakariak aipatu du erakundea sortzeko arrazoi nagusia: «Hona etorritako euskaldunek bazekiten ez zirela sorterrira inoiz itzuliko, eta haien kultura mantendu nahi zuten: kantuak, bazkariak...».

Guzien izerdiaz eraikia

Horren ondorengoa hitz bakarrean laburbildu liteke: lana. «Maila ekonomiko guzietako jendea zegoen, baina denek eman zuten diru zerbait, eta haien lana eta ahalegina», azaldu du lehendakariak. Arantxa Zubillagak berdin uste du: lana eta elkartasuna ditu euskal etxearen oinarritzat. «Zortea izan dugu beti bazelako zerbait egiteko iaioa zen norbait. Beraz, denak batuta, elkarrekin arituta ez da lana, gozamena baizik. Auzolanean zerbait egin behar denean, jendeari txandaren batean izena emateko eskatzean, 'egun guztietan' da erantzuna».

Eraikinaren lehenbiziko harria 1946. urtean paratu zuten, eta 1951n inauguratu zuten ofizialki, San Inazio egunez. Geroago etorri ziren saskibaloi kantxaren eta trinketaren inaugurazioa, geroago gastronomia txokoarena. 1955ean, Jose Antonio Agirre lehendakaria han izan zen, eta ondoren askotan izan dituzte Eusko Jaurlaritzako kideak euskal etxean. Euskal kulturaren munduko jendea ere bai; Necochean jo duten euskal taldeak ez dira gutxi: Gozategi, Enrike Zelaia, Pantxoa eta Peio, Drindots, Kalakan... Gehienak Euskal Aste Nazionalean aritu izan dira, Argentinako euskal etxe guziak batzen dituen bestan. 1981ean antolatu zuten lehen aldiz Necochean, eta han izan ziren, besteak beste, Xabier Amuriza bertsolaria, eta Lourdes Esnaola eta Joxe Juan Ugalde dantzariak. Necocheari zortzi aldiz egokitu zaio besta hori antolatzea. Azkena, 2016an.

Bestak garrantzi handia du euskal etxean, eta hori necocheatar guziek badakitela dio lehendakariordeak: «Jendeak beti esaten digu oso alaiak garela eta beti bestan ari garela. Egia da beti badela aitzakia on bat besta egiteko, han egiten duzuen bezala». San Inazio da euskal etxeko besta nagusia, larunbatarekin ospatzen dutena. Alegre despertar puska biltzea bai, San Inazio egunez egiten da beti. «San Inazio da bestarik tradizionalena, guzien historiaren memoria da», azaldu du lehendakariak. Denak saiatzen dira itzultzen egun horretan. Baita La Platan ikasten dutenak ere.

Sansebastianak ere ospatzen dituzte. Han uda izanda, mahuka motzetan jotzen dute danborra. «Irekiagoa da besta hori. Gaztelubidekoak etorri ziren, eta 1990eko hamarkadan hasi ginen danborrada muntatzen». 2000. urtean jo zuten lehen aldiz, eta geroz eta jende gehiago batu da.

Joan-etorriak ohiko bihurtu ziren Necochean, baina XXI. mendeak ekarri zuen Euskal Herriarekin estuen lotuko zuen lokarria: Hator Hona. Uztailean euskal gazteak gonbidatzen dituzte euskal kultura erakuts dezaten. Iaz zen XV. edizioa. «Gazteek beti izan dute tokia hemen. Haiek bultzatu zuten Hator Hona», kontatu du lehendakariordeak. «Beti izan genuen harremana Euskal Herriarekin, baina horrek bidaiatzeko aukera eman zien gazteei, eta gero gurasoei. Euskal Herria ezagutzen duzunean, hemen beste modu batera hartzen dira erabakiak. Garrantzitsua da».

Kiti Zubillaga antzera mintzatu da: «Euskaldunaren irudia aldatu zen gure buruan, eta gure euskaltasuna indartu zen». Euskara ere piztu zuen. Lehendakariordea euskalduna da, adibidez, eta harro kontatu du atzerriko lehenbiziko mintzodromoa Necochean antolatu zela: «Orain euskarari balio handia aitortzen zaio, hein handi batean Hator Honari esker. Jendea ikasten saiatzen da, eta euskarazko kantak geroz eta gehiago aditzen dira txokoan».

Hator Honan izerdia eta gogoa jarri duten gazteetako bat da Agostini. Horri esker etorri zen Euskal Herrira 2008an eta 2013an. Horrek bultzatu zuen euskara ikastera ere. Kontent eta harro mintzo da euskal etxearen etorkizunaz: «Gizartea asko aldatu da; lehen elkarte batera joan behar zen jendearekin elkartzeko; orain, ordenagailuak daude. Erronka handiak ikusten ditut aurrean, baina oso egoera onean gaude; zuzendaritzan belaunaldi aldaketa izan da, eta lanerako gogo handia ikusten dut. Epe luzera lan egin beharko da, baina ez dago jende honekin aurrera atera ezin den erronkarik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. ©

Nafarroako Gobernuak «jarrera zuhurra» du lurraldeen arteko joan-etorriekin

Berria

«Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoa berbera ez izatea», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen hirugarren fasea bukatu arte ezingo dela autonomia erkidego batetik bestera bidaiatu. 

Heriotza kopurua asteka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ©INE

Nabarmen goratu da izurriak eragindako heriotzen kurba

Edu Lartzanguren

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko lehen agerraldian, Kongresuan. ©J. J. Guillen / EFE

Espainiako Kongresuak larrialdi egoeraren seigarren luzapena onartuko du gaur

Paulo Ostolaza

Ekainaren 21 arte luzatuko dute; printzipioz, azken aldiz. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna