Aisialdiko eskaintza: doikuntza eta zalantza

Aisialdirako jarduerak eskaintzen dituzten erakundeak egoera berrira moldatzen ari dira. Taldeetako kide kopurua murriztea eta bakarkako ariketak bultzatzea dira hartu dituzten neurrietako batzuk. Hizkuntza eskoletan, kiroldegietan eta kultur etxeetan aplikatu dituzte neurriok, besteak beste.

Maskara. Landako kiroldegian, maskara jantzita egiten dute ahal den heinean. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Irailak markatu ohi du oporren amaiera eta ikasturte berriaren hasiera. Eskolak eta lanak ez ezik, aisialdiko eskaintzak ere hartzen du martxa. Matrikulazio eta antolaketa garaia izaten da iraila kiroldegien, kultur etxeen eta hizkuntz eskolen arduradunentzat, besteak beste. Aurten, osasuna bermatzeko protokoloa erantsi diote urteroko prestaketari, eta, zenbait kasutan, bertan behera utzi behar izan dute ekintzaren bat edo beste. Denek nabarmendu dute egoera egun batetik bestera alda daitekeela, eta neurri guztiak malgutzeko edo zorrozteko parada dagoela uneoro. Zalantza da nagusi arduradunen artean, eta, doikuntza lan mardula egiten ari diren arren, badakite urrian, ikastaroak hasten direnean, agertokia oso bestelakoa izan daitekeela. Kasurako, oraingoz, eskola kirolari dagozkion ekintzak ez abiatzea erabaki dute ia lurralde guztietan. Gipuzkoan bakarrik onartu dute urrian hastea entrenamenduekin, eta urtarrilean, berriz, txapelketekin.

Protokolo eta argibide orokorrak daude, baina bakoitzak bere erara moldatu behar izan ditu jarduerak, eta zehaztuta ez dauden egoeretan erabakiak hartu. Maskara erabili beharko da toki guztietan, eta, zenbaitetan, 1,5 metroko distantzia gorde. Hortik aurrera, tokian tokiko baliabideen arabera txertatu dituzte moldaketak: gunearen, jarduera motaren eta bestelako baliabideen arabera ari dira aurrera eramaten prestaketa lanak. Denek dute argi: ahal dela, eskaintza mantendu nahi dute. Hain zuzen, Conchi Torre psikologoak esplikatu du onuragarria dela aisialdiko jarduerei eustea, helduen nahiz haurren kasuan. «Aisialdiko ekintzak arnasgune bat dira, eta aukera ematen dute beste pertsona batzuekin erlazionatzeko». Onura horiei eutsiz errealitatera egokitzea da giltza. «Gizakiak egokitzapen gaitasun handia dauka, eta irudimena baliatu beharko dugu egoera berri honi aurre egiteko». Lan horretan ari dira aisialdi espazioen arduradunak.

Kasurako, Iruñeko hizkuntza eskolan, aurten ez dira txinera, japoniera eta gaztelania irakatsiko. Hizkuntza hauek ez dira ofizialak, eta eskolak bere kabuz prestaturiko eskaintza da. «Kasu hauetan, irakasleak ez ditu Hezkuntza Sailak kontratatzen; beraz, itxialdi bat baldin badago, ezin dugu bermatu irakasle hauek eskolak etxetik emateko baliabideak dituztenik». Arrazoi horren bidez azaldu du Imanol Haranburu hizkuntza eskolako zuzendariak eskaintza bertan behera utzi ziana. Gainerako hizkuntza ofizialen eskaintza, berriz, ohi bezala mantenduko da: maila guztietan eta hizkuntza guztietan egongo dira eskolak. Halaber, ratioak ere berdinak dira: 25 ikasle egongo dira gela bakoitzean. Aldaketa nabarmenenak maskaren erabilera eta pertsonen arteko distantzia izango dira.

Bi neurri horiek eragina dute hizkuntzen ikasketa prozesuan eta taldeen barne dinamiketan. Horregatik, zenbait aldaketa egin dituzte: «Ikasleek uneoro eraman behar dute maskara jantzita; baina, irakasleek aukera dute metakrilatozko pantaila bat erabiltzeko, ikasleek ahoskera hauteman dezaten». Era horretan, irakasleen eskari bati erantzun nahi izan diote, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa errazteko. Halere, Haranburuk uste du «zailtasunak» ekar ditzakeela ikasleek maskara kentzeko aukerarik ez izateak.

Eskola dinamikei dagokienez, «talde hibridoak» sortzea proposatu diote Hezkuntza Departamentuari. Era horretan, ariketa indibidualak taldeko jarduerekin uztartu nahi dituzte. «Taldearen erdia eskolan egongo da, eta beste erdia, etxean, baina gelako dinamika zuzenean jarraituko dute etxekoek; era horretan, binakako edo taldekako elkarrizketa eta eztabaidak egin daitezke, etxean daudenak eta ikasgelan daudenak elkartuz». Segurtasun distantzia errespetatu, baina eskolen talde izaera galdu barik. Ahalegin hori egin nahi dute Iruñeko hizkuntza eskolan.

Zalantzekin, aurrera

Orokorrean, toki gehienetan ari dira aurreko urteetako egitarauari eutsi nahian, nahiz eta zenbait gauza birformulatu. Markinako Uhagon kulturgunean (Bizkaia), hainbat dantza modalitate eskaintzen dituzte urtero, eta hala jarraitu nahi dute. Ikasleek dantza indibidualak egin beharko dituzte, eta saio bakoitzeko parte hartzaile kopurua murriztu dute: lehen, 20-25 ikasle egoten ziren jarduera bakoitzean; orain, berriz, gehienez jota 10-12 laguneko taldeak izango dira. Bestalde, saioak pixka bat motzagoak izango dira, sarrera eta irteerak ondo antolatu ahal izateko. Moldaketak egin behar izan dituzten arren, Aintzane Gandiaga kulturguneko langileak garbi du nahitaezkoa dela ikastaroak egiten saiatzea: «Herritarrei gogoko dituzten ekintzak eskaini behar zaizkie, eta saioak gidatzen dituzten profesionalen lanbidea da».

Gogo beste zalantza dituzte, eta irizpide «zehatzagoen» falta somatu du Gandiagak. «Maskararen erabilerarekin, adibidez, esaten da kirol jardueretan kendu daitekeela, eta dantza, berez, ez da kirola, baina ez al da esfortzu ariketa bat?». Horiek horrela, ardura bere gain sentitzen du kulturguneko langileak, eta oraindik behin betiko erabakiak hartu ez dituzten arren, Gandiagak ohartarazi du «osasun berme gehien» duten erabakien alde egingo dutela: «Ziur aski, maskara jantzita egingo dira ekintza guztiak».

Amurrioko kultur etxean (Araba), berriz, eskulangintza ikastaroak programatzen dituzte urtero. Aurten ere jarduera berberekin abiatu dute matrikulazio epea. Ander Iturbe Amurrioko kultur teknikariak esplikatu du neurri orokorrez gain moldaketatxo batzuk aurreikusten dituztela: «Proposamen bat egingo dugu ratioak zertxobait jaisteko, eta baliteke gela batzuk ez erabiltzea». Zenbait gela oso txikiak dira, eta gune ireki batera aldatuko dituzte hainbat jarduera.

Kirola, osasuntsu egoteko

Bestelako doikuntza ariketa egin behar izan dute kiroldegietan, eta errealitate ezberdinak daude. Hernaniko kiroldegian(Gipuzkoa), karatea izan da bertan behera utzi duten jarduera bakarra, eta, haurrentzako eskaintza oraindik prest ez duten arren, eskolekin eta eskola kiroleko ordezkariekin bildu nahi dute eskaintza adosteko. «Guk uretako eskaintza egiten dugu haurrentzat, eta, beste eragileekin bilduta, Hernani osoa kiroldegi bihurtzea da asmoa», hala azaldu du Esti Aldeiturriaga Hernaniko kirol zinegotziak. Proposamen berriak erantsi dituzte programaziora. «Aire libreko jarduerak eta 65 urtetik gorakoentzakoak txertatu ditugu». Horrela, herria kiroldegi bihurtu nahi dute, batetik, eta konfinamenduak helduenen gorputzean eragindako kalteak arintzen lagundu, bestetik.

Durangoko Landako kiroldegitik (Bizkaia), kirolari andana pasatzen dira egunero, eta, kiroldegiaren berezko eskaintzaz gain, kirol federatuko entrenamendu eta ikastetxeetako soinketa saio asko ere egiten dira han. Txapelketa askoren jokaleku ere bada Landako. Aurten, oraingoz, martxa hartzen ari dira; izan ere, ikasturte hasiera atzeratu behar izan dute. Iñaki Inza Durango Kirolak-eko teknikariak azaldu duenez, «normalean, gure ikastaroak irailaren lehen egunean hasten dira, ekainaren 30ean matrikulak automatikoki berritzen direlako».

Martxoko geldialdiaren ondorioz, orain ari dira ikasturte berria prestatzen. Inzak argi du: «Ez dugu aurreikusten ekintzarik ezeztatzea, baina klub bakoitzak bere kontingentzia plana aurkeztu behar du». Kiroldegiak egindako eskaintzatik at dauden jardueretan, talde bakoitzak zehaztu beharko ditu osasun neurriak. Inzak ohartarazi du protokolo orokorrak baimentzen duen arren kirol jardueretan maskararik ez erabiltzea, jarduera ugari maskararekin egiten direla. «Esfortzu maila batetik aurrera kentzen dute maskara kirolariek, baina, ahal dela, jantzita eraman behar dute». Adibidez, eskalada horman, maskara jantzita eskalatzen dute. Hernanin, ostera, kirolariak maskara kenduta egiten dituzte ariketak.

Zalantza da nagusi, baina eskaintzari eusteko prest dira antolatzaileak. Gomendio bat eman du Torrek: «Irudimena martxan jarri beharko dugu, eta egoera honetan sortzen diren aukerak aprobetxatu; denontzat da ezezaguna; ez dugu inoiz antzeko egoerarik bizi izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.