Aterpe bat itsasoari jarria

Ondarearen Europako jardunaldien barruan, Pasaiako lonjarako bisita gidatuak antolatu ditu Itsas Etxea kofradiak. Baxurako arrantzaren balioa nabarmendu nahi dute horien bidez, eta galtzeko arriskuan dagoen flota gaztetu beharraz ohartarazi.

Beste enkantea. Handizkako erosleen enkantea ahotsez egiten da. Loteak aurkeztu eta prezioak kantatu egiten dituzte. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lehorretik joatea da bat, eta lehorrekoa izatea bestea. Eta badira bi baldintzak betetzen dituztenak ere. Horixe da idazten ari denaren adibidea. Horregatik gelditzen da arraro hastea erreportajea esanez, Pasaiako lonjako jarduna ezagutu duenari bisiguari bezala gelditu zaizkiola begiak irekita, zapoari bezala ahoa zabalik, eta legatzari bezala musua bete hortz. Ez dakiena joaten da ikastera. Eta ikasi nahi duenak badu aukera. Izenekin aritzeak badu arriskua. Esaldiekin aritzeak ere bai, baina arrisku gutxiago du esateak itsasoz blai amaitzen duela Pasaiako lonjara lehorretik bisitan doanak.

05:00ak dira Pasaian (Gipuzkoa). Gehienen mundua lotan dagoen horretan, hiri barruan bada herri txiki bat aspaldian esna. Badiako ur uherrak euriak baino ez ditu astintzen. Bustia ari du. Kaio baten garrasia entzuten da urrunean. Lonjako zaindariaren etxolarainokoa da hozkailu-kamioiek osatzen duten ilara. Hamabi lagun guztira bisita gidatuan. Izan da hiru iratzargailu jarri dituela aitortu duenik ere.

2011ko abuztutik berritze lanetan ari dira lonjan, eta nabari da. Itsas Etxea kofradiako koordinatzaile nagusi Martxel Arozena ariko da gidari lanetan. Aurtengo uztailean inauguratu zuten Itsas Etxea kofradia Donostiako portuan. Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek eta Opegi Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Era- kundeak bultzatutako egitasmoa da. Baxurako arrantzari buruzkoa dute kezka, eta itsasbazterreko jardun horri buruzkoa euren erronka. Sektorean belaunaldi-aldaketa sustatzea, eta bertako arrainekin lotura duen guztiari balioa ematea jarri dituzte helburu gisa. «Ikusgaitasuna eman nahi diogu baxurako arrantzari, eta gazteei lan aukera gisa aurkeztu. Lanbide moderno, grinatsu eta jasangarri, gisa, alegia. Badakigu ez dela bulegoko lana, baina ez da garai batekoa ere», nabarmendu du Arozenak lonjara sartu aurretik.

Itxurazko kaos hartan bada ordena, eta mantentzen dituzte segurtasun neurriak. Hiru gune bereizita: handizkarientzako gunea, arrainen erakusketarako gunea, eta enkanterako gunea. Datuak: 22.000 tona arrain mugitu zituen iaz Pasaiako lonjak, eta «kanpokoa» gehiena. «Estrategikoa» baita Pasaia, Espainiako Estatuaren eta Europaren «tartean» dagoelako, eta «erraztu» egiten duelako horrek arraina batera zein bestera banatzea.

Erakusketa gunera sartu aurrekoak dira azalpenak. Handizkarientzako guneko txoko batean emanak. Bitartean, etenik gabea da erosleen joan-etorria. Izotza han, orgatxoak hemen, eta katiuskak nonahi. Berde tonu ezberdineko kaxak elkarren gainean jarrita. Argiagoak ilunagoekin, eta tartean gorri, urdin eta beltzen bat ere bai. Interesgarria zen ustez galdera, baina koloreek ez dute inolako esanahirik. Hori bai, kaxek eurek merezi dute azalpena: «Galiziatik datoz, eta oso garestiak dira. Arrantzaleek tasa bat ordaindu behar dute bakoitzaren truke, eta itzultzen dituztenean bueltatzen zaie dirua. Badira kaxen gestio egokia egiten ez dutenak, eta dirutza galtzen dute».

Bisitako kideek ere badituzte galderak, eta kezkak. Guztiak argitzen saiatzen da Arozena. Kuoten garrantzia nabarmendu du, eta haiek Europan negoziatzeko «sasoiko» jendea izatea. Baxurako arrainei buruzko azterketa jarri die bertaratu direnei, eta aprobatu egin dute: berdela (otsailetik apirilera), antxoa (apiriletik ekainera) eta hegaluzea (ekainetik urrira). Hortik aurrera,zer? Legatza, eta askotarikoa. Azken sailkapen horretan sartzen dira sardina, txitxarroa... Hain zuzen, hori da Pasaiako lonjaren «indargunea»: askotariko gehien duen lonja, eta erosle gehien duena.

Galdera: «Kostera amaitu bada, nolatan egoten da Kantauriko antxoa arrandegian?». Erantzuna: «Kantaurikoa? Uste dut horrekin erantzun dizudala». Baina ematen ditu azalpen gehiago: antxoaren eta hegaluzearen kosterak bat egiten dutela une batez, eta, kuotaren arabera, gertatzen dela hegaluzetan aritzea, bukatzea, eta oraindik antxoa kuota amaitu gabe egotea. «Hori da aurten gertatu dena, adibidez. Kuota osatu gabe zegoela, eta antxoa egon dela irailean. Osatuta zegoela zirudien, baina Madrildik esan zuten falta zela oraindik apur bat».

Eta bada Itsas Etxea kofradiaren helburuetako bat halako nahasteak argitu eta jendeari «bertako» arrainaren balioa erakustea. Jartzen dutelako arrandegi askotan: «Herrialdeko antxoa». Baina ze herrialdetakoa? «Oraintxe daukaguna Portugalgoa da. Eta ez diot nik txarra dagoenik, baina Portugalgoa dela esan behar da», nabarmendu du Arozenak. Edo esatea: «Gaur goizean arraina erosi dut Pasaian». Baina nongoa? «Erosi duzulako Pasaian, baina berbera eros zenezakeen Cuencan».

Gunez aldatzeko garaia, eta aukera. Hiru eguneko ekaitzaren ostean, egun «pobrea» baitzen osteguna enkanterako eta erakusketarako. Eskerrak. Hango kaxak, etiketak, jendearen joanak, eta arrainen begiradak. Koadernoan apuntatzeko astia justu. Euskarazko etiketarik ez. Itzulpen lanak eginda. Badira batzuk: arrain zabalak, balezta arrainak, perloi beltzak, mihi arrainak, muxarrak, korrokoiak, barbarinak, berrugetak, muxumartinak, lentoiak... Sortaka daude banatuta lurrean, kaxetan sartuta. Sorta bakoitzaren zenbakia agertzen da txikizkarien enkanteko pantailan, arrainaren izena, eta itsasontziarena ere bai, batzuetan. Goitik beheraka hasten da prezioa. Sortalortu nahi duenak —osorik, edo zati bat—, botoi baten bidez gelditzen du goitik beherako prezioaren abiadura. Oso behera egiten dute arrain mota batzuek, eta abiatu eta berehala gelditzen dituzte besteak. Mihi arraina da azken horietako bat. Emakumezkoa —asko dira txikizka erosten dutenen artean—, hurbildu da kaxara, begiratu du ongi etiketa, kendu du tentuz izotza eta hartu du eskuan arraina. Ameto eman dio. «Harrigarria da zenbat dakiten. Begirada bakarrarekin dakite ze kalitatekoa den arraina. Zuk begiratzen diozu, eta ez diozu ezer ikusten. Haiek begiratzen diote, eta esaten dute batzuetan: 'Arrain hori itota dago'. Alegia, denbora gehiegi daramala hilda».

Enkante bat, ahots gora

Pasaiako lonjan bi dira enkanteak: txikizkariena eta handizkariena. Lehenengo hori modu mekanizatuan egiten da, baina bigarrena, ez. Eta zirrara moduko bat eragiten du. Enkantearen arduradun bat dago, eta alboan du idazkari bat. Sorta bakoitza aurkezten du lehenengo, eta prezio batetik beheraka hasten da sekulako abailan kantuan bost zentimokako saltoak eginez. Erosleek gelditzen diote jarduna, «nik» ozen batekin. Guztiak ezagutzen ditu arduradunak. «Zuretzat. Oso ondo. Hogei zentimo aurreztu dituzu», bota dio, umorez. Ez da beti arduradun bera. Eztarriek ere behar dute atsedena. Txandatzen joaten dira. «Handizka erosten dutenek hemen dituzte euren ordezkariak. Eta garrantzi handia dute. Prezioan asmatzea giltzarria da. Bestela, prezioz kanpora zoaz», azaldu du Arozenak. Txikizkako enkantean ez bezala, gizonak dira hemen ia denak. Maskarapean dute sakelakoa sartuta, eta kanpotik jasotako aginduak betez ari dira asko. Idazkariak jasotzen ditu datu guztiak. Dena gelditzen da erregistratuta.

Itsasargi bat kanpoan

Amaitu da lonjako itsas bidaia. Botero tabernan da gosaria. Baina irteeran dago itsasargia: Jose Manuel Barreiro. Pasaiako kofradiako presidentea da izenez, baina Kalaberri itsasontziko arrantzalea izatez. «Igandean egin nituen 58 urte. Erretiroa hartuta egon nintekeen, baina gustatu egiten zaigu hau. Zer egingo diogu. Osasunez izorratuta, baina gustura».

Egon liteke harekin arrantzaz hizketan. Aspertu gabe. Eta egiten du balantzea: «Itxialdi garaian oso gaizki ibili ginen. Arraina bota genuen. Desastre bat izan zen. Jendeak edozer gauza jan zuen. Ziur kontserbagileak aberastu zirela. Orain ez. Hobeto ari gara. Egonkortu dira prezioak».

Goxo tratatzen ditu ezjakinak. «Hemen hamar lagun zaudete. Gutxi da. Baina hondar aleak dira. Jendeak jakin dezan nola funtzionatzen duen honek, eta zeri eman behar zaion balioa». Eta haienari balioa orain nortzuk ematen dioten garbi dauka: «Jendeak etxean geroz eta gutxiago kozinatzen du. Hori hala da. Beraz, gure arrainari balioa ematen diotenak oraintxenortzuk dira? Jatetxeak». Eta aurrera begira, zer? Etorkizunik badu baxurako arrantzak? Mezu argia gazteentzat: «Gazteak ez dakit nik lanerako ote dauden, baina esan behar da arrantzatik bizi daitekeela. Lana egin behar dela? Bai. Gustatu egin behar zaizula? Bai. Baina disgustura jende askok egiten ditu beste lan batzuk ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.