Kaleak berriz girotzeko zain

Pandemiaren datuei so, ez dirudi aurten ere herri jairik ospatuko denik. Txosna eta jai batzordeetako kideek herri eta auzoetako bizia galtzeko arriskua ikusten dute. Festak hornitzen dituzten enpresek, berriz, joan den urtea baino zertxobait hobea izateko esperantza dute.

Aulkiak kaioletan gordeta, Master Silla jaietako hornitzailearen biltegian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Zalantza gutxi dago herri jaien denboraldiaren atarian. Txosnak eta karpak jartzen hasiak behar lukete hainbat herritan; ostean, festa, musika eta dantzari bide emateko. Baina ez da hala. Aurten ere, COVID-19 gaitzaren hedapena geldiarazteko xedez, herri asko hasiak dira dagoeneko festak bertan behera uzten. Baiona izan zen lehena, eta aste honetan Irungo (Gipuzkoa) alkateak jakinarazi du San Martzial eta San Pedro jaietan ez dela inolako ospakizunik egingo, hots, bertan behera gelditu direla bigarren aldiz. Halaber, Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari Carlos Artundok, sanferminei erreferentzia eginez, duela egun batzuk ohartarazi zuen pertsonen pilaketekin lotura duen guztia aurrera eramatea ezinezkoa dela oraindik.

Egoera hori izanik, eta joan den urteko gabezia berriz ez errepikatzeko, jaiak ordezkatu ditzaketen ekitaldi kulturalak egitea erabaki dute herri askok. Hala ere, argi dago herri mugimenduaren bihotzik, txosna gunerik, ez dela egongo inongo plazetan, eta egoera horrek zenbait ondorio ekarriko dituela. Zuzenenak antolakuntza lanetan, itzalean, aritzen direnei eragiten die, nagusiki.

Master Silla enpresaren lanaren heren bat, gutxi gorabehera, herri jaietara zuzendua egoten da. Haiek arduratzen dira ikuskizunetako eserlekuak edota herri bazkarietako mahai zein aulkiak jartzeaz, besteak beste. Aingeru Garrido langileak adierazi duenez, urtero jaien atarian lantaldea bikoiztu egin behar izaten dute. «Asteburu batzuetan hirukoiztera ere iritsi gara». Duela urtebetetik, ordea, jairik ez dagoenez, aldi baterako erregulazioan daude Lezamako (Bizkaia) enpresan, eta oraintxe hasi dira gutxika langile batzuk lanera itzultzen.

Jaiek ekitaldi asko mugitzen dituzte, eta horiek, era berean, beharrezkoa dute azpiegitura bat. Hala, Garridok nabarmendu du jendeak jaiez gozatu eta ondo pasatzeko beren lana beharrezkoa dela: «Gu gabe jairik nekez egingo litzateke. Orain arte ezagutzen ditugun jaiak ezinezkoak dira atzean gauden enpresak gabe», adierazi du. Orain, baina, haiek larrien pasatzen ari direnean, babesa eta laguntza falta dute.

Larri baina elkartuta

Soinu teknikariak ere egoera larrian daude. Borrokan ari dira beren lanaren defentsan. Urteko garai guztietarako eskaintza izaten duten arren, lan handiena herriko jaien denboraldian izaten dute teknikariek ere. Musika aparatuz hornitzen dituzte kale bazterrak. Juan Carlos Tapia Soinueder ikuskizunen logistika enpresako kideak adierazi duenez, duela urtebetetik beren enpresako langile denak aldi baterako aldi baterako erregulazioan daude, eta etorkizun laburrean ez dute hobekuntzarik espero. «Ezin diogu aurre egin dugun erronkari, aurtengoa iazkoa baino denboraldi txarragoa izango delakoan gaude». Urtebete geldi eman dute, eta bigarrena ere halakoa izatea aurreikusten dute. Sektorea erabat geldituta dagoela azpimarratu du: «Inpaktua oraindik ere handia da». Herriko jaietako ekitaldi ia guztien parte izaten dira teknikariak. Tapiak dioen bezala, beti dago arlo teknikoa edozein ikuskizunen atzean. «Egia eta arima gara, errealitate bihurtzeko ezinbestekoak».

Kontrara, Garridok alde onak ere ikusten dizkio bizitzea tokatu zaien egoerari: «Pandemia hasi zenetik, harremanak indartu dira bezeroekin eta sektoreko beste enpresekin. Enpatia eta elkartasuna handitu dira gure artean: egoera krudel honen aurrean elkartu egin gara». Halaber, Garridok uste du aurtengo egoera trantsiziozkoa izango dela. «Ez dira izango betidanik ezagutzen diren herriko jaiak, baina ekitaldi batzuk antolatuko dira». Itxaropentsu dago aulki zein mahaiak biltegitik atera, eta kale bazter zein plazatan kokatzeko.

Hain zuzen, herri batzuk animatu dira formatu txikian ekitaldiak antolatzera, osasun neurri denak errespetatuz eta egoerara egokituz. Abadiñoko (Bizkaia) Matienako kasua da. Datorren astean egon beharko lukete giro betean, baina, txosna giroko jairik ez dagoenez, aurten ekitaldi kulturalen eskaintza zabaldudute. Hala adierazi du Jon Azagirre Txosna Batzordeko kideak. Iruñeko Txantrea auzoan ere antzeko dabiltza. «Bagenekien festak ez zirela guk ezagutzen ditugun bezala ospatuko, baina garrantzitsua ikusten genuen kultura sustatzea auzoan», azaldu du June Etxeberria Jai Batzordeko kideak. Hori horrela, egitarau alternatibo bat egitea erabaki zuten, eta diotenez, ezin daiteke esan jaiak bertan behera utzi dituztenik. «Alternatibak eskaini nahi ditugu». Hala, antolakuntza xumeago batekin, kultur aste bat antolatu dute: antzerkiak, hitzaldiak eta tailerrak prestatu dituzte auzokideentzat, auzoko kolektiboekin elkarlanean.

Galerak, ez soilik dirutan

Auzo eta herrietako jaietan bizilagunen arteko harremanak indartzen dira, auzolana inoiz baino gehiago egiten da. Hala, Etxeberriaren arabera, bertan sortzen den giro eta harremana, jaietan soilik sortzen da. «Jaiek batik bat auzoari bizia ematen diote». Halaber, iaz egoera horiek eman ez izanak urtean zeharreko harremanetan eta kolektibotasunean eragin duela uste du Etxeberriak. «Halako espazioak ez izateak bakoitzak gauzak bere ikuspuntu indibidualetik begiratzea dakar». Auzoko jaietan sortzen diren espazioak auzokideen artean hitz egiteko aukera paregabea direla dio txantrearrak. «Nolabait auzo izaera jaien bitartez ikusarazten da, eta izaera hori galtzeko aukera dago».

Azagirrek gaineratu du, jaien bidez, kalera zabaltzen diren mezuak ezin direla zabaldu, eta jaien parte ez sentitzea direla antolakuntzako partaide gisa ondoriorik ezkorrenak. Horrez gain, ekonomikoki eragile bakoitzak bere ekarpen txikia jasotzen du jaien amaieran txosnaren etekinetatik, eta azken bi urteotan hori falta dute. «Urtebete daramagu ezer egin gabe; lehen urtea anekdota izango zela uste genuen, baina bi urte asko dira aurrera ateratzeko». Hala, txosnetatik jaso izan duten dirua beste modu batera jasotzeko ekintzak antolatu dituzte aurten Matienan. «Berrasmatu egin gara gastuei aurre egin behar zaielako». Bat dator Etxeberria,eta aitortu du jaiak izaten direla auzoko kolektiboen dinamikak aurrera eramateko diru iturri nagusia, eta uste du bigarren urtez ez izateak, oraingoz nabaritu ez arren, epe laburrera begira ondorioak izango dituela.

Garridok ere berrasmatu hitza darabil. Adierazi du sarrera ekonomiko nagusirik gabe, herri jairik gabe, beren enpresan asko dibertsifikatu behar izan dutela. Beste aukera batzuk bilatu behar izan dituzte. Orain azterketa edota ezkontzen antolakuntzan aritzen dira. «Horrela lortu du sektoreak egoera ez hondoratzea». Hornitzaileak zein antolakuntzakoak, denak ari dira gogor saiatzen kaltea ahalik eta txikiena izateko, eta argi dute pandemiak ezarritako osasun neurriakerrespetatuz, egoerara moldatutako ekitaldiak antolatu daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.