Abandonuen zenbaki ilunak

Urte luzez, abuztua izan da txakur gehien abandonatzen zen garaia. Azken urteetan, babeslekuek ez dute gorakada handirik izan sasoi horretan, baina pandemia hasi zenetik hona txakur gehiago heltzen zaizkiela igarri dute batzuek. Murrizketen arintzeak eta ekonomiak eragina izan dute.

Gipuzkoako animalien babeslekua. Usurbilgo zentroan 85 txakur abandonatu inguru dituzte egun. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Usurbil
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Txakurren zaunka hots altu eta etengabeek ematen dute ongietorria Usurbilgo (Gipuzkoa) animalien babeslekuan. Mendialdeko paraje ederrean du egoitzaanimaliak eta landareak babesteko Gipuzkoako elkarteak, eta hura dute bizileku 300 katu eta 85 txakur inguruk.

Gipuzkoa osoan galdu edo abandonatzen diren animaliak jaso eta zaintzeko ardura dute bertako langileek: animalietako batzuek etxe berri bat dute helburu, eta beste batzuk bertan geratzen dira, finko. Izan ere, gehienak adopzioetara bideratzen dituzten arren, badira zaharrak direlako edota gabezia fisikoren bat dutelako babeslekuak berak adoptatzen dituen txakurrak, eta erdi basatiak diren katu mordoa, etxe bateko bizimodura egokitzerik ez dutenak.

Uda sasoia, eta abuztua bereziki, garai gogorra izan ohi zen animalien babeslekuentzat: oporren aitzakian animalia asko abandonatu ohi baitziren. Badira urteak, ordea, joera aldaketa bat igarri dutela Usurbilgo zentroan. Marisol Zubiaurre zuzendaritza batzordeko kideak hamabi urte daramatza estatistikak lantzen, eta argi ikusten du egoerak hobera egin duela: «Urteak dira uztailean eta abuztuan ez dagoela halako abandonu uholderik. Izatez, abuztuan gehiago dira adopzioak abandonuak baino. Joera ona da». Usurbilgo babeslekuak 150 txakur hartzeko tokia du, eta, orain, %55 dute betea.

Joera aldaketa horren atzean kontzientziazio lan handia dagoela uste du Zubiaurrek. Gaia esparru gehiagotara zabaldu da, eta ikusgaitasuna eman zaio, besteak beste, komunikabideetan eta hezkuntzan. Horrek jarrera aldaketa bat ekarri du, batzordekidearen esanetan: «Jendea ohartu da oporretan joan nahi badu ez duela txakurra abandonatu beharrik, aukera asko daudela gaur egun».

Susana Garmendia Las Txikas de Etxauri elkarteko kideak bestelako errealitate bat ikusten du. Elkarteak Nafarroako animalien babeslekuarekin egiten du lan, batetik, eta hainbat animalia artatzen ditu Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat zentrotan, bestetik. Udan ohikoa izaten zen adopzioak gutxitzea, baina aurten, oro har, abandonu gehiago daude. «Hasieran uste nuen pandemiak ez zuela eraginik izan, baina nabaritzen da txakur dezente heltzen ari direla», dio Garmendiak. Nafarroako babeslekuak ehun txakur inguru hartzeko lekua du, eta beteta dago. Are, itxaron zerrenda luzea dute.

COVID-19aren gaitzaren ondorioek izan dute eraginik horretan ere. Konfinamendu betean, kalera irteteko modua izan zen herritar askorentzat txakurrak paseatzea, eta horrek ekar zezakeen arriskua ikusirik, adopzioak eten zituzten babesleku gehienetan. Joan-etorriak eta gauzak egiteko askatasuna mugatua izan den garaian, errazagoa izan da hainbatentzat animaliak zaintzea, baina neurriok malgutu diren heinean kontrako efektua etorri dela uste du Garmendiak: «Jendea ohartu da ez duela denborarik horretarako edo ez diola eskaini nahi».

Antzerako egoera izan dute Puppy elkarteko kideek ere. Anduriñas Palomares kideak Bilboko txakurtegiarekin egiten du lan. Data jakinetan ez dute desberdintasunik ikusi beste urte batzuekin alderatuta, baina, urtea kontuan hartuz gero, joera txarra da: «Txakur asko sartzen dira, eta gutxi adoptatu». Animaliak zaintzen jarraitu ezin duten edo nahi ez duten pertsona askoren eskaerak jaso dituztela azaldu du Palomaresek.

Pandemiak kalte egindako beste arlo bat izan liteke arrazoia: ekonomikoa. Animaliak mantentzeko zailtasun ekonomikoak izateak bultzatu ditu herritar asko horiek txakurtegian uztera, elkartekideek ikusi dutenez. Halere, pertsona batzuen sentsibilitate faltaz kexu da Palomares: «Errazena da txakurra gainetik kentzea, gastuak murriztu ordez. Lehentasuna beste gauza batzuei ematen zaie».

Ezinbesteko zerbitzua

Jendearentzat ateak itxita zeuzkaten arren, babeslekuetako lana ez zen eten konfinamendu betean. Ezinbesteko zerbitzu izendatu zituzten, eta etengabeko jarduera mantendu dute beti. «Jaiegunetan eta gauez ere lan egiten dugu. Ospitale baten modukoa da: ez da sekula gelditzen» azaldu du Zubiaurrek. Alabaina, Garmendia eta Palomares beren elkarteetako boluntarioak dira, eta haiek ez zuten lan egiteko baimenik izan.

Garmendiarentzat, gehiago luzatu da ezintasun hori. Gipuzkoan bizi da, eta joan-etorrien mugen ondorioz, ezin izan da denbora luze batean Nafarroako babeslekura joan. Era berean, txakurrak adopzioan emateko trabak izan dituzte: «Sekulakoak egin behar genituen txakurrak Nafarroatik Gipuzkoara pasatzeko. Gaizkileak ematen genuen».

Ondorio ekonomikoak ere ekarri dizkie azken hilabeteetako egoerak. Gipuzkoako babeslekuak aldundiaren diru laguntza jasotzen du urtero, baina laguntzak murriztu dizkietela salatu du Zubiaurrek: «Oinarrizko zerbitzu izendatu gaituzte, eta, gero, laguntzak murriztu. Aurretik ere gutxi ziren... Oso gogorra da hori».

Erakundeek animalien babeslekuekin duten jarreran jarri duarreta Zubiaurrek. Haren ustetan, haien lana ez da behar beste kontuan hartzen eta babesten: «Ez badute animaliengatik egiten, gutxienez egin dezatela osasun publikoarengatik. Gaixotasun asko saihesten ari gara. Gizakien gaixotasunen %40-60 animaliengandik eratorriak dira». Pandemia bat zer den ikusi den garaiotan, inoiz baino ezinbestekoagoa da haien lana Zubiaurreren esanetan, «animalien kudeaketa txar batek» pandemia bat sor dezake eta.

Arriskutsuen kondena

Arraza, mota eta izaera askotako txakurrak heltzen dira babesleku eta txakurtegietara, eta haiek abandonatzeko arrazoiak ere ugariak izaten dira. Halaber, hiru elkarteetako kideak bat datoz ondorio batean: arriskutsuak izan daitezkeenen multzoan sartzen direnak heltzen zaizkie gehien. Horien artean daude pitbull, rottweiler eta staffordshire arrazakoak, besteak beste. Azken urteetan igartzen ari diren fenomeno bat da. Modan jarri dira txakurrok, «politak» direlako, baina eskakizun bereziak dituzte, eta horrek atzera bota ohi du jendea epe luzera.

Halako txakur bat izateko, ezinbestekoa da lizentzia bat eta aseguru bat izatea, eta txakurra loturik eta muturrekoarekin eramatea. Horrek arazoak sortu ohi ditu, txakur asko heltzen baitzaizkie jabeek lizentziarik ez dutelako. Adopzioan emateko orduan ere, traba bera dute. Tramite kontuengatik, gehiago kostatzen da halako txakurrentzat etxe bat bilatzea. Hots, tentu handiz aztertzen dituzte halako adopzioak. «Ez dugu nahi txakurra asmo okerretarako erabiliko duen norbaiten eskuetan utzi. Oso maitekorrak eta onak dira, baina ondo hezi dituzten pertsonekin», azaldu du Zubiaurrek. Gizartean duten estigmak eta aurrejuzguek ere kondenatzen dituzte babesleku edo txakurtegietan ohi baino luzeago bizitzera.

Animaliak adopzioan hartzea gero eta barneratuago badago ere, abandonuen datuak altuak dira oraindik. Horregatik, animalia bat izateak dakarren konpromisoaz hausnartzeko beharra nabarmendu dute hirurek. Garmendiak zentzuz jokatzeko deia egin die herritarrei: «Adoptatzen duenak arduraz adopta dezala, eta adopzioa epe luzerako zerbait bezala har dezala. Txakur hori familiako parte izango da, eta kontuan izan behar da, baldintzak aldatzen badira ere, txakurra zurekinetorriko dela. Jende askok hori ez du planteatu ere egiten». Uste berekoa da Palomares ere: «Bihotzetik egin dezatela, ez eguneko ekintza ona egiteagatik. Animalia asko daude etxe bat behar dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.