Akordeoiaren erroak eta adarrak

Aingeru Berguices historialariaren arabera, Bilboko Casilla plazako dantzetan indartutako musika tresna bat da akordeoia. Horien hauspoarekin hedatu eta errotu da Euskal Herrian, «identitario» izateraino. Berguicesek liburu batean azaldu du historia.

Jendearen gustukoa. Lagun asko pilatzen ziren jaietan eta dantza saioetan. Argazkian, bi akordeoilari Deustun, 1930ean.
amaia igartua aristondo
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ezustea, lehenik eta behin. «Harritu ninduen nola atera zitekeen hainbeste gatz musika tresna hain txiki batetik». Eta, berehala, harridura jakin-min bilakatu zitzaion Aingeru Berguices historialari eta akordeoi jotzaileari: doinuok liluratuta, tresnaren inguruan informazioa pilatzen hasi zen gaztetatik, jarraitu zuen ondoren, eta badabil oraindik ere haren ertzak miatzen.

Hastapenen arrastoek bere jatorrira daramate, kurioski: Bilboko Casilla plazaren aldamenean bizi izan zen gaztetan, eta, hain justu, hango dantzetan indartu zen akordeoia, horiek izan zituen akuilu Euskal Herri osora hedatzeko, eta haiek ditu jomuga historialariak bere azken liburuan: Inicio y éxito del acordeón en Euskal Herria: el baile de la Casilla de Bilbao, cuna de su expansión (1880-1923). (Pamiela, 2021; Akordeoiaren hastapena eta arrakasta Euskal Herrian: Bilboko Casillako dantzak, hedapenaren abiapuntu).

1960. eta 1980. urteen artean, gutxi-asko, dantzak egiteari utzi zioten, eta, horrenbestez, aurreko belaunaldietakoen oroitzapenak izan zituen hasierako informazio iturri Berguicesek: bere aitona-amonenak batetik, eta akordeoia jotzen hasi zenean jaialdietan topatzen zituen musikari zaharrenak bestetik. «Beti entzun izan genien landa eremuko akordeoilariei Casillako dantza saioa oso garrantzitsua zela, eta gaztetan hara joaten zirela jotzera». Alabaina, zaila egin zitzaion solasaldi horietatik harago sakontzea. «Arraroa zen, han ezagutu baitzuten elkar senar-emazte askok, besteak beste, baina inon ez zegoen haren inguruko daturik». Doktore tesian heldu zion erronkari: «Hainbat urte eman nituen udal espedienteak begiratzen, Bilboko historia kostunbrista irakurtzen... gero eta datu gehiago irteten joan ziren».

Horietako bat: ez zela asmakizuna izan. Alegia, «aurrekari garrantzitsu bat» izan zuela: egungo Albia lorategietan antolatzen zen dantza saioa, hain zuzen. Historialariak azaldu duenez, 1870. urtera arte Zazpikaleek baino ez zuten osatzen Bilbo, eta itsasadarraren beste aldean zegoen eremua beste udal baten esku zegoen, Abandoren esku, zehazki. Han antolatzen ziren Albia lorategiko dantzaldiak; besteak beste, orduko Bilbon debekatuta zegoelako dantzan egitea. «Historikoki izan da hala. XVII. eta XVIII. mendeetako bidaiari askok aipatu zuten egoera arraroa zela, Bilbon ezin zitekeelako dantza egin, edo soilik emakumeek».

Jaiegun jakinetan baino ezin zitezkeen antolatu, orduko hartan Bilboko udaletxea eta plaza zaharra zeuden tokian, Erriberako arkuen eta San Anton elizaren arteko eremuan. Egun horietatik kanpo dantza egin ahal izateko, itsasadarra zeharkatu behar izaten zuten sarritan: saio pribatu garrantzitsuena Abandon egiten zen, eta, halaber, han baino ez zegoen aukera dantzaldi publikoan parte hartzeko.

Albiako dantzen antzekoak ziren Casillakoak. «Musika bandak erakarrita joaten zen jendea nagusiki, baina ez ziren gaur egungoak bezalakoak; fanfarre itxura zuten». Hamabost laguneko taldeak ziren, haurrak aritzen ziren sarritan, bost-sei abestiko errepertorioa izaten zuten, eta, ondorioz, azken kantua —jota bat, gehienetan— asko luzatzen zuten, hogei minutu irauteraino, are. Piezen arteko hutsuneak herri musikariek betetzen zituzten. «Talde txiki horietan hasi zen sartzen akordeoia».

Gizarte aldaketarekin bat

Azken gerra karlistaren bukaeratik gutxira (1876) hasten da Berguicesen kontaketa: garai hartan sortu zen Casillako dantza saioa, eta gatazkaren ondorioek bat egin zuten Europa osoan gertatzen ari zen fenomeno batekin: «Landa eremuko krisiaren ondorioz, herritar askok hirietara migratu zuten; Bizkaiari zegokionez, metalurgiak eta meatzaritzak eskaintzen zituen lanpostuengatik. Nekazariak ziztuan bilakatu ziren proletario».

Berguicesen arabera, aldaketok dantzetan izan zuten eragina, besteak beste. «Behe klasekoek dirua kobratzen zuten, gutxi bazen ere, eta aisialdira bideratu zezaketen; landa gizarteetan ez zen existitzen aisialdia». Bazuten, halaber, dantza egiteko denbora ere, jaiegunak baitzituzten, landan ez bezala; igandeak aurrena, eta zapatuen erdia ere bai hurrengo urteetan. Orobat, hiriak anonimotasuna eskaintzen zien, eta, ondorioz, tradizioen desakralizazioa: inork ez zien aurpegiratzen mezara ez joatea, ezkontzak ez ziren familien artean erabakitzen... «Garai hartako herri batean, pentsaezina zen bikotekideari helduta dantza egitea».

Paradoxikoki, debeku batek hauspotu zuen akordeoiaren hedapena, hiriek ere ez baitzuten erabat ihes egin konbentzio kontserbadoreenetatik. 1898an, orduko Bilboko alkate Felipe Alonso de Celadak debeku sorta batzuk ezarri zituen: «Herriaren interesen aurkakoa zen, eta goi klasekoak defendatzen zituen. Dena debekatu zuen: helduta dantzatzea, akordeoiak, biraderadun organoak, festak, su artifizialak...». Urteak iraun zuen erabakiak, eta, beraz, festetan jotzen zuten musikariek diru sarrera alternatiboak bilatu behar izan zituzten, Bizkaian aurrena. «Deustun dantzak zeuden igandeetan, Algortan ere jo zuten, Ezkerraldean, Basaurin, Galdakaon, Arratian...».

Halako batean, Bilbon lan egiten zuten herritarrek dantzak euren udalerrietan edukitzen hasi ziren; musika tresnak jotzen ikasi zuten, eta poliki-poliki joan ziren gainontzeko lurraldeetara zabaltzen. «Gipuzkoarantz eta Arabarantz gerturatu ahala, musikariak gero eta gazteagoak ziren. Salbuespenak salbuespen, modernoagoak ziren». Bizkaira hurbildu, xehetasunak bereganatu, eta beren herrira eramaten zituzten. Adibide bat: «Bizkaian, XIX. mendean, jada uztartu egiten ziren akordeoia eta pandereta; Gipuzkoan, aldiz, oso modernoa da hori, Belatxok eramana».

Bertoko jendearen gustuaren arabera moldatzen zen kanpoan ikasitako hori. Eta akordeoia aise egokitu zen, Berguicesen arabera; batik bat Gipuzkoan. «Sonoritate ezberdintasunak daude itsasaldeko eremuen eta barrukoen artean: akordeoian azkar errotu zen kostaldean, Bizkaian eta Gipuzkoan». Nekezago zona kontinentalean. «Araban eta Nafarroan, soinu landatarragoak mantendu ziren, gaitarena adibidez, gaur egun arte. Akordeoia sartu zen, bere tokia egin zuen, baina beste soinu horiek ere mantentzen zituzten. Bizkaian eta Gipuzkoan ere badaude, bestalde: adibidez, dultzaina».

Euskal Herrian errotuta

Garai hartako errepertoriora doitzeko erraztasunak ahalbidetu zuen akordeoia errotzea, historialariaren arabera. Dioenez, hiru baldintza daude musika tresna batek arrakasta izan dezan: hura nork jo egotea, publikoak doinuok onartzea, eta merkatu bat egotea. Akordeoiaren kasuan, hirurak bete ziren. Hainbeste, ezen «Euskal Herriko soinu identitarioetako bat» baita egun, Berguicesen hitzetan. «Gaztea nintzenean, akordeoilari nagusiagoei galdetzen nien ea nondik zetorren tresna, eta inork ez zekien. Ez dugu uste egon denik akordeoirik gabeko garairik».

Orobat, garaiz egon zen eskuragarri. «1900ean, musika tresnak saltzen zituzten Bilboko dendek enkargatu egiten zituzten haiek fabrikatzen eta banatzen zituzten Europako dendetan, eta itsasontzietan ekartzen zizkieten, egunero sartu eta irteten baitziren». Eskaintzak beste lurraldeetako musikariak erakarri zituen. «Gipuzkoatik Bilbora joaten ziren akordeoia erostera; egun osoko bidaia zen trenez». Saltzaile asko bazeuden ere, XX. mendeko lehen hamarkadetan Florentino Zengotita eibartarra (Gipuzkoa) bihurtu zen erreferente: Bilbon eskopeta denda bat jarri zuen aurrena, baina akordeoiak saltzeari eta konpontzeari ekin zion gero.

Hura hil zenean, 1928 inguruan, bizkaitar batek hartu zion lekukoa: Larrinagak. Soldadutza Donostian egin, eta han geratu zen bizitzen; hala, egoera irauli egin zen: akordeoiak erostera Gipuzkoara joaten hasi ziren. «Salmentak ere lagundu zuen akordeoia Euskal Herrian hedatzen», azpimarratu du historialariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.