Korro, korro, korroan...

Jolasean eta kantuan; kantuan eta jolasean. Elkarri loturiko bi ekintza, haurrentzako ezinbesteko bazka. Heziketarako, dibertitzeko, emozioak ezagutzeko, elkarrekin egoteko, gorputzaz jabetzeko. Zer ezaugarri izan behar dituzte umeentzako kantuek? Genero aparteko bat al dira? Egileek diote musika dela oroz gain.

Mursego. Maite Arroitajauregi musikaria, Oiongo (Araba) haurrekin, %100 Oion proiektuaren kariz. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Umeak non, kantua han; umeak han, jolasa non. Soka berari lotuak datoz, denboretatik, eta lekuetatik; aspaldian bezala gaur, han bezala hemen. Musikak dakarkie mugimendua, gorputzaren presentzia, dibertimendua, elkar hartzea, ezagutzea, emozioetan sakontzea. «Korro, korro, korroan, jolasean eta kantuan...», dio Imanol Urbietak (Zarautz, Gipuzkoa, 1934-2016) sorturiko kantuak, 1981eko Xirula mirula diskoan jasotakoak. Bere laburrean ondo biltzen du haurraren eta musikaren arteko erlazioa. Ez alferrik, Urbieta izan zen haurrentzako euskal kantagintza modernoaren aita pontekoa, eta aitzindaria.

Urbietarenak dira haurrei beren-beregi eskainitako euskarazko lehen diskoak —ez kasualitatez, euskal kantagintza berriaren uberara sorturikoak, 1970eko hamarkadan-, eta dozenaka eta dozenaka kantutan, herri memorian iltzatuta geratu direnetan, azaltzen du haurraren, musikaren, jolasaren eta gorputzaren arteko elkarrekintza hori. «Jolasean nenbilen ilundu zenean, kukua kantuan hasi zen gauean», dio Jolasean nenbilen kantuan;«Txiki, txiki, txikia ikusten naiz kalean. Handitzen handitzen, hasi naiz handitzen txikia izanik asko maite zaitut nik», entzuten da Txiki-txikia piezan.

Gorputza, mugimendua eta maitasuna; argi printza zenbait haurrentzako kantuek jaso bezala zabaltzen dituztenak. Baina ezaugarri jakin batzuk behar al dituzte kantuok? Genero bat osatzen al dute propio? Ez, baina bai; bai, baina ez. Xehetasunak eta ñabardurak eskatzen ditu azalpenak, kantugileen beraien iritzian.

'Maite zaitut' fenomenoa

Urteroko lana du Xabier Zabala musikariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1966): Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen proiektu berrirako kantuak sortu eta haiei erakustea, alegia. Egunotan ari da, hain zuzen ere, prozesu horretan: «Gustatu zaizkiela ematen du». Josemari Agirretxe Porrotx-ek baieztatu du hala dela: «Oso proiektu berezia da aurtengoa, enkarguz jasoa, Amazoniarekin eta ikuspegi ekologistarekin lotua. Gure ibilbideko kantuak bilduko ditugu, eta hiruzpalau izango dira berriak, Xabierrek sortuak, noski. Ia hogei urteko ibilbidean, inoiz ez dugu utzi kanpoan Xabierrek sorturiko kantu bat, eta igual badira 400 kantutik gora».

Maitasun adierazpen bat da hori ere, elkarlan oparo baten fideltasuna agerian jartzen duena, 2001eko Aupa Kintxo! diskoarekin hasi eta gaurdainokoa. Zabalaren irudiak eta ibiliak bi hari mutur lotzen dituzte: Imanol Urbietaren figura, hastapenen sinboloa; eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen musika materiala, azken bi hamarkadetako ugari eta popularrena. Bataren dizipulu izan baitzen, eta egun besteen lankide eta kolaboratzaile ezinbesteko baita.

«Imanol Urbieta maisua, laguna eta nire erreferente nagusia izan zen, nirea eta askorena. Hark magia berezi bat zeukan. Guk, batez ere, ulertzen dugu haurrentzako kantua begirada ludikotik, baina haren abestietan denetik zegoen: poesia, matematikak, sentimenduak, jolasa, mugimendua, erritmoa, maitasuna...».

Berriro aldagai ezinbesteko hori: maitasuna. Hain zuzen ere, Zabalaren ibilbidean kantu enblematikorik bada Maite zaitut da, aski ezaguna, 2005eko izen bereko diskoan jasoa: «Misterio bat da haurrentzako kantuen sekretua. Hark ahoz ahokoaren bidez funtzionatu zuen. Nik apunte eta partitura gehienak gordetzen ditut, eta egia da abesti hura ia zuzenketarik eta tatxarik gabe dagoela, aise bezala atera zela. Xabier Silveirak artikulu batean idatzi zuen kantuaren arrakastaren arrazoia zela edonori balio ziola albokoari 'maite zaitut' esateko».

Beste zenbaitek idatzi edo esan zuen, berriz, Maite zaitut-ek pop abesti baten ezaugarri guztiak zituela, melodia itsaskorra, hitz soil eta erakargarriak... «Nik ez dut asko desberdintzen umeentzako musika edo helduentzako musika den. Hitzek erraz sartzeko modukoak izan behar dute, erraz ikastekoak, haurrei zuzenduak nolabait, baina musikak... ez nuke esango. Ume bati gustatzen bazaizkio abesti bat eta haren musika, normalean heldu bati ere gustatuko zaio. Alderantziz ez da beti gertatzen. Heldu bati abesti bat gustatzeak ez du ziurtatzen txikiari ere gustatzea». Haurrei bezala gustatu izan zaizkie helduei ere Euri tanta, Katu bi eta Musua kantuak, adibidez.

Ezerk ez du ziurtatzen txiki bati kantu bat derrigorrez gustatzea; helduek baino konplexu eta aurrejuzgu gutxiago izan ditzakete, baina nork bere gustua ere bai: «Bitxia da: umeei galdetzen diet zein duten kanturik gustukoena eta zein ez duten gustuko, eta oso aukera desberdinak aipatzen dituzte. Heterogeneoa da euren gustua ere», dio Zabalak.

Ezerk ez du ziurtatzen arrakasta, baina ezaugarri propio batzuk bilatzen dituzte kantuen egileek gehien-gehienetan. Nerea Urbizu (Lekunberri, Nafarroa, 1980) musikaria eta Ene Kantak proiektuko kidea da. Urko Oskoz lagunarekin batera abiatu zuen umeentzako kantuak euskaraz sortu eta plazaratzeko egitasmoa, 2011tik aurrera. Orduz geroztik, 120 kantutik gora egin dute hamar urteko ibilian, eta Euskal Herriko haur gehienentzat dira ezagunak Ausartak, Perez sagutxoa, Astonauta eta Erraldoiak kantuak, adibidez.

«Musika musika da»

Haiek konposatzeko orduan arreta zertan jartzen duten galdetuta, hauxe erantzuna: «Tonua ezinbestekoa da, haurren tesituran egotea, alegia. Mugimendua eragingo duen erritmoa bilatzen dugu, normalean 120 bihotz taupaden ingurukoa. Gaiak, normalean, haien errealitate edo mundutik gertukoak. Orokorrean, mezu motzak eta hizkuntza erraza. Elementu errepikakorrak ere gustatzen zaizkie, hitz jokoak, errimak, onomatopeiak, soinu edo zarata bitxiak...». Jolasa eta esperimentazioa ere gogo onez hartzen baititu haurraren eta kantuaren arteko harremanak.

Nerea Urbizuk bezala, musikaren alde jolasti baina era berean «hezitzailearekin» bat egiten du Maite Arroitajauregi (Mursego) musikari eta musika irakasleak ere. Egunero lan egiten du haurrei musika irakasten, haurren eta musikaren arteko harremana lantzen. Tailerrak eman izan ditu, Donostiako tabakalera zentroan, adibidez, eta, %100 Oion (2017) bere aurreko diskoan, Oiongo haurrek ere parte hartu zuten. «Ama eta irakasle bezala, nire haurrei jartzen diedan musika niri ere gustatu behar zait; bestela, ez luke zentzurik. Haurrentzako musikan ere badago ildo komertziala, formula errazarena. Hori saihestu egin behar da. Youtubera sartu, eta halako mordoxka bat dago. Ez daukate xarmarik».

Arroitajauregirentzat, «haurrentzako musika musika da, oroz gain», ez genero berezi bat. «Edozer gauza jarri ahal zaie, kalitatezkoa bada, jakina. Entzun dezakete Eric Satie, edo Javi P3Z, zergatik ez. Baina helduzentrismotik ez dira egin behar kantuak, hori ere ez».

Bai Xabier Zabalak, bai Nerea Urbizuk eta bai Maite Arroitajauregik musika lengoaiatzat eta hezibidetzat daukate; hirurak batzen ditu Imanol Urbietaren mirak. Xabier Zabalak dakar haren irakaspenik handiena hitzetara: «Belaunaldien arteko harremana eta izaera popularra aldarrikatzen zituen. Kantuak ere hori behar du: haurrentzakoak eta besteek: kanta dezatela denek batera».

Korro, korro, korroan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.