Mari Aiestaran. Hockey jokalari eta entrenatzaile ohia

«Orain hogei urte hitzeman ziguten zelaia eskatzen dut»

Belar hockeyak gidatu du Aiestaranen bizitza. Borrokalaria izan da zelaian, baita zelaitik kanpo ere: kirolean aritzeko bidea ireki die emakume askori. Egindako lanagatik saritu du Gipuzkoako Aldundiak.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ordu eta erdi barru frantseseko eskolara doa Mari Aiestaran (Donostia, 1948). Lehenengo mailan egon arren, gogor egiten dietela dio: «Ni helduenetakoa naiz, gainera...». Euskararekin ere ahalegindu da, baina «artaburu samarra» omen: «Euskaltegira joan naiz urte askotan, baina kosta egiten zait askatzea». Belar hockeyaren inguruan eman ditu gaztarotik orain arteko urteak: jokalari, entrenatzaile eta hautatzaile aritu da, eta ibilbide horretan berdintasunaren alde egindako lanagatik aitortza egin berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Carmen Adarraga sariarekin. Erretiroa hartuta dago, eta aspaldi honetan alboratuta du sticka; ez, ordea, kirola: mantentzeko gimnasiara doa, golfean hasi da, paddlean ere badabil... «Dejada bat botatzen badidate, ni azkeneraino noa; erraz berotzen naiz,oso gaizki hartzen dut galtzea».

«Guztia daukadala uste dut, ez dut ezer gehiagorik behar». Hala zenioen duela lau urte egunkari honetan. Nola hartu duzu Carmen Adarraga saria?

Errekonozimendu bat da, urte askoan matraka ematen ibili eta gero. Beti esaten dut, hala ere, jokalariengatik ez balitz ni ez nengokeela hemen; erraz jarri didate. Ederki dago errekonozimendua, baina hockeyak beste gauza batzuk behar ditu. Ikusten dut hockeyan daramatzadan urteetan azpiegitura aldetik ez dela hobetu bilakaera. Ilusioa egiten dizu, noski, baina ni hockeyak bizi nau, gustuko dut, eta haz dadi nahi dut; horretarako, beste gauza batzuk behar ditugu. Jokalariak, adibidez, amateurrak dira, baina ordain diezazkietela ikasketak, edo eman diezaietela bekaren bat... Erraztasun gehiago eman behar zaizkie. Eta ekonomikoki taldeak lagundu, noski.

Carmen Adarraga. Ezagutu zenuen?

Ez. Baina aitzindaria izan zen gerra ondorengo urteetan, eta ondo dago emakume horretaz gogoratu izana saria emateko.

Baduzue batzen zaituzte zerbait, behintzat: saskibaloia eta hockeya.

Bai, hura gehienbat saskibaloian aritu zen, eta, gero, hockeyan ere bai. Nik saskibaloian jokatzen nuen garaian, ez zen besterik eskolan. Sagutxo bat nintzen, eta iritsi zen garai bat kirola egiten jarraitu nahi nuena. Sei senide gara, lau anaia, eta ikusten nituen haiek etxean jolasten, stickekin, entrenatzera joaten ziren... Anaietako bat entrenatzaile hasi zen, eta neska talde bat osatu zuen. Ni ez nintzen kuadrilla horretakoa, baina batu egin nintzaien. Ondo eman zitzaidan.

Alperrak izena jarri zenioten, baina halakorik gutxi, ezta?

Bai, bai, serio egiten genuen: astean bitan entrenatu, alde fisikoa... Etxean ere ibiltzen ginen anaia eta biok. Orduan, Realak ez zuen oraindik nesken talderik, eta jokatzera asko joaten ginen kanpora: Bilbora, Bordelera [Okzitania]... Gero, hemen hasi ziren taldeak ateratzen: Reala, Medina, Atletico... Lehenik, Gipuzkoan jokatzen zen liga —denak Donostiako taldeak ginen—, eta, sailkatuz gero, beste sektore batera joaten ginen.

Erreferenterik bazenuen?

Hemen ez zegoen emakumerik. Ni 1969an hasi nintzen, eta Gipuzkoan ez dut ezagutu aurretik aritu denik. Hitz egiten zuten Madrilez, ezagutu nuen galiziarren bat...

1972an, Txuri Urdin izotz jauregia inauguratu zuten Donostian. Izan zenuen izotza probatzeko tentaziorik?

Patinatzera joan bai; izotz jauregia egin zutenean, nobedadea zen. Baina jokatzeko ez. Patinetan ere bazegoen, baina niri belarra gustatzen zitzaidan, aire librea.

Alperrak taldean ibili eta gero,Realean hasi zinen. Klubean futbola zen nagusi, eta gizonena. Nola oroitzen dituzu urte haiek?

Anoetan entrenatzen ginen, eta zelaia hartxintxarrezkoa zen; Bilbon belarra zuten, eta hemengoaikusten zutenean... Realak gehienez arropa ematen zigun, mutilena. Gogoratzen dut kamiseta orkatilaraino iristen zitzaidala. Erabilitako arropa zen, gainera; ez pentsa berria zenik. Gero, emakumezkoentzako jantziak egiten hasi ziren. Futboleko lehen taldeko jokalariak ez genituen ezagutzen, ez genuen harremanik haiekin. Klubean eranskin bat ginen, eta, oraindik ere... batzuetan halaxe gara.

Dena ematekoa izan zara, ez zelai barruan bakarrik. Zerk amorratzen zintuen gehien?

Hockeya oso etxeko kirola da, lagun artekoa. Gehien amorratzen ninduena prentsa zen. Ez zuten ezer ateratzen. Beti futbola, saskibaloia, eskubaloia... Ilusioa egiten zizun ateratzeak, eta hori beti eraman dut hor. Inguruko jendeak bazekien zer egiten genuen, baina, informaziorik ematen ez zenez, jendeak ez zuen ezagutu ere egiten. Olinpiar kirol bat da, urrezko dominak dituzten euskaldunak ditugu...

Uste duzu ezagunagoa dela orain?

Jende asko joaten da ikustera; ni harrituta geratzen naiz. Lehen, lau katu joaten ziren: mutil-lagunak, lagunak, gurasoak eta hockeyko jendea.

Realean hasi, eta segituan Espainiako selekzioak deitu zintuen. Nola hartu zenuen?

Hasieran, ez neukan ideiarik hockeya zer zen, txapelketarik ba ote zegoen... Deitu nindutenean, ez nekien selekzioa zer zen ere. Uste dut lehen egonaldira Arantxa Urruzuno eta biok joan ginela. Helduagoak zirenekin elkartu gintuzten. Hegazkin batean igo nintzen lehen aldia ere selekzioarekin izan zen; ordu arte, Hondarribira [Gipuzkoa], Iparraldera... besterik ez nintzen atera.

Exijentzia maila oso ezberdina zen?

Europako edo nazioarteko txapelketa baterako, adibidez, astebeteko egonaldiak eginarazten zizkiguten, Madrilen, goiz eta arratsaldez entrenatuz. Eskuetan babak... eta a zer giharretako mina! Hoteleko eskailerak jaisteko, ezinean. Ez geunden ohituta. Gero, diruagatik, ezin ziren hainbeste egonaldi egin, eta plan fisikoak bidaltzen zizkiguten. Nik sartu ditut nik orduak Anoetako atletismo pistan... Behobia-Donostia lasterketa ere bitan egin dut.

Han gutxietsi al zintuzten emakume izateagatik?

Gogoratzen dut Madrilera final batera joan, eta [Espainiako] federazioak diru laguntza bat ematen zuela: demagun hamasei jokalari zirela, bada, diru kopuru jakin bat ematen zuen jokalari bakoitzarengatik. Diru gehiago ematen zien mutilei neskei baino; horrela hitzartuta omen zegoen. Baina, aizu, niri hotelean berdina kobratzen didate mutila edo neska izan, eta trena ere berdin, ezta? Horren aurka, bai, borrokatu ginen, eta lortu genuen.

Noizbait ordaindu zizueten soldatarik?

Inoiz ere ez, bidaia bakarrik.

Entrenamenduak, bidaiak... Ordu asko eskaintzen zenizkion hockeyari. Nola egiten zenuen lanarekin uztartzeko?

Lanaldi zatitua izaten zen lehen. Eguerdian, txikiak entrenatzera joaten nintzen, eta 19:30-20:00 aldera, lanetik atera ondoren, ni neu entrenatzen nintzen.

Zertan egiten zenuen lan?

Delineazioa ikasi nuen, eta topografian espezializatu nintzen. Estudio batean hasi nintzen lanean, 21 urterekin-edo. Nire arduraduna ere hockeyan jokatutakoa zen, eta malgutasun handiagoa neukan; hala ere, oporretatik kentzen zizkidan egunak. Batzuetan, soldatatik ere kendu behar izan didate, egunekin pasatu egiten nintzelako, egonaldiekin eta. Dirua irabazi? Nik galdu egin dut... baina ez zait axola izan.

Denbora ez duzu galdu, behintzat. Zenbat herrialdetan egon zara?

Europa ia osoa ikusi dut, Argentina, Malaysia, Hegoafrika, Australia... Joan-etorriko bidaia ordainduta zegoenez, gainerakoa guk ordaindu eta aprobetxatu egiten genuen. Kirolak asko eman dit horretan ere. Orain, nire lagunakerretiroa hartu eta bidaiatzeko gogoz dabiltza; ni, berriz, ez nau hainbeste erakartzen.

Zer zenuen gustuko geratzen zitzaizun denbora librerako?

Gauza gutxi egiteko tartea nuen. Euskara ikastera joaten nintzen, Ilazki euskaltegira. Lehen eskiatzera joaten nintzen, mendira... baina selekzioan sartzean lesionatzeko beldurra nuen.

Iparraldean ere ibiltzen omen zinen...

Belaunaldi errebelde batekoak ginen, Francoren garaia zen... Guk hemengoa zen guztia defendatzen genuen, eta denetara joaten ginen: manifestazioetara, protesta musikaren kontzertuetara... Iparraldean jarduera asko zegoen: Ez Dok Amairu, bakarlariak... Alde horretatik, folkloriko samarrak izan gara. Etxean musika asko egon da beti; nire anaiak musikariak izan dira: Orquesta Mondragoneko Popotxo da bat, eta anaia zaharrena Los Agaros taldeko kide izan zen. Ama oso liberala zen, eta gustatzen zitzaion jendea etxera etortzea. Aita Iparraldera joatekoa zen. Garai hartan, hemen ez zegoen ezer, eta Duralex produktuak-eta erostera joaten ginen. Diskoak ere erosten genituen, ingelesez: The Shadows, The Beatles...

Zuk jotzen zenuen tresnarik?

Gitarra jotzen hasi nintzen, gitarra erosi nuen, baina oso gaizki abesten nuen...

Kirolean titulu mordoa irabazi duzu, jokalari eta entrenatzaile modura. Kutunen bat?

Jokalari gisa, agian, Realarekin irabazi genuen lehen txapelketa, Santanderren [Espainia], 1980-1981eko denboraldian. Talde ona genuen, baina ez genuen espero. 2001. urtea ere gogoan dut. Bularreko minbizia antzeman zidaten, eta urte konplikatua pasatu nuen. Oso ondo etorri zitzaidan kirolean sartuta egotea. Inge Mitxelena zebilen entrenatzaile, eta ni ordurako ordezkaria nintzen. Erreginaren Kopa jokatzera joan zen taldea, Terrassara [Katalunia]. Kimioterapia saioak-eta aldatu nituen bidaiara joateagatik, eta irabazi egin zuten. Opari bat egin izan balidate bezala izan zen.

1980-1981eko denboraldi hartan, liga irabazi zuen Realeko gizonen futbol taldeak. Zuetaz gogoratu al zen norbait?

Ez zen ezer ere ospatu. Gauza bakarra dut gogoan Santanderrera joateko bidaia hartan Realak bere autobusa utzi zigula.

Falta izan al zaizu lorpenik?

Gorena Olinpiar Joko batzuk jokatzea litzateke. Baina nire garaian Espainia ez zen sailkatu, 1992ra arte. Urte horretan, Realean entrenatzen nituen Teresa Motos, Nagore Gabellanes, Maider Telleria, Silvia Manrique eta Mari Carmen Barea selekzioarekin joan ziren, eta urrezko domina ekarri zuten. Hori ere ederra da.

Hockeyagatik zerbait egin gabe utzi duzula sentitzen duzu?

40 urte eta koskara arte jarraitu nuen jokatzen; selekzioa 1984an utzi nuen, baina Realarekin jarraitu nuen 1993ra arte edo. Urte batzuk jokalari eta entrenatzaile aritu nintzen, gero entrenatzaile... Hockeya nire bizitza izan da. Bolada txarrak badaude, baina oreka bat egon da, eta onarekin geratzen zara. Adibidez, bikotekidea nire entrenatzailea izan zen urte askoan, eta hark ere lagundu zidan hockeyan jarraitzen. Ez dut seme-alabarik izan, baina ez dakit nahiko nituzkeen ere.

Beste esparru batetik ere bizi izan zenuen hockeya: Espainiako federazioan presidenteorde izan zinen, 1999an. Nola ikusten da kirola zelaitik kanpo?

Ikusten nuen Madrilen egosten zela guztia, eta hemen ez genuela lotura harekin. Astuntzat hartzen ninduten, beti kontatzen nielako hemen zer zegoen. Garai hartan,bakarrik Ohorezko Maila existitzen zen, eta nik lan egin nuen Lehen Maila sortzeko. Ohorezko Mailan uste dut garai hartan zortzi talde bakarrik zeudela, eta oso mugatuta geratzen zen. Lortu nuen.

Orain, hockey ataleko arduraduna zara Realean. Zer falta zaizu?

Horretan nabil, eta orain Nerea Unzeta jokalari ohia dago nirekin, gauza asko antolatu behar dira eta: bidaiak, prestatzaileen soldatak... Orain dela hogei urte hitzeman ziguten zelaia eskatzen dut. Badirudi Lasarten egingo dutela, baina ikusten dugu mugitu egin behar garela. Orain, funtsezkoa da zelai bat; bestela, ez aurrera ez atzera gaude, ez gara hazten ez daukagulako espaziorik. Denek Bera Beran jokatzen dugu: mutilek, neskek, gazteek, helduek...

Jokatu gabe eutsiko al diozu?

Orain bost urte-edo jokatu nuen azkeneko aldiz. Beteranoen talde bat bagenuen, eta gure adinekoen aurka jokatzen genuen. Baina, orain, beteranoek 45 urtekoen kontra jokatzen dute, eta pasatzen zaizkizu hemendik, handik... Ez, ez, ezagutzen dut neure burua, eta ni xaxatuz gero...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.