Adegik langile «likidoak» nahi ditu

Gipuzkoako patronalak Fabrika eraikinaren lehen harria jarri du;00, askotariko ekintzen bidez «enpresa kultura berria» sustatzeko da. Eusko Jaurlaritzarentzat, talentua erakartzeko egitasmo bat da

Eduardo Junkera Adegiko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo. A. CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Langileak greba orokor batera deituta daudela sei egun falta diren honetan, Adegik lan gatazken inguruan duen ikuskeraren berri eman du, «enpresa kultura berria» garatzeko bere egitasmoan beste urrats bat eginez. Gipuzkoako enpresarien elkarteak sei urte daramatza kontzeptu hori zabaltzen eta lantzen. Urtero, urtarrilean egiten du ekitaldi bat horri buruz —mintegiak, giden aurkezpenak...—, baina aurten berezia izan da: ideia hori «ikusgarri» egingo duen Fabrika proiektuaren lehen harria jartzeko baliatu baitu.

Enpresa, langileen eta buruen arteko harremana «beste era batera ulertzeko» xedea du Adegiren egitasmoak. Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiaren hitzetan, jauzia egin nahi du batzuen eta besteen arteko gatazka irudikatuko lukeen sokatiratik, enpresa bateko kide denek norabide berean arraun egingo lukeen trainerura, zeinak langile eta enpresarien arteko aldea desegingo lukeen. «Gure organizazioetan pertsona transbertsalak, moldagarriak eta likidoak behar ditugu».

Enpresa kultura berriari buruzko aurtengo ekitaldiarekin,ideia hori garatzeko faktoria izan nahi duen eraikinaren aurkezpena egin du Adegik. Egungo eta etorkizuneko enpresariei bitartekoak —formakuntza eta beste— eman nahi dizkiete leku horretara jo dezaketen enpresari eta ekintzaileei. Fabrika du izena, eta Donostiako Miramongo parke teknologikoan egongo da, Gipuzkoako Batzar Nagusien «ondo-ondoan», Aierzak azpimarratu duenez. «Egun historikotzat» jo du lehen harria jartzeko ekitaldia, Tabakaleran egindakoa.

Hiru ordukoa. Berritzaile itxurakoa muntaketan, gidoian —bideoak, dantzariak, arraunlariak, abesbatza...— eta hizlarien jarreretan. 400 gonbidatu inguru. Lehen lerroan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia —Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Miramongo ekitaldian izan da—. Alboan, enpresariak. Eta azken lerroetan, dozenaka ikasle. Azken horientzat mezu ugari izan dituzte hizlari guztiek.

Langileak ez, «pertsonak»

Aierzak azpimarratu duenez, hiru erronka ditu egungo enpresak. Demografikoa: geroz eta ikasle gutxiago, eta langile kualifikatuei eusteko zailtasunak. Digitalizazioa, eta horrek enpresen antolaketan eragiten dituen aldaketak. Eta «egungo gazteek» enpresa munduari buruz duten «ikuskera erabat ezberdina». «Beste balio batzuk dituzte, beste proposamen batzuk: ez dute pentsatzen bizi osorako lanpostuetan».

Talentua; hori izan da ekitaldian gehien errepikatutako hitza. «Talentua eutsi eta erakarri nahi badugu, soldata bat baino gehiago eskaini beharko diegu: aukerak eman behar dizkiegu hazteko, proiektuak partekatzeko eta ideiak gehitzeko», azpimarratu du Tapia sailburuak. «Erakargarriak ez bagara, gure enpresa proiektua arriskuan egon daitezke. Horra eramaten ari gaitu egungo munduak», gehitu du Aierzak. Gipuzkoak «berraurkitu» behar du bere «arima industriala», Adegiko buruaren arabera, eta, horretarako, beharrezkoak dira «talentudunak». Ingeniariak; «Ingeniarien lurraldea» baita Gipuzkoa.

Langile hitza, aldiz, behin ere ez da entzun ekitaldian —edo ez erabiltzea ia ezinezkoa zen kasuetan entzun da —; horren ordez, ekintzaileak, sortzaileak, taldekideak, gazteak... eta, bereziki, pertsonak. «Irabaziak zaindu behar dituzte enpresek, baina pertsonak erdigunean jarrita». Horretarako, beharrezkoa da, Aierzaren arabera, «enpresaren parte» direla sentiaraztea. Eta horretarako tresnak eman nahi dizkiete Adegiren Fabrikan.

Segurtasuna ala askatasuna

Nazioarteko esperientzietan oinarrituta garatu dute egitasmoa; Txileko bi aditu izan dituzte aholkulari: Roco Pacheco eta Paz Zagal. Haiek arduratuko dira egitasmoa martxan jartzeaz. «Hau ez da moda bat, larrialdi bat da», azpimarratu du Pachecok, enpresa kultura berriari buruz.

Aierzak bere hitzaldian gogoratu du duela urte batzuk boladan izan zen malgusegurtasun kontzeptua; Fabrika egitasmoaren inspirazio iturri izan dela azpimarratu du. Eta ideia horri eutsi dio Pachecok ere: «Gaur egun baldin badago egonkorra den zerbait, etengabeko aldaketa da. Horretara egokitzeko inteligentzia izango da gakoa».

Pazek, berriz, bi kontzeptu erkatu ditu: babesa eta askatasuna. Eta bietako bat gailendu bada, bigarrena izan da. Gaur egungo langileek, enpresarien babesa baino gehiago, askatasuna nahi dutela azpimarratu du. «Babesteak esan nahi du pertsonei sentiaraztea organizazioan duten egitekoa garrantzitsua dela: geroz eta konpromiso handiagoa, orduaneta emaitza hobeak». Emaitzak txarrak diren kasuetarako, baina, formularik ez du aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.