Albistea entzun

Lakuntza: «ELA okerren daudenen esanetara jartzea da gure helburua»

Sindikatuko idazkari nagusi hautatu dute berriz, bozen %90,69rekin. Euskal errepublikaren beharra defendatu du, eta iragarri konfrontaziora joko duela beharrezkoa bada: «Guretzat ez da hitz zakarra»
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia erdian, batzorde eragileko kideekin, atzo, Euskalduna jauregian.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia erdian, batzorde eragileko kideekin, atzo, Euskalduna jauregian. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko azaroak 26 - Bilbo

«Gure helburua da sindikatua egoerarik okerrenean daudenen esanetara jartzea», Mitxel Lakuntzak bere buruari agindu bat emanez berritu du ELAko idazkari nagusi kargua. Prekaritatearen aurkako borroka areagotu behar dela esan du afiliatuen aurreko lehen hitzartzean, eta ez maila teorikoan bakarrik. 2022an lan hitzarmen asko amaituko dira, eta «urte gogorra» izango dela badaki. Horregatik, afiliatu guztiei esan die «konfrontaziorako» prest egon behar dutela. Mezu sozialarekin batera politikoa ere bidali du, euskal errepublika burujabearen alde eginez, eta Euskal Herriko ezkerreko alderdiei oharra bidali die: «Guk ez diogu gure autonomiari uko egingo. Ez badute bere rola betetzen, ELAk ez du ontzat emango».

ELAko ordezkariek atzo Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) hautatu zuten berriro idazkari nagusi kargurako, Kongresu Konfederaleko azken bozketan. 2019an hartu zuen sindikatuko lema, Adolfo Muñoz Txiki-ren lekukoa hartuz, eta beste lau urtez jarraituko du karguan. Gehiengo handiz berritu zuen kargua, bere batzorde eragile osoarekin batera, Bilboko Euskalduna jauregian bildutako ordezkarien bozen %90,69 jasota. Aldeko 624 boz jaso zituen, aurkako 42, eta hamazazpi zuri.

Lakuntzak karga politiko handiko hitzaldia egin zuen; hala ere, nabarmendu zuen sindikatu bat direla, eta sindikatuak egungo gizartean «funtsezko tresna bat direla». Aurrera begira prekaritateak ez duela atzera egingo iragarri zuen, ez behintzat sindikatuek eragozten ez badute, eta, haren ustez, hor egon behar du ELAk: «Zer da sindikatzea? Boterea oinarritik eraikitzea, antolatzea eta ahul dagoen jendeari indarra ematea». Era berean, erronka jarri zion bere buruari: «Prekaritatearen kontrako borroka hori areagotu behar dugu, bereziki soldata arrakalaren aurka».

Bide horretan, Lakuntzak grebaren aldarria egin zuen. «Guretzat, konfrontazioa ez da sekula hitz zakar bat izango», nabarmendu zuen. Gogoratu zuen 2022an lan hitzarmen asko berrikusi behar direla, patronalak «soldata asko» murriztu nahiko dituela, eta, horrenbestez, urte gogorra izango dela. «Aspaldi ikasi genuen borrokatzen garenean bakarrik entzuten gaituztela», eta negoziazio horretan grebek izan dezaketen garrantzia aipatu zuen: «Grebak ez dira beste garai bateko gauza bat. Oso bizirik daude, eta ezinbestekoak dira lan baldintza onak lortzeko». Baina ez zion erreferentziarik egin balizko greba orokor deialdi bati.

Lakuntzak eragile batzordean giniko aldaketak azaldu zituen. Egun parekidea da, hiru emakume sartu direlako: Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Anemiren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikatzea) eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza soziala eta Genero Berdintasuna). «Etengabe eraldatzen ari den sindikatu eraldatzaile» moduan deskribatu zuen, eta haren kezka eta eta borrokak ez direla lantokietan amaitzen.

Estatu propioaren bila

Lantokietatik haratagoko kezka horietako bat izan da, hain zuzen, XV. Kongresu Konfederaleko berritasunetako bat. Euskal errepublika independentearen aldarria irmotasunez defendatu du ELAk. Egitasmo politiko horrek atal propioa izan du txostenean, eta Lakuntzak haren aldeko fronte komuna eskatu zuen: «Errepublika batean bizi nahi dugu. Estatu propio batean, emakume eta gizonen berdintasuna bermatuko duena, gure esku utziko duena herri honen erabateko autogobernua». Era berean, zehaztu du errepublika horrek sozialista behar duela, euskalduna eta ingurumena zainduko duena, «horrela gehiengoaren ongizatea bermatzeko». Euskalduntasuna hizpide hartuta, nabarmentzekoa kongresuko ia hitzaldi guztiak euskara hutsean izan direla.

Bide horretan, «esker instituzionala» interpelatu zuen idazkari nagusiak. Eragile sozialak ezkerraren beharrean daudela nabarmendu zuen, gobernuek ez diotelako inolako galgarik jartzen botere ekonomikoari. «Ezkerreko alderdi batengatik espero duguna da gai gatazkatsuak ez baztertzea, alternatibak lantzea eta oposizioa egitea. Hori nekez ikusten da gure instituzioetan. Aurrekontuei edo fiskalitateari besterik ez zaio erreparatu behar».

Hitzaldiaren ondoren iritsi zen agur ekitaldia. Greban dauden hainbat langile igo ziren tranpaldora, besteak beste, Novaltia botika banaketa enpresakoak edo Vulcanizados Zuloaga lantegikoak. Ordezkarien txalo zaparrada jaso zuten, eta «Borroka da bide bakarra!» oihu artean jaitsi ziren. Lakuntzaren iragarpenak betetzen badira, ez da oihu hori entzungo duen azken aldia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxeak itxita eta jende oso gutxi Pekingo kaleetan, maiatzean. ©MARK R. CRISTINO / EFE

OMIKRONAREN KOLPEA

Olatz Urkia

Mundua koronabirusarekin bizitzen hasi den honetan, Txinak ez du bertan behera utzi nahi kutsaturik gabeko estrategia. Eta ordaindu beharreko prezioa altua da. Pandemia hasi zenetik bi urte baino gehiago pasatuta, orain hartu du Txinako ekonomiak kolperik gogorrena.

Kaiet Barberarena, Iholdiko Landaia etxaldean, Kintoa arrazako bere zerrien parkean, joan den ostiralean. ©I.E.

Laborariak kezkatu ditu prezioen goititzeak

Iñaki Etxeleku

Hazkuntzarako kanpoan erosi bazka, ongailu eta erregaien prezioak goratu izanak kinka gaiztoan ezarri ditu laborari franko. Iholdiko Landaia etxaldean ere bai, nahiz autonomia bilatzeak arriskua arintzen dion. Erresilientzia planeko dirua banatzeko Frantziak finkatu arauak, gainera, bazter utzi ditu ehunka etxalde.
Pedro Sanchez, Ministro Kontseilu bereziaren osteko agerraldian. ©Kiko Huesca / EFE

Espainiako Gobernuak 200 euroko txekea emango die errenta apaleko langileei, autonomoei eta langabeei

Irune Lasa

Kotizaziorik gabeko pentsioak %15 igoko ditu, eta garraio publikorako abonuak merkatuko. Pedro Sanchezek energia konpainien irabazien gaineko zerga berria iragarri du. «Gehien lortzen dutenek, ekarpen handiagoa egin behar dute sakrifizio kolektibora».

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, gaur. ©Irekia

Europako funtsetatik 1.090 milioi euro jaso dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza kexu da funtsen banaketa oso motel doalako, eta etsita dago Espainiako Gobernuaren banaketa zentralistarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...