Igor Susaeta.
ANALISIA

Erantzukizunaren jarioa aldatuz

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Erantzukizunak eskatzeko orduan, jarioak behetik gora egin ohi du, edo hala egin beharko luke, behintzat, egitura hierarkizatuetan. Zenbat eta kargu nabarmenagoa izan, orduan eta handiagoa da erantzukizuna. Baina 2017ko irailean eta urrian Espainiako presidente, presidenteorde, eta Barne ministro zirenak kontrakoa gerta daitekeela, jarioak goitik behera egin dezakeela, erakusten tematu dira azken egunotan Gorenean, Kataluniako prozesu subiranistaren harira eginiko epaiketan lekuko gisa deklaratzea tokatu zaienean.

Mariano Rajoyk, Soraya Saenz de Santamariak eta Juan Ignacio Zoidok alde guztien galderei erantzunez edo erdi-erantzunez adierazi dutenez, haiek ez zuten zerikusirik izan U-1eko polizia operatiboarekin. Ez zekiten ezer haren diseinuari buruz. Antza, ez zegokien haiei hori jakitea; hala esan dute. Harritu plantak eginez, «guk?» galdetzea bakarrik falta izan zaie. Urte eta erdi geroago ez omen dakite poliziei nork agindu zien bozkatu nahi zuten herritarrei oldartzeko. Ez eta nork erabaki zuen, arratsaldearen erdian edo, agenteak erretiratzen joan zitezela ere, borraz kolpeak emateari, jendea arrastaka eramateari utz ziezaiotela. Irudiak gogoan iltzatuta zituzten ordurako Bruselako agintariek.

Pista bat, gutxienez, eman zuen Zoidok, Espainiako segurtasun indarren arduradun politiko nagusia zenak: aginduak «operatiboek» eman zituztela. Horrenbestez, gehienetan «ez dakit» erantzun zuen erantzukizunaren printzipioaren norabidea aldatuz, edo, amnesiak jota, «ez dut gogoratzen» bestela. Haren menpeko agintarien eta polizien esku utzi du oldarraldiek eragindako 1.000 zauritu pasatxoren erantzukizuna zuritzen ahalegintzeko ardura. Etzi eta asteartean dira horietako batzuk deklaratzekoak.

Espainiak nola funtzionatzen duen ez dakien edonorentzat harrigarria gerta daiteke jokabide hori. Funtzionatzeko modu horren berri dutenak, ordea, ez dira askorik eskandalizatu, eta, beharbada, hori da larriena.

Lekuko guztiekin egin bezala, Manuel Marchena epaimahaiburuak galdetu zion Zoidori ea egia esango zuen. «Zin egiten dut», erantzuna. Galdeketak iraun zuen 150 minutuetan zer adierazi zuen aintzat hartuta, bitako bat: edo erantzukizunari dagokion hierarkia ez zegoen batere argi PPren gobernuan, edo Zoidok ez zuen egia esan. Eta lekukoak egia esatera behartuta daude...

Espainiako Zigor Kodearen VI. kapitulua testigantza faltsuei buruzkoa da, eta 458.1 artikuluak dio auzi judizialean egia esaten ez duenari sei hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra, eta hiru eta sei hilabete arteko isuna ezarriko zaiola. Egia «hitz-erdika» arituz «aldatzen» dutenak zigortzen ditu, berriz, 460. artikuluak. Badago, berez, lekukoei delitu hori edo justizia oztopatzearena egozteko aukera.

Zoidoren esanetan, ez zekien ezer polizia operatiboari buruz, baina polizien «profesionaltasuna» defendatu zuen. Hori gogoratzen du. Bazekien, gainera, poliziek hautetsontziak lapurtu ez zitzaten, bozkatzera joandakoak trebatuak izan zirela «erresistentzia aktiboa eta antolatua» egiteko eta «giza ezkutuak» sortzeko.

Akusatuen zenbait abokaturen esanetan, Espainiak sekulako gaitasuna du kritikak jasotzeko. Hori argi geratu da, bai, Barne ministro batek adierazi duenean arrastorik ere ez zuela Espainiaren batasuna arriskuan jar zezakeela kontsideratzen zuten galdeketarako dispositibo polizialaz. Kataluniako subiranistei leporatzen zaiena da inozoegiak izan zirela Espainiako Estatuaren erreakzio errepresiboa ez aurreikusita. Kasu honetan Espainiako presidentea eta Barne ministroa zirenak ari dira herritarrak eta epaimahaia bera inozotzat hartzeko ahaleginean. Rajoy, agian, aho bete hortz geratu zen herenegun, ikusita Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak memoria ona duela, zehatz-mehatz deklaratu zuela, argituz noiz bildu zen aurrez aurre harekin, noiz hitz egin zuen telefonoz... Rajoyk ez zuen gogoratzen.

Ahalegina Jose Antonio Nieto Segurtasun idazkaria zenak, Zoidoren bigarrenak, eta Diego Perez de los Cobos operatibo hura koordinatu zuenak egin beharko dute etzi eta asteartean, hurrenez hurren. Bi gauza justifikatu beharko dituzte: Zoidok eta Rajoyk nolatan ez omen zuten operatiboaren berri; eta zergatik erabaki zuten herritarrei oldartzea, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren agindua zenean erreferenduma eragoztea, baina «herritarren elkarbizitza normalari eragin gabe». Gertakari horiek direla eta, Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelak lekuko gisa deklaratu zuen Pablo Llarena instrukzio epailean aurrean, eta adierazi «legea betetzea» zegoela elkarbizitzaren «gainetik». Perez de los Cobos: torturagatik auzipetua, eta Fuerza Nueva eskuin muturreko alderdiko ordezkari izandako baten semea.

Akusatuak ere galdeketaren antolakuntzari buruzko erantzukizuna lausotzen saiatu dira. Haiek, ordea, defendatzera behartuta daude...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.