«Neurri ez-traumatikoak» eskatu dizkio Jaurlaritzak hegazkingintzari

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak «neurri traumatikorik» ez hartzeko eskatu die hegazkingintza enpresei, eta Jaurlaritzak «baliabide guztiak» jarriko dituela horien alde egin dezaten. Eskura dituzten «lanabes ezberdinak» ere izendatu ditu: «Aldi baterako erregulazio espedienteak, ordu poltsak...». Halaber, azaldu du «zorrotzak» izango direla diru publikoa jaso duten enpresekin, baina era berean haien iraupena bermatu behar dela.

Tapiak Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez eman ditu azalpenak. Haren arabera, hegazkingintza enpresa handiek «sektoreko langileen %10» kaleratu dituzte, eta horiei enpresa txikietakoak gehitu behar zaizkie. Aernnovak Berantevillan (Araba) duen plantako erregulazioa jarri du adibide Casanovak: «101 langile kaleratuko ditu; zenbat aurreztuko du horrekin? 5-8 milioi euro? Zer da hori urtean 700 milioi fakturatzen duen enpresarentzat?».

EH Bilduko parlamentariak enpresekin «zorrotza» izateko eskatu dio sailburuari, laguntza publikoak «erantzukidetasunari» lotuta joan behar direlako. Tapiak erantzun dio baietz, zorrotzak izango direla, baina sektorea salbatzeko neurriak hartu behar direla luze gabe eta luzera begira. Alde horretatik, esan du enpresa txikiek hobeto eutsi diotela krisiari «gehiago dibertsifikatu» direlako, eta haiek jasoko dutela Espainiako Gobernua prestatzen ari den funtsaren zatirik handiena.

Legebiltzarrean egon da Juan Carlos Gomez Aernnovako langile batzordeko presidentea, eta kritiko mintzatu da: «Neurri zehatzak behar dira; ezin gara orokorkerietan galdu». Nabarmendu du krisia «koiunturala» dela, eta lehendakariari eskatu dio Aernnovari «presio egin» diezaiola kaleratzeak eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.