Zabaletak 22-14 irabazi dio Dariori, eta aukerarik gabe utzi du

Atzelariaren garaipenari esker, Ezkurdiak lehen postua ziurtatu du, eta Etxarrengoak eta Altuna III.ak bigarrena izango dute jokoan

Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Poliki-poliki, ari dira kontuak argitzen Buruz Buruko Txapelketan. Final-laurdenetako ligaxkako aurreneko bi jardunaldiek galbahe lanak egin dituzte. Azkenekoa falta da jokatzeko, baina zenbait kontu zehaztuta daude jada.

Batetik, Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok finalerdiak jokatuko dituzte. A eta B multzoko lehen sailkatuak izan dira, hurrenez hurren. Lasok joan den larunbatean ziurtatu zuen B multzoko lehenbiziko postua, Erik Jakari 22-5 irabazita. Ezkurdiak, berriz, atzo ziurtatu zuen A multzoko lidergoa, Jose Javier Zabaletak Dario Gomezi nagusitasunez irabazi ostean, Legazpin (Gipuzkoa): 22-14. Etxarrengo (Nafarroa) atzelaria ikusgarri aritu zen: hamahiru tanto egin zituen, eta beste hiru sakez.

Hain zuzen ere, Zabaletaren garaipenak aukerarik gabe utzi du Dario, hark jokatu dituen bi partidak galdu baititu. Beraz, soberan dago larunbatean, Iruñean, Ezkurdiaren aurka jokatuko duen neurketa. Zabaleta edo Jokin Altuna izango da bigarren sailkatua. Bi pilotari horiek egun berean ariko dira, Donostian, eta irabazleak Lasoren aurka jokatuko du finalerdietan. Hala ere, ikusteko dago Altuna III.ak jokatuko duen. Bihar egingo du proba ezker eskua osatu zaion jakiteko. Lesio horren erruz, ez zen aritu Ezkurdiaren aurka.

B multzoan, berriz, Iñaki Artola edo Erik Jaka sailkatuko da Lasoren atzetik finalerdietarako. Artolak eta Jakak igandean jokatuko dute elkarren aurka, Bilbon. Lasok eta Beñat Rezustak jokatuko dute jardunaldiko lehen partida, Baños de Rio Tobian (Espainia). Ez dago ezer jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.