Noiz sortua: 2018-12-22 00:30:00

Ikonografia propioa sortzen

Joseba Asironek eta Martin Altzuetak Euskal Herriko Historia Ilustratua bildumaren hirugarren atala aurkeztu dute, Aro Modernoa kontatzen duena. Bertako historiari irudiak jartzea izan dute xede
Liburuan agertzen den ilustrazio bat, Martin Altzuetak egina. Besteak beste, nabigatzaileen eta baleazaleen istorioak kontatu dituzte lanean.
Liburuan agertzen den ilustrazio bat, Martin Altzuetak egina. Besteak beste, nabigatzaileen eta baleazaleen istorioak kontatu dituzte lanean. TXALAPARTA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2018ko abenduak 22

«Gaur egun, Euskal Herriko edozein pertsona gai da Kristobal Kolon Amerikara heldu zen unea imajinatzeko: irudian, hondartza bat agertuko da, eta, atzean, hiru itsasontzi garezur banarekin. Lehen planoan, Kolon bera lehorreratuko da, eta indigena batzuk gerturatuko zaizkio. Haatik, ez dugu imajinarik deskribatzeko geure historiaren pasarte asko». Hori uste dute Joseba Asiron historialariak eta Martin Altzueta ilustratzaileak. Bertako historiaren inguruko «ikonografia faltak» kezkatu egiten zituen; horregatik, 2012an, hutsune hori betetzeari ekin zioten: Euskal Herriko historia ilustratua izeneko bilduma sortu zuten, Txalaparta argitaletxearekin.

Sorta ireki zuen liburukian, Historiaurretik Erromantizismo garaira arteko pasarte esanguratsuenak bildu zituzten; bigarrenean, berriz, Erdi Arokoak. Orain, hirugarren liburukia argitaratu dute, Aro Modernoan kokatuta dagoena. Bi urte igaro dituzte lana ontzen; «neketsua» izan da, baina, Jon Jimenez Txalapartako editorearen hitzetan, «gainditu egin du aurrekoetako kalitatea». Asteartean aurkeztu zuten lana, Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Hirugarren liburukiak Marinelak, matxinoak, sorginak eta ilustratuak izenburua du, eta XVI. mendetik XIX.era bitarteko pasarteak kontatzen ditu. Asaldura sozial eta politiko handiko urteak izan ziren horiek: gatazkaz beteak. Herri xehea pobreziari aurre egiten saiatzen zen, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren bitartez. Bitartean, eliteak bitan banatuta zeuden: Espainiako eta Frantziako inperioen aldekoak batetik, eta horien aurrean erresistentzia egiten zutenak bestetik. Era berean, euskaldunentzat, nazioartera zabaltzeko garaia izan zen, nabigatzaileen eta baleazaleen aroa izan baitzen.

Gertaera horien guztien artean gutxi batzuk hautatu behar izan dituzte egileek. Asironek azaldu duenez, pasarterik «ezezagunenak» aukeratzen saiatu dira. Hauek dira batzuk: 1620an Nafarroako gorteei egindako erasoa, Espainiako Ondorengotza Gerran Zangozak (Nafarroa) jasan zuen arpilatzea, hondoratutako San Joan baleontziaren aurkikuntza... Era berean, «ezagunagoak» diren batzuk ere sartu dituzte, orain arte oso gutxitan irudikatu izan dituztenak; Donostiako 1813ko sutea, kasurako.

Testuinguru horretan protagonista izandako lagunei aurpegia jarri diete liburuan: nabigatzaileak, baleazaleak, lehenbiziko idazleak, sorginak, konkistatzaileak, matxinoak... Pertsona anonimoei tokia egiteaz gain, historian «ezabatuak» izan diren emakume eta gizon garrantzitsu batzuen istorioak ere kontatu dituzte. Asironek horietako bi nabarmendu ditu: Xavier Mina gerrillari nafarra eta Maria Estibaliz Sasiola lehenbiziko emakumezko idazle euskalduna. Horiek ez ezik, beste hainbat pertsonaia ere agertzen dira: Bernard Goienetxe Matalas, Katalina Erauso, Tiburcio Redin Cruzat, Bernart Etxepare... Altzuetak hainbat modu erabili ditu horiek paperean irudikatzeko. Kasu batzuetan, garai hartako margolanak erabili ditu; beste batzuetan, ordea, asmatu egin ditu, ez baitzegoen dokumentaziorik.

Batailak, guduak eta abenturak kontatzeaz gain, garai hartako egunerokotasuna nolakoa zen ere erakusten saiatu dira. Ilustrazioak baliatu dituzte irudikatzeko, besteak beste, orduko baserrietako eguneroko bizitza, emakumeek jasan zuten errepresioa, ekonomia sektore berriek ekarri zituzten aldaketak, erlijioaren garrantzia eta elikaduran izan ziren aldaketak.

Marrazkietan aldaketa nabarmena ikus daiteke aurreko lanetatik honetara. Aurrekoak Euskal Herriko barnealdean kokatuak zeuden; horregatik, irudietan tonu marroiak eta berdeak gailentzen ziren, eta marrazkiak ilunagoak ziren. Oraingoan, berriz, Altzuetaren paletak tonu urdinetarantz jo du, eta itsasoko urak eta zeruek toki handia hartu dute irudietan.

Itsasontziak, baleak eta beste irudikatzeko, Altzuetak aitortu du bere «erosotasun eremutik» atera behar izan duela. Adierazi duenez, harentzat errazagoa da Erdi Aroko giroa eta orduko jantziak marraztea; horregatik, oraingoan «dokumentazio lan handia» egin behar izan du, elementuekin ohitzeko. Hala ere, pozik dago emaitzarekin, uste baitu haren lanaren kalitateak hobera egin duela. «Lan hau aurrekoen zimenduetatik atera da; hortaz, akatsetatik ikasi ahal izan dut, baita ongi egin ditudan gauzetatik ere». Asironek goraipatu egin du bere kideak egindako lana, eta sortzaile gisa «heldutasuna» lortu duela gaineratu du.

Hirugarren liburuan, ilustratzaileak erronka berri bat ezarri dio bere buruari: pertsonaiak marrazteko, benetako pertsonen aurpegietan oinarritu da, marrazkiei errealismoa emateko xedez. «Lehen, aurpegiak asmatu egiten nituen, eta guztiak oso antzekoak geratzen ziren: komiki zantzuak zituzten; berezitasuna falta zitzaien. Orain, berriz, bizitasun handia dute». Haren inguruko pertsonak erabili ditu modelo gisa, baita pertsona «famatu» batzuk ere.

Dokumentazio lana

Historiaren pasarteak paperean irudikatu ahal izateko ikerketa lan «mardula» egin dute autoreek. Azaldu dutenez, Asironek bere gain hartu zuen dokumentazio lana, eta, horretarako, hainbat tresna erabili zituen: maketak, margolanak, argazki zaharrak... Ondoren, Altzuetari hainbat jarraibide eman zizkion, eta horrek eszenak marraztu zituen.

Egileek garrantzizkotzat jotzen zuten irakurleari prozesu horren berri ematea. Horretarako, atal berezi bat sartu dute liburuan: Honela egin dugu. Bertan kontatu dute marrazki bakoitza sortzeko egin duten prozesua. Adibidez, atal horretan irakur daitekeenez, XVIII. mendeko Zangozako eszena bat irudikatzeko, antzinako postal batean oinarritu dira. Horretan agertzen da garai hartan herriko sarbideetako bat izan zen Carajeas ataria, guztiz hondatua, eta Altzuetak antzeko atari bat marraztu du. Bestalde, Jose Maria Magallon markesa irudikatu dute, jauregi baten atarian. Horretarako, Iruñeko Ezpeleta jauregia marraztu dute, eta, markesa irudikatzeko, Francisco Goyaren margolan bat erabili dute.

Liburu bat baino ez zaie geratzen bilduma osatzeko, eta, horretan, Aro Garaikidea izango dute hizpide, baina erabaki behar dute zein urtera arte kontatuko duten. Dagoeneko sortze prozesuan dihardute, eta, esan dutenez, ikerketa lana «errazagoa» izaten ari da, gertuagoko garaia izanik material gehiago dagoelako eskuragarri. 2020an argitaratzea aurreikusten dute, eta aurreratu dute sartuko duten ilustrazio bat: Gernikako bonbardaketa. Guztiak ikusi nahi dituenak, ordea, bi urte itxaron beharko du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna