Imanol Rojo. Iraupen eskiatzailea

«Denboraldi erabakigarria izango da aurtengoa nire ibilbidean»

Rollerskia utzi eta elurretan irristatzen hasteko garaia du Rojok. Olinpiar Jokorik eta munduko txapelketarik gabe, Munduko Kopa izango du helburu, berritasun batekin: Andorrako selekzioarekin lehiatuko da.

Unai Ugartemendia.
Tolosa
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bi Olinpiar Jokotan lehiatu den euskalherritar bakarrenetakoa da Imanol Rojo iraupen eskiatzailea (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Sotxin 2014an (Errusia) eta Pyeonchangen 2018an (Hego Korea) aritu eta gero, hasi da jada 2022an Pekinen jokatuko direnekin amesten. Ez du bide samurra izango aurretik. Aurten ez du Olinpiar Jokorik edo munduko txapelketarik jokatu beharko, baina urte garrantzitsua izango da bere ibilbidean.

Ez da erraza zu etxean, Tolosan,harrapatzea.

Familiarekin egoteko eta normalean egiten ez ditudan gauza asko egiteko baliatzen dut denbora Tolosan. Laster bidaiatzen hasiko naiz, bai egonaldietarako eta bai lehiaketetarako, eta orduan ez dut Tolosara itzultzeko aukera handirik izango. Arnasa hartzeko ere ez zait gaizki etortzen etxeko egonaldia!

Udan zer egin duzu?

Gure atsedenaldia apirilean izaten da, hilabete inguru. Bi aste ezer egin gabe pasatzen ditut, eta gero lasai-lasai hasten naiz berriro ere entrenatzen. Hori bai, maiatzaren 1ean berriro ere martxan jartzen naiz.

Nolakoa izaten da zuen denboraldi-aurrea?

Bizikletarekin eta rollerskiarekin hasten gara gehienetan. Ekainean, askoz ere rollerski gehiago egiten hasten gara, eta mendiko irteera luzeak ere oso ohikoak dira. Lehen, mendi lasterketa batzuetan ere parte hartzen nuen, baina aurten ez dut batere jokatu. Gaur egun rollerski lasterketa asko jokatzen dira udan Norvegian, eta horiek ondo prestatzea gustatzen zait. Gimnasioan ere aritzen naiz.

Rollerskiko lasterketa asko jokatu al dituzu udan?

Abuztuan, Norvegian, 60 kilometroko lasterketa bat jokatu dut. Era klasikoan izan zen. Mota horretako lasterketak denboraldia prestatzeko baliatzen ditugu, baina badira horretan bakarrik ibiltzen diren kirolariak ere. Suedian eta Norvegian lasterketa asko jokatzen dira; Euskal Herrian, berriz, irailetik aurrera hasten dira. Ezberdintasun handiak daude: esaterako, han ez dira mendate oso luzeak igotzen, jaitsierak egiteko aukera ematen duten mendateak dira.

Nola moldatu zinen lasterketan?

Ondo esan beharko. Hala ere, izugarrizko erorketa bat izan nuen eta bi hortz apurtu nituen.

Irailaren amaieran gaude jada. Hemendik aurrera zer?

Orain, gauza zehatzagoak egiten ari gara. Eskiekin hasiko gara glaziarretara joaten, ez baitago elurrik edozein lekutan. Lehen, ekainean ere joaten ginen glaziarretara, baina aurten lau hilabetean ez eskiatzea erabaki dugu. Munduko txapelketa oso gogorra izan zen, eta atseden handiagoa hartzea erabaki dugu.

Aldaketekin omen dator urtea.

Bai, Espainiako selekzioa utzi dut eta Andorrakoarekin arituko naiz. Horrek ez du esan nahi Espainiakoa erabat utziko dudanik, baina Andorrako taldea bikain ari da lanean iraupen eskian, eta haiekin probatu nahi dut.

Arazorik izan duzu Espainiako selekzioarekin?

Esan didate urte asko daramatzadala, eta ez dutela talde bat egin nahi nirekin bakarrik. Orain artean bi eskiatzaile ginen senior mailan, baina besteak aurten biatloia probatu nahi du, eta bakarrik gelditu naiz. Zaharra naizela eta uste baino emaitza okerragoak lortu ditudala ere esan didate. Hori entzunda, ez nuen asko pentsatu. Andorrak, gainera, Munduko Kopan lehen hamarretan sartu zen eskiatzaile bat dauka, Irineu Esteve, eta niretzat handia izango da harekin entrenatzea.

Oraindik 28 urte besterik ez daukazu. Nola liteke zaharra izatea?

Nik ere hori pentsatzen dut, baina... Kirol honetarako urte onenak 28-32 artekoak direla esaten dute; beraz, orain nago nire onenean. Ez da ulertzeko erraza.

Zer aldaketa ekarriko dizkizu Andorrako selekzioarekin aritzeak?

Hasteko, berriro hasi naiz Sotxiko [Errusia] Olinpiar Jokoak baino lehen neukan entrenatzailearekin, Joan Erolarekin. Azken bi urteetan Joseba anaiarekin ibili naiz entrenatzen, baina Espainiako selekzioarekin liskar batzuk izan dira, eta aldatzea erabaki dugu.

Ilusio berezia duzu aurten?

Bai. Gauza ezberdinak egiten ari naiz, eta lau hilabeteotan askoz ere hobeto sentitzen ari naiz. Iñaki Arratibel medikuarekin ere probak egin ditut, eta orain bost urte baino emaitza hobeak lortu ditut.

Nola antolatu duzu denboraldia?

Hiru egonaldi egingo ditugu Paso Stelvion [Alpeak, Italia, 2.757 metro]. Gero, azarotik aurrera, Eskandinaviara goaz, lasterketekin hasteko.

Diru laguntzen menpe dauden kiroletan, asko nabaritzen al dira Olinpiar Jokoez harago denboraldiak?

Bi urtetik behin munduko txapelketak jokatzen dira, eta lau urtetik behin Olinpiar Jokoak; beraz, tarteko urteetan ez da horrelako ezer izaten. Aurten, esaterako. Denok Munduko Kopari begira egongo gara. Bi zirkuitu jokatuko dira, eta biak egiteko asmoa dut.

Noiz hasiko duzu denboraldia?

Azaroaren erdialdean hasten dira jada lasterketak, eta behin hasita, ia asteburuero izaten dira.

Lehia garaian itzultzen al zara etxera?

Lehia garaia Vielhan [Lleida, Herrialde Katalanak] pasatzen dut. Lasterketetan lau egun igarotzen ditugu gutxi gorabehera, eta etxean, berriz, hiru. Arropak aldatu, garbitu, eta berriro ere lasterketetara joan behar izaten dugu.

Nolakoa duzu egun arrunt bat?

08:00etan jaiki, gosaldu eta09:00etarako pistetan izaten naiz Vaqueiran [Lleida, Herrialde Katalanak]. Normalean ordu pare batez entrenatzen naiz elurretan, batzuetan zerbait gehiago. Gero, etxera itzuli eta bazkaldu egiten dut. Arratsaldean, gimnasiora edo korrika egitera irteten naiz.

Prestakuntza asko aldatu al da azken urteetan?

Bai, asko. Orain asko erabiltzen da gorputzaren goiko zatia. Dena indarra da gaur egun. Lehen, iraupen eskian ibiltzen zirenak oso argalak ziren, korrikalarien antzekoak; gaur egun, ordea, goiko aldea oso garatua dute denek, eta hor ikusten da aldaketarik handiena. Ni hasi nintzenean jada aldaketa nabaritzen zen, baina gaur egun askoz ere nabariagoa da. Eskandinaviako eskiatzaileak hasi ziren lehenik, eta denak atzetik joan gara gero. Haiek dira diziplina honetan aitzindariak.

Ez al duzu pentsatu inoiz urteren batean hara joatea eta haiekin entrenatzea?

Joateko aukera izango nuke, baina oso garestia da. Ezinezkoa iruditu zait beti. Izugarria izango litzateke han denboraldi bat egitea; haiek duten lanerako pentsamoldea oso ezberdina da gurearen aldean.

Zertan ikusten da aldea?

Mentalitatean. Haiek etxetik irten eta eskiatzeko aukera dute, guk hemen mendiko lasterketekin dugun antzera.

Euskaldunok eskiatzeko ditugun zailtasunak ikusita, goi mailan eskian ibiltzen zareten batzuk bazarete: eski alpinoan hor daude Juan Del Campo, Aingeru Garai edo Adur Etxezarreta; snowbordean Lucas Egibar… Zer esan nahi du horrek?

Euskaldunok kirola egiteko mugitzeko gaitasun handia dugulako iritsi gara gauden tokira. Mendiarekiko kultura handia dugu, eta eskiarekin ere hori gertatu da. Ikusi besterik ez dago zenbat jende mugitzen den oraindik ere eskiatzera.

Espainiako selekzioan zu bakarrik zaudela esan duzu. Euskal Herrian nola dago iraupen eskirako zaletasuna?

Nahiko jende badabil iraupen eskian. Joseba anaiak orain egin du taldetxo polit bat, eta hemengo sei neska eta bi mutilekin dabil. Denak Jakako [Aragoi, Espainia] talde batean zeuden, baina, anaiak selekzioa utzi zuenean, talde bat osatzeko asmotan hasi zen, eta gaur egun horiek dira bere taldeko kideak. Lasterketa guztietara eta rollerskikoetara ere joaten dira. Rojo Teknifikazio Taldea izenarekin bigarren urtea du aurtengoa. Oso gustura dabil.

Gazteak aipatu dituzu. Etorkizuna bermatuta ikusten al duzu?

Nahiko gaizki ikusten dut epe motzera. Hutsune handia dago nire eta hurrengoen artean. Hamar urte inguruko tartea dago, eta oso zaila izango da hutsune hori betetzea. Ni hasi nintzenean eredu batzuk banituen: anaia, kantabriar bat, aragoiar bat... Gutxinaka joan naiz igotzen, eta atzekoei hori faltako zaie.

Nork du horren errua?

Esango nuke baliabide falta izan dela. Urte askotan eskiatzaile asko izan dira, baina, beste batzuetan, batere ez, eta urte hauetako hutsunea beti nabaritzen da. Jendea bazegoen, baina ez zen apusturik egin haiekin, eta kirol honetarako ezinbestekoa da gogoa izatea eta asko entrenatzea. Ez badago erraztasunik horretarako, jendeak utzi egiten du.

Munduan ez dira asko bi Olinpiar Jokoetan parte hartu dutenak. Zer oroitzapen duzu 2014ko Sotxikoaz?

Lehena, onena izan zen. Munduko onenekin lehiatzeko aukera izan nuen, eta hori edonork amesten duen gauza bat da. Hala ere, Olinpiar Jokoetara iritsiko nintzela, horretaz ohartzea izan zen onena. Banekien ondo entrenatuz gero iritsiko nintzela, aukerak banituela. Anaia hor zegoela ikusten nuen, baina ez zela iristen; nik, ordea, asko entrenatu gabe, antzeko emaitzak lortzen nituen. Banekien gauzak serioago hartuz gero irits nintekeela. Halaxe egin nuen.

Ordura arte ez zinen eskitik bizi. Olinpiar Joko haiek profesionalizaziora eraman zintuzten?

Bai. Ordura arte ez nuen baliabiderik. Etxean bizi nintzen, entrenatzen nintzen eta Espainiako selekziokoekin deialdietan parte hartzen nuen. Baina Sotxiren ondoren , Basque Team eta Kirolgi etorri zitzaizkidan, eta horretara bideratu ninduten. Emaitzak eskatzen zizkidaten, eta horrek ardura batzuk jartzen zizkidan.

Emaitzek laguntzen ez dutenean, ez al duzu askotan pentsatu dena pikutara bidaltzea?

Egia da Sotxira arte gora egin nuela eta geroztik ez dudala aurrerapen handirik izan. Ikusten duzu Munduko Kopan aurrean ibiltzea oso zaila dela; dirurik ez baduzu, material onik ez dagoela... Beheraldi handiak izan ditut askotan, baina orain konturatzen naiz egokitzapen bat behar dela: geroz eta hobeto nago, baliabide gehiago ditut, eta ondoan nigan konfiantza duen jendea daukat.

Askotan zaila izaten da emaitzen kontua jendeari esplikatzea: azken Olinpiar Jokoetan 35. postuan amaitzea lorpen bat izan zen zuretzat.

Bai, hala da. Nire helburu nagusia irabaztea izaten da beti, baina, oinak lurrean izanda, nire beste helburua munduko 30 onenen artean sartzea da. Materialak hainbesteko garrantzia duen kirolean, gauza asko ez dira geure esku izaten, eta hori ere kontuan hartu behar da. Diruak asko agintzen du kirol honetan. Ikusi besterik ez daude Norvegiak eta Suediak nazioarteko txapelketetara eramaten dituzten kamioi puskak.1 Formulako kamioiak dirudite. Gu, aldiz, furgoneta batean joaten gara, dena gainean dugula.

Zein dira aurtengo helburu nagusiak?

Munduko Kopan aurrean ibili nahiko nuke. Iaz ia lortu nuen, baina ez zen posible izan. Lehen hogeita hamarren artean sartuta konformatuko nintzateke. Erregulartasuna lortu nahi dut.

Hurrengo Olinpiar Jokoak Pekinen izango dira 2022an. Hura al da hurrengo helburu nagusia?

Aurtengo denboraldia erabakigarria izango da nire ibilbidean. 29 urte ditut, eta agian beste leku batera bideratu beharko dut. Gainera, ez dakit laguntza handirik izango dugun jarraitzeko. Ondoan laguntzarik ez dudala ikusiko banu, beste gauza batzuetan pentsatzen hasi beharko nuke. Hala ere, 2022an pentsatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.