Italiako Giroa. Mikel Landa. Movistar taldeko txirrindularia

«Askoz gehiago maite dut Giroa gorroto baino»

Gaur hasiko da Italiako Giroa, eta Landak 1 zenbakia eramango du soinean. Erlojupeko lanean duela bi urteko mailan dagoela uste du, eta horrek «zerbait polita» egiteko ilusioa piztu dio.
DARIO BELINGHERI / MOVISTAR TEAM

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 11
Itzuli handi bat hasi aurreko egunak beti dira urduritasunez beterikoak, are gehiago talde handi bateko lider gisa doanarentzat. Mikel Landaren (Murgia, Araba, 1989) kasua da, Movistarrekin. 50 elkarrizketa eskaeratik gora zituen, eta hiruzpalau onartu ditu bakarrik, tartean BERRIArena. Ilusioz dago, baina badaki aurten loriaren langa oso altu dagoela.

Zer moduz zaude? Sasoia eroriko batekin hasi zenuen, eta hori inoiz ez da ona.

Iazko urte amaiera zaila izan zen, eta aurten, lepauztaiko arazoak izan nituen hasieran. Baina orain ondo nago. Girorako prestaketan ez dit eragin. Erorikoarekin, agian, Euskal Herriko Itzulia lehiatzeko aukera galdu nuen, baina urteko helburu nagusira sasoiko iritsi naiz.

Oineko azkazal batean arazoak izan dituzu, eta, horren erruz, ez zenuen bukatu Asturiasko Itzulia. Xehetasun txikiak zaintzea eskarmentu zantzua al da?

Ondo dut orain behatza. Ez zen larria, ubeldu bat, eta gorputzak xurgatu egin du. Zure urteko helburuaren bezperan zaudenean, eta sasoi onean, gainera, dena ondo zaindu behar duzu. Ez dakit eskarmentuaren lanak diren, baina azken urteetan ikasi dut lesioak bizkorregi sendatzen dituzunean gero beste nonbaitetik irteten direla.

Asturiasen eta Liejan ondo aritu zara. Zer moduz sumatzen duzu zeure burua?

Oso ondo. Espero baino hobeto ibili naiz azken probetan. Iazko zalantzak sasoi hasieran uxatu nituen, Coppi-Bartalin eta Euskal Herriko Itzulian ondo lehiatuz. Konfiantzaz nago.

Zergatik aukeratu duzu Giroa?

Lasterketa berezia da niretzat. 2015eko Giroko podiumak bihurtu ninduen gaur egun naizen txirrindularia. Iaz, goiz bukatu nuen denboraldia, abuztuan, Donostiako Klasikoko erorikoarekin, eta sasoiko sumatzen nuen neure burua, oso fresko. Horregatik aukeratu dut Giroa. Ondoren, uztailean, Tourrera joango naiz.

Giroarekin maitasun-gorroto harremana duzu. 2015eko podiuma hor dago, baina gero erorikoak ere izan dituzu.

Bizitzaren bi aldeak bizi izan ditut Italian, poza eta zoritxarra, baina garbi dut askoz gehiago maite dudala Giroa gorroto baino.

Tximeletarik ba al duzu sabelean? Ala adinarekin horiek ere joan egiten dira?

Nerbiorik ez dut, baina egia da itxaropentsu nagoela. Sasoi onean nagoenez, irrika bizia dut hasteko. Zerbait polita egiteko ilusioa dut.

Iazko urte amaiera gogorra izan zen zuretzat. Tourreko ezina, gero erorikoa...

Bai, itzuli handi batean gozatzeko desiratzen nago. Mendiko etapa batean protagonista naizela sentitu nahi dut, hankek duten guztia ematen dutela, eta egun gogor batean gozatzeko.

Ibilbidea gustuko al duzu?

Azken astea beti oso gogorra izaten da Giroan, eta aurten ere bai. Erlojupeko kilometro asko dira, baina azken aste hori oso menditsua da. Ahalik eta hobekien iristen saiatu behar dut, denbora askorik galdu gabe, eta istripuak saihestuz.

Azken urteetan itzuli handietako lehen asteak kanporaketa proba bihurtu dira.

Guztiok tropelaren buruan joan nahi dugu, eta ez dago lekurik. Ziztu bizian goaz, eta urtero gertatzen da zoritxarren bat. Aurten, gainera, iruditzen zait eroriko gehiago izaten ari direla. Fundazioko gazteekin ere zorte txarra izan dugu.

Iaz, duela bi urteko mailatik urrun ibili zinen erlojupekoetan. Aztertu al duzu zergatik?

Duela bi urte nahiko ondo ibili nintzen diziplina horretan. Baina iaz, bizikleta aldaketarekin, ez genuen lan nahikoa egin. Aurten, aldiz, bai, batez ere bizikleta gaineko jarrera onaren bila, eta jarrera hori aurkitzen duzunean orduak sartu behar dituzu. Ordu eta erdiko saioak egiten ditugu errepidean, serieak gehienbat. Jarrera horretan ezin da gehiago behartu.

Skyko azken urtearekin alderatuta, zer moduz zaude orain erlojupekoan? Zer diote datuek?

Oso antzera nago. Esango nuke berdin nagoela.

Movistarren zaudenetik parte hartu duzun itzuli handietan izan duzu beste lider bat alboan. Kasu honetan bakarrik zaude.

Bakarrik ez, talde oso on batekin. Agian babestuago sentitzen naiz. Erosoago sentitzen zara zu babesteko zazpi taldekide dituzunean.

Presiorik nabaritzen al duzu?

Ez. Gustatuko litzaidake zerbait handia egitea. Itzuli handietara joaten naizenean lagunek beti fede handiagoa dute nigan, nik neure buruan baino gehiago.

Irabaztea helburu erreala al da?

Oso zaila da. Ni baino lehiakide hobeak eta eskarmentu handiagoa dutenak izango ditut parean, baina ez da ezinezkoa.

Eta podiuma?

Baita ere. Aurten oso zaila egongo da lehen bosten artean sartzea, baita lehen hamarretan ere. Baina zergatik ez?

Giroak aurkezpen bideo bat egin zuen faborito handiekin, eta zu ez zintuen sartu.

Ez diot garrantzirik ematen horri. Giroa bere palmaresean duten bi txirrindulari daude tropelean, Simon Yates iaz oso hurbil gelditu zen... Normala da, urteak pasatzen ari dira, ez naiz berriz ere podiumean egon, eta ulertzekoa da nitaz ahaztea.

Buruan duzu hori? Urteak pasatzen ari direla eta podiumak ez direla iristen?

Azkenean, gauza batengatik edo bestegatik urteak pasatu egiten dira. Eta beti zerbait gertatu zait podiumean egotea eragotzi didana. Itxaropena dut, halere. Begira Geraint Thomas iaz, Tourra irabaztea lortu zuen azkenean, eta nik ere ez dut itxaropena galdu. Baina ez nago zahartua [barrez].

Aurkaririk ez zaizu faltako. Ikusten al duzu baten bat besteen gainetik?

Ez dut ikusten inor besteen gainetik. Primoz Roglic izan da bere burua gehien erakutsi duena azkenaldian, baina badaude bera baino eskarmentu handiagodun aurkariak. Ez da erraza bat aukeratzea.

Gero Tourrera zoaz, apustu handia da.

Nire azken denboraldiak Tourrean bukatu dira, eta, lehen esan dizudan bezala, fresko sumatzen dut neure burua. Biak egiteko indarrez nago. Duela bi urte biak egin nituen, eta Tourra ona izan zen. Bien artean atsedena ondo hartuz gero, uste dut egin daitezkeela.

Azken kontratu urtean zaude. Presioa al da hori?

Ez da lehen aldia nire ibilbidean, ohituta nago. Denboraldiaren lehen zatian gaude oraindik. Indartsu nago, Giro ona egingo dudala uste dut, eta hurrengo urtean nahi dudana egiteko aukera izateko itxaropena dut. Ondo bidean, eskaintzak egongo dira.

Bahrainen eskaintza jaso duzula zabaldu da. Egia al da?

Oraindik ez dago eskaintzarik. Ez dugu hitz egin inorekin. Baina tira normala da merkatua mugitzen hastea. Baina zuen artean, kazetarien artean esan nahi dut, bizitza errealean baino bizkorrago doa dena.

Euskadi-Muriasek bat egiteko eskaintza egin zion Euskadi Fundazioari. Fundazioko presidenteak zer dio?

Egia da hitz egin genuela, baina une hauetan gure helburuak ezberdinak dira, eta ez dugu beste bilerarik izan.

Jarrerak urrun al daude?

Egun, bai. Nik fundazioa hartu nuen gazteei aukera emateko. Talde txikia da, kontinental mailakoa, eta Laboral Kutxaren laguntzarekin lan handia egin dugu harrobian. Haiek, aldiz, profesional kontinental mailan daude, eta iruditzen zait gaur egun helburu ezberdinak ditugula.