CDa: 40 urte bueltaka

Disko konpaktuak 40 urte bete ditu abuztuan. Iraultza eta etorkizuna izan behar zuena gain behera doa aspaldian. CDak ireki zizkion ateak aro digitalari, eta aro digitalak irentsi du CDa. Euskarri fisiko gisa, aldiz, biniloari kendu zion lekua galdu du. Nork kenduko, eta biniloak berak.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Trinkoa, distiratsua eta biribila ez dira CDaren ibilbidea deskribatzeko balio duten adjektiboak, nahiz eta horiexek izan haren sorreran iragarritakoak. Musika industriaren iraultza eta etorkizuna behar zuen izan, baina gain behera doa. Hori diote adituek. CDak ireki zizkion ateak aro digitalari, eta ate beretik sartu zirenek hartu diote orain gaina CDari: deskargek eta streaming plataformek, besteak beste. Musikaren euskarri fisiko gisa eusten dio bere funtzioari, baina horretan ere tokia galtzen ari da. Noren mesedetan izango, eta biniloaren mesedetan. Duela 40 urte modu txarrean bultzaka eta presaka paretik kendu nahi izan zuen haren mesedetan.

1982ko abuztuaren 17a zen. Egun horretan atera zen Philips enpresak Langenhagenen (Alemania) zuen fabrikatik lehen CDa: Abba taldearen The Visitors diskoa, Polygramek ekoitzitakoa. Bide komertzialean egindako lehen urratsa zen hura. Izan ere, disko digital konpaktua, berez, James T. Russell zientzialari estatubatuarrak asmatu zuen 60ko hamarkadaren amaieran. Baina Philips eta Sony erraldoiek, elkar hartu, zituzten ingeniari onenak lanean jarri, eta, urte gutxiren buruan, hura garatzea lortu zuten. Iraultza izan zen. Datuak metatzeko eta programak abiarazteko biltegi ezin hobea zen CDa —adar horri heldu zion informatikaren alorrak—, baina soinuaren digitalizazioa eta kalitatea ere bazekartzan berekin —adar horri heldu zion musikaren industriak—.

Agur zintei eta kaseteei. Bazterrera biniloak. «Ez zen izan merkatuan pixkanaka sartu zen zerbait. Egunetik gauera sartu zuten; jendeak ez zuen astirik izan barneratzeko, probatzeko, erabakitzeko. Hau zioten: 'Amaitu da kasetearen eta biniloaren aroa, eta hasi da CDarena'», gogoratu du Juancar Garciak, Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary disko denda historikoko arduradunak. Akordatzen da garai hartaz Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko esataria ere: «Kataklismo erabatekoa izan zen. Esan ziguten biniloa baino askoz hobeto entzuten zela, zaintzeko errazagoa zela... Gogoan dut telebistako iragarki batean nola agertzen zen CD bat eta nola botatzen zioten marmelada gainetik, nola garbitzen zuten iturrian pasatuta, eta ederki entzuten zen berriro». Andres Kamio Jitu-k, Elkar argitaletxeko musika arduradunak, akorduan du CDaren «kalitatea» nabarmentzen zutela: «Hasiera hartan, bitxia egiten zitzaigun. Zeren gu ohituta baikeunden tabernetan-eta urratutako eta ongi zigortutako biniloak entzuten. CDaren soinua garbia zen, beste kalitate bat ematen zuen».

Garestiak ziren hasieran. «LP batek 1.500 pezeta balio bazituen, CD batek, 3.000 baino gehiago», azaldu du Garciak. Baina oso denbora gutxian jan zuten merkatua. «Xaribarin, Frudisken... momentu batean CDak biniloak baino merkeagoak bihurtu ziren. 90eko hamarkadaren erdialdean, jada merkeagoa zen CD bat erostea binilo bat erostea baino», gogoratu du Etxeberriak. «Bi edo hiru urteko epean, kasetea erabat desagertu zen, eta binilorik ez zen saltzen. Guk biniloak ekoizteari utzi egin genion, eta CDa bihurtu zen euskarri fisiko ia bakarra», azaldu du Jitu-k.

Biniloaren defentsa

«Gu ez ginen inoiz sartu joko horretan», adierazi du Garciak. «Noski, CDak ekarri genituen, baina gutxi. Erakusleiho txiki bat jarri nuen dendan, eta han joaten nintzen jartzen, pixkanaka. Multinazionalek biniloak egiteari utzi zioten, eta diskoetxe askok zaborretara bota zituzten biniloak: 'Honek jada ez du ezertarako balio'». CDa multinazionalen «inposizioa» izan zela azpimarratu du behin eta berriz Bloody Mary dendako arduradunak: «Nik ez diot sekula biniloak erosteari utzi. Zigilu underground edo independenteek segitzen zuten biniloak ekoizten. Estilo horietan, inork ez zuen nahi CD bat, ez orduan eta ezta orain ere; gaizki ikusia zegoen». Eta izan ziren artista ezagunak CDari uko egin ziotenak—«Neil Young izan zen horietako bat», akordatu da Joseina Etxeberria—, eta disko jartzaileen artean ere biniloari beti eutsi izan zaiola nabarmendu dute. Kontua da, ordea, gutxi batzuek amore eman behar izan zutela. «Egia da CDaren ezusteko horrek guri ez zigula eragin, baina gehien izorratu gintuena izan zen zenbait taldek, multinazionalek fitxatu zituztenean —Screaming Trees, Redd Kross...—, biniloak egiteari utzi ziotela. Baina oso talde gutxi izan ziren halakoak, eta, gero, orduan egin zituzten diskoak biniloan argitaratu dituzte».

Irratirako «zoragarria»

CDaren etorrerak inon onurarik eragin bazuen, irratigintzan izan zen. Etxeberriak aitortzen du hori: asko «erraztu» zizkiela lanak, «zoragarria» izan zela hura: «1990ean, single gehienak biniloan etortzen ziren, eta kantu jakin batzuk, nahiz eta single ez izan, LPtik bertatik jarri behar genituen irratian. CD irakurgailuak jarri zizkigutenean, zoragarria izan zen. Biniloaren abiatzea, izan ere, geldoa da normalean. Bueltaka hasteko bere denbora behar du, eta, LP batetik laugarren abestia jarri behar zenuenean, ezin zenuen bat-batean jarri; aurretik abiadura ematen hasi behar zenuen, baina ez zenekien inoiz noiz hasiko zen zehazki... CDarekin, berriz, play eta kito. Horrek asko erraztu zizkigun lanak».

CDaren tamaina ere bazen orduan abantaila. Biniloaren aldean eramangarriagoa zen (eta da). «Oporretara joan behar zenuenean, adibidez, CD mordo bat eramaten zenuen. Izan ere, nola joango zinen biniloak hartuta. Sortu ziren discmanak, CD irakurgailu txikiak... Pagotxa izan zen hura», adierazi du Etxeberriak. Eta ikusten du horretan onurarik Garciak ere: «CDa promoziorako euskarri bat bihurtu da. Artista asko, kontzertu bira bat egiten dutenean, biniloak hartuta joatea txolopote bat denez, CDak hartuta joaten dira. Ikusita nago Eilen Jewel 10 minutuan 800 euroren CDak saltzen. Zerbaitengatik da hori. Jendeak kontzertu zoragarri bat ikusten du, bukatzen da, artistaz eta musikaz maitemintzen da hantxe bertan, eta CDa erosten du».

Andres Kamio Jitu-k eman du datua, Elkarren katalogoetan azterka aritu ostean: «1987an argitaratu genuen lehen CDa. Oskorri taldearen 15 urte eta gero hau! diskoa izan zen. Aitzindariak izan ziren horretan». Urte asko joan dira, eta CD asko. Baina gainbehera agerikoa da. Bat datoz horretan. «Oso bitxia izan da bilakaera. Bazirudien euskarri digitala izango zela gure salbatzailea, eta 'denok' erori ginen sare horretan. Gerora frogatu da tresna promozional gisa oso interesgarria dela, baina gurearen tamainako diskoetxeentzat ez dela diru iturri bat», nabarmendu du Jituk.

Etxeberriak dio «denborarekin» erori zela hori guztia: «Konturatu ginen agian CDaren soinua ez zela biniloarena baino askoz hobea. Hotzagoa da. Gogorragoa da. Biniloa analogikoa da; errealagoa da». Baina ez da soinu kontua bakarrik. Hitz batean: CDa atzera gelditu da. Hala dio Etxeberriak: «Gaur egun, CDa haizea hartzera joan da. CDak berak ireki zituen mundu digitalaren ateak, eta CDa jada euskarri atzeratu bat bihurtu da. Gaur egun, streaming-ak CDak adinako kalitatea ematen du jada. Edo USB batean disko mordoa eraman dezakezu. CDa erori egin da. Auto berriek jada ez dakarte CD irakurgailurik. Garai batean irrati kaseteak ziren, gero CDa... gaur egun jada bluetooth bidezko konexioa dute, USB bidezko konexioa...».

Juancar Garcia argi mintzo da: «Denborak erakutsi duena izan da ezin direla gauzak inposatu. Biniloak badu bere ibilbidea, eta jendeak erosten ditu biniloak biniloan entzuteko. Hori dena ezin da egun batetik bestera kareletik bota. Egon zen jende bat sekulako erokeriak egin zituena: binilo bilduma guztiak saldu eta CDak erosi».

Etxeberria ez da horietako bat, baina «milaka» CD ditu: «Eta erabiltzen ditut, baina konturatzen naiz orain nahiago nukeela daukadan hori guztia binilo formatuan eduki».

Multinazionalei kritika

Garciak multinazionalak aipatzen eta kritikatzen ditu, horiek ei direlako «hau guztia» aldatu dutenak. Dio artista bakan batzuen «bizkar» bizi izan direla urte askoan, bakan horiek «asko eta asko» saltzen zutelako: «Baina hori bukatu egin zaie. Eta egin behar izan dutena da besteok egin duguna: denetik saldu».

Biniloen salmenta nabarmen igo da, eta prezioak ere bai. Garcia beldur da ez ote den indar «handiegiz» itzuli: «Balio beharko luketen baino gehiago balio dute orain». Dena dela, harrotasunez dio «zutik dirauen» euskarri bakarra dela: «Jendeak deskargatu egiten du musika orain, baina zutik dirauen bakarra biniloa da. Euskarri fisikoa da, eskuetan daukazu, eta normala da salmentetan gora egin izana, lehen salmenta kopurua oso baxua zelako eta CDenak behea jo duelako: jendeak ez ditu nahi ezta oparituta ere». Buelta eman du denak. «Eta nola, gainera. Orain, multinazionalak hasi dira biniloak ekoizten, eta nik haiei ere erosten dizkiet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.