ARTELANAK JOMUGA

amaia igartua aristondo
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Artelanak helburutzat dituzten ekintzek oihartzun handia izan dute beti. Batzuek, gai jakin batzuk salatu edo ikusarazteko helburua izan dute: esate baterako, Vietnamgo gerra arbuiatzea edo sufragisten aurkako oldarra gaitzestea. Hona hemen inoiz jopuntu izan diren obretako bost:

'Gioconda'

Leonardo Da Vinci. Esku hartze asko izan ditu Da Vinciren obrak. Azkena, aurtengo maiatz bukaeran. Gizon batek tarta bat jaurti zion lanari, baina hura babesten duen kristala jo zuen, kalterik sortu gabe. 1956koa da duen zauririk nabarmenena: harrikada batek kristala hautsi, eta erauzi egin zion ezkerreko ukondoko pintura puska bat. 2009an, emakume errusiar batek museoan erositako taza bat bota zion, ukatu egin ziotelako Frantziako herritartasuna. Koadroa Tokioko Museo Nazionalean egon zen garaian, beste emakume batek pintura gorria bota zion, museoak elbarriei sarrera oztopatzeagatik.

'Askatasuna, herriaren gidari'

Eugene Delacroix. 2013an, Louvre museoak Lensen (Frantzia) duen kimuan, emakume batek AE911 idatzi zuen, errotuladore beltzez, Delacroixen obraren gainean. Elkarte baten siglak dira: diotenez, 2001eko AEBetako Dorre Bikiak erauzte kontrolatu baten ondorioz desagertu ziren, eta ez eraso batengatik. Delacroixen artelanak ez zuen kristalezko babesik —orain ere ez dauka—, baina bernizak babestu zuen pintura orduko hartan.

'Danae'

Rembrandt. 1985ean, gizon batek azido sulfurikoz busti zuen mihisea, eta hainbat labankada eman zizkion. San Petersburgoko (Errusia) Hermitage museoko zaharberritzaileek 12 urte behar izan zituzten konpontzeko. Halaber, Rembrandten De Nachtwacht obrari ere eraso izan diote —Amsterdamgo Rijksmuseumen dago—: 1911n eta 1975ean, labanaz, eta, 1990ean, azidoz; kalteak askoz txikiagoak izan ziren.

'Venus ispilukoa'

Diego Velazquez. 1914ko martxoaren 10ean, Emmeline Pankhurst sufragista atxilotu eta hurrengo egunean, Mary Richardson sufragistak Velazquezen artelana baliatu zuen protestatzeko. Londongo National Galleryra sartu, eta zazpi labankada eman zizkion bizkarrean.

'Gernika'

Pablo Picasso. 1968an, AEBetako armadak 500 bat herritar hil zituen My Lain (Vietnam); hilketa horiek agintzea egotzita, William Calley ofizialari bizi osorako zigorra ezarri zioten, baina, hiru urte geroago, Nixon presidenteak indultua eman zion. 1974an, Art Workers' Coallition taldeko kide batek «Kill Lies All» (Hil gezur guztiak) idatzi zuen Picassoren koadroaren gainean, indultuagatik kexu. Orduko hartan ere, bernizak babestu zuen pintura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.