begona del teso
IRITZIA

Izar baten frekuentzia-jauzia

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gero eta kutixi/tentazio/altxor handiagoak, gero eta ustekabe deliziosagoak ari gara aurkitzen gure etxe barruko arrastatze honetako zero aldi honen bazterretan. Azken-aurrekoak Bombshell: The Hedy Lamarr Story du izenburu, eta planetako izkina guztietako zinemaldi askotako pantailak korritu eta gero, gure saloiko txiki eta erosoan dugu.

Istorioa entzuna genuen. Ahapeka kontatzen diren ipuin sinestezin horietako bat ematen zuen. Irakurria ere bagenuen. Zientziaz eta historiaz arduratzen diren dibulgaziozko aldizkari horietan. Ez erdiko orrialdeetan, finitu aurreko zutabe txiki horietan baizik.

Entzuna genuen, bai. Leitua ere. Harro sentitu ginen. Ahoa bete hortz, bihotza bete taupada, begiak bete amets geratu ginen, sinetsi nahi bizian baina gezurra ote zen beldur, lotsaz.

Bazitekeen? Posible ote? Nola liteke, urrezkoa iruditu arren letoizkoa zen Hollywood hartako garaietan, hango izar bat izatea etortzear zen mundua aldatuko zuen asmakizun baten sortzailea?

Izan ere, oraindik izendatu ez dugun izarra ez zen hala moduzkoa, nahiz eta ez zuen erakutsi Garbok, Dietrichek, Bette Davisek edo Katharine Hepburnekizan zuten abileziarik ikusleria zein ekoizle eta zuzendariak bere menpe jartzeko. Hala ere, ez zen makala kamerak zion begiramendua. Hasiera-hasieratik. Bere jatorrizko Austrian filmaturiko zine puska finolatu gabe horietan ere argi ikusten zen guraso aberatsak zituen neskatxo hura kameraren kuttuna zela. Hainamoros begiratzen zuen kristalezko begi horrek ze, denborak aurrera egin ahala, iaz Veneziako zinemaldiak erreskataturiko 1933ko Extasis filmean, zinemak ezagutu zuen lehenbiziko sexu- eszena antzeztu zuen Kiesler abizeneko neska juduak.

Hollywooderako (itsas)bideahartu bezain pronto, hango erregea, hango enperadorea, hango jaun, hango jabe zen Louis B. Mayerren konpainian, Hedwid Maria Kiesler Hedy Lamarr bihurtu zen. Eta baso sakratu hartako estudioetan pelikulak egiten hasi. Samson and Delilah, Crossroads, White Cargo… Ederra zen oso. Dotorea.

Ederregia, apika. Eleganteegia, agian. Garai haietan inork ez zuen espero (ezta desiratu ere) izarrak azkarrak, argiak, bete-beteak izaterik. Zuten eginbehar bakarra ikusleak sorgintzea zen. Garai hartan jendeak zinema baino ezbaitzuen amesbide.

Baina Hedwid-Hedy txikitatikizan zen galderak egiten zituen gizakia. Eta inork ez bazion erantzunik ematen, berak bilatzen zituen arrapostuak. 5 urte zituela, musika-kutxatxo bat ireki, desmuntatu eta berriro armatu zuen. Huts egin gabe. Bere Vienako ikastetxeko laborategian orduak ematen zituen alai, besteinork erantzun ahal izan ez zituen problemak bilatuz.

Baina Hollywood ez zen Viena. Eta bertako muin horietan bera ez zen gurasoekin kontzertuetara joaten zen neskatila. Izarra baizik. Eta inori ez zitzaion interesatzen izarrek buru argia izatea; glamourrez blai izan behar zuten, besterik ez. Orduak eta orduak pasatu behar zituzten makillaje aretoan, jantzitegian eta kamera aurrean. Errukigabeko kontratuak bete ahal izateko drogak eta pilulak hartu behar bazituzten, ados, arazorik ez. Tiraderak anfetaminaz eta kokaz gainezka zituzten ekoizleek...

Alabaina, Hedwid-Hedyk jarraitu zuen bere buruari erronkak jartzen, galderak egiten. Zientziaz, munduaren mugimenduaz, unibertsoaz. Gau batean, festa batean, behar/merezi zuen kide eta konplizea ezagutu zuen: George Antheil musikaria. Askok eta askok erotzat zuten. Ez denek. Ez, bederen, guri interesatzen zaigun jendeak. Esaterako, artea sortzeko, ulertzeko eta dastatzeko erak aldatuko zituzten Fernand Legerrek, Man Rayk eta Dudley Murphyk enkargatu zioten beren abangoardiako Ballet mécanique filmerako soinu banda. Sarean duzue pelikula ikusgai. Sarean duzue musika entzungai, etxealdi honetako beste bi sorpresa ikaragarri…

Elkarrekin, Hedyk eta Georgek maite zutenari ekin zioten: soluziorik ez bide zuten kontuentzako irtenbideak asmatzeari.

Gerra garaia zen hura. Europan. 1940an geunden. Aliatuen gerra itsasontzietako torpedoek maiz, maizegi, egiten zuten porrot, poto, huts, Hitlerren urpekariak suntsitzeko ahaleginetan. Hedyri itsasontziek eta torpedoek elkar eta zuzen, akatsik gabe, komunikatzeko era ezberdin eta sekretua otu zitzaion. Otu, eta garatu ere, garatu zuen, George eta beste hainbat zientzialariren laguntzaz. Oinarria, gero droneak, GPSa, Bluetooth,Wifia eta abar ahalbideratuko lituzkeen frekuentzia-jauzian zegoen. Washingtoneko Gerrarako Zientzialarien Batzordea zor eta lor utzi zuen asmakizunak, baina Itsas Armadak Hedyri gomendatu zion berari ez zegozkion esparruetan ezsartzeko, jarrai zezan izarrarena egiten...

Hori guztia eta askoz gehiago kontatzen du ostiralean gure etxeko pantailetan estreinatu zen 2017ko dokumental finak, Alexandra Deanek sortua. Ez da garaipen baten kontakizuna. Ez zuen bizitza erraza izan Hedyk amets urratuen zumardi hartan. Txolina balitz bezala tratatu zuten gehienek. Aitortza beranduegi iritsi zen.

Gazia da istorioa, baina betea, errebindikazio oihua, orroa. Finki eginda. Zorrotza, dokumentazio lan ikaragarriaz apaindua. Ondo josia muntaketa gelan. Ez galdu. Damutuko zarete, bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.