Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Tabako hostoen azpian

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Secaderos'

Zuzendaria: Rocio Mesa. Herrialdea: Espainia-AEB.

Uda da Granadako (Espainia) herri txiki batean. Vera Madrilen bizi den 9 urteko haur bat da, eta uda aitona-amonekin igaroko du, tabako plantazio eta idortegi artean. Nieves nerabeak bizi osoa darama herrian; gurasoei laguntzen die tabakoarekin, eta lanean ez dabilenean lagunekin igarotzen ditu orduak. Vera liluratuta dago inguruarekin: basoa, tabako landareak, eta, batez ere, idortegiak. Bertan ezagutuko du tabako hostoz egina dirudien izakia; plantazioetatik dabilen munstro atsegina da, eta badirudi helduek ikusteko gaitasunik ez dutela. Nieves, ordea, nazkatuta dago herriko bizitzaz, egunero, astero, hilero gauza bera egiteaz. Herritik alde egitearekin amesten du, tabako landareez eta lagunekin mozkortzeaz harago bizia ere badagoela argi dauka.

Tabako hostoekin egindako izaki berezi horrekin hasiko du filma Rocio Mesa zuzendari andaluziarrak. Ikusgarria da; altua, begi borobil-borobilduna, eta ahoa irekitzen duen bakoitzean ulu antzeko bat entzuten da. Baso bat dirudi, motel baina ziurtasunez oinez dabilena. Kutsu fantastikoa izango duen filma aurkezten ari zaigula ematen du, lehen planotik tonu hori ezartzen ari dela, baina ez dugu asko itxaron beharko horrela ez dela ohartzeko: aktoreek duten naturaltasuna eta haien antzezpenaren artifizio ezak beste era bateko istorio baten aurrean gaudela adieraziko digute. Izan ere, Mesak bere herriko bizilagunak eta aktore ez profesionalak hartu ditu film luzerako, eta filmari ematen dioten freskotasunak tabako munstroa kontakizuneko elementu bat gehiago dela sinestera eramango gaitu.

Protagonistak, bestalde, gauza berrien bila dabiltza: Vera zoriontsu da hiritik irten eta aitona-amonen etxeak eskaintzen duen askatasunarekin. Harentzat dena da berezia eta berria; deskubritzeko dauden mila abentura eskaintzen dizkio herriak. Nievesek ere abentura horiek bizi nahi lituzke, baina tabako idortegitik ezin irten dabil, eta betidanik ezagutu duen mundu hori txiki egiten zaio. Eta munstroa? Bada, munstroa bien artean dagoen errealitate hori izan daiteke: betikoa, beti herrian egon den hori baina eraldatzen ari dena, eta atentzio bila ari da. Mesak oso era samurrean uztartu ditu bi mundu horiek, erreala eta fantasiazkoa, betikoa eta berria, eta, plano ikusgarriak ematen dituen izakiaz gain, trebetasunez zuzendu duen aktore taldeak behin baino gehiagotan aterako digu irribarrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.