Euskarazko bideojokoen industria, «indartzen»

Euskarazko bideojokoen garatzaileak eta zaleak batuko ditu Jokotekniaren bosgarren aldiak. Bilboko Harrobia ikastolan egingo dituzte jardunaldiak, gaur.

Bi urtez jardunaldiak Twitch bidez egin ondoren, aurrez aurreko eredura itzuliko dira aurten. JOKOTEKNIA.
ane insausti barandiaran
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Geroz eta gehiago dira euskaraz aritzeko aukera ematen duten bideojokoak, eta geroz eta jende gehiago erakartzen dute. 2018an, 25 bideojoko zeuden euskaraz; gaur egun, berriz, gutxienez 101 dira. Horiek ezagutarazteko eta ikusgai jartzeko, Jokoteknia jardunaldiak egingo dituzte gaur, Bilboko Harrobia ikastolan. Azkue fundazioak eta Game Erauntsiak antolatu dute topaketa, bosgarren aldiz.

Bi berritasun nagusi izango dituzte jardunaldiek: batetik, bideojoko garatzaileen lana ezagutzeko topaketa egingo dute; bestetik, bideojokoak probatzeko aukera egongo da. Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak azaldu du horren arrazoia: «Apur bat formatu dinamikoa eman nahi izan diegu jardunaldiei: garatzaileek euskarazko bideojoko batzuk aurkeztuko dituzte, eta zaleek horietan jolasteko eta galderak egiteko aukera izango dute».

Unzuetak ziurtatu du bideojokoen industria handitzen ari dela. Azken urtean, esate baterako, 28 bideojoko gehitu dituzte gamerauntsia.eus webgunean. Bideojokoen zerrenda bat daukate hartan, eta iragazkiak ere jarri dizkiote webguneari, plataformaren edo generoaren arabera sailkatzeko: «Industria indartzen ari da, gero eta garatzaile gehiago daude, eta horri balioa ematea da jardunaldien asmoa, baita hori ezagutaraztea ere», adierazi du.

Gero eta garatuago egonik ere, ordea, euskarazko bideojokoen mundua ezezaguna da oraindik jende askorentzat, eta zenbait termino euskaraz entzuteak ere harritzen du jendea, Unzuetaren hitzetan: «Jende askok ez du ezagutzen euskarazko bideokoen mundua, eta hori da arazo nagusienetako bat: ez dakigula zer egoeratan dagoen, eta askotan ez dakigula existitzen denik ere».

Industriaren inguruan hausnartzeko eta hartan dabiltzanak saretzeko ere balioko dute jardunaldiek: «Hori da gure beste helburuetako bat. Garatzaile askok beren bideojokoak euskaraz garatu gura dituzte, ilusioa daukatelako eta haien hizkuntza delako, baina, askotan, bakarrik sentitzen dira, ez dakitelako inguruan garatzaile gehiago daudela, gauza bera egiten. Azken finean, horrelako sare bat eratuta, aukera gehiago daude hemengo industria bultzatzeko, baita elkarren ideien berri izateko ere».

Musika, programazioa, artea... arlo bateko eta besteko profesionalak biltzen ditu industriak, eta, bideojokoak sortzeko, talde lana «ezinbestekoa» da, Unzuetaren hitzetan. Hortaz, komunikazioa eta koordinazioa ere funtsezkoak dira.

Hitzaldien bidez, arlo horiek ikusarazi nahi dituzte: adibidez, Ibai Aizpurua eta Eneko Zubiaurre garatzaileek bideojoko bana aurkeztuko dute, eta Anize Amestoi soinu eta musika sortzailea soinu sorkuntzari buruz arituko da. Askotariko alorrak ezagutaraztea da asmoa: «Bideojoko bat ez da bakarrik ordenagailu aurrean teklak sakatzea, arlo pila bat dauzka, eta interesgarria da horretan murgiltzea», esan du Unzuetak.

Ikasleak protagonista

Euskal Herrian bideojokoen arloan ikasketak egiteko aukerakhanditzen ari direla esan du antolatzaileak. Bilboko Harrobia ikastolan, Digipen Europe-Bilbao Institute Technologyn eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuan, esate baterako, eskaintzen dituzte trebatzeko aukerak.

Urtero bezala, ikasle horiei ere ahotsa emango diete, industriaren parte direla senti dezaten. Mahai inguru bat egingo dute arratsaldean, aipatutako hiru ikastetxeetako ikasleekin. Horren garrantzia nabarmendu du antolatzaileak: «Oraindik ez dira guztiz murgildu bideojokoen industrian, baina hasiak dira ikusten zer dagoen, zer egoeratan dagoen, batez ere hemen, Euskal Herrian. Horren inguruan hausnartzeko eta haien iritzia emateko txoko bat egongo da».

Aurreko aldietan, harrera «oso ona» izan dute jardunaldiek, «ez baitago halakorik euskaraz egiten duen beste egitasmorik». Hortaz, aurten ere jendeari dei egin diote, hitzaldietara edo jolastera joan dadin: «Gu jendearen zain egongo gara: bideojokoen mundua gustatzen bazaizu edo mundu horren inguruan interesa baduzu, topaleku aproposa izango da Jokoteknia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.