Mari Carmen Carroquino Salto. Dendaria

«Jo ez duzun gitarra bat erostea ezezagun batekin ezkontzea bezala da»

Cosme Carrionek 1880. urtean ireki zuen Carrion musika denda, Gasteizen. Carroquinok, haren herenilobak, azaroaren 30ean itxiko ditu ateak, behin betiko. Merkatuaren aldaketak eta belaunaldi berrien jarraipenik ezak behartu dute erabakia.

JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gitarra elektrikoa asmatu zenerako, 1930eko hamarkadarako, Gasteizko Carrion musika dendak mende erdia zuen. 1880. urtean ireki zituen lehenengoz Cosme Carrionek dendako ateak, eta, 138 urte geroago, haren hereniloba Mari Carmen Carroquinok (Gasteiz, 1956) itxiko ditu, behin betiko. Manuel Iradier kaleko dendako txoko guztietan ikus daitezke eskaintza bereziak: 1.750 euro balio zuen balbula anplifikatzaile bat 700 euroan dago salgai; AEBetako baketak, 10 euroan; bateriarako platerak; musika liburuak; gitarra eta biolin sokak...

Bost belaunaldi iraun du dendak. 138 urte. Sorreraren zergatiaren arrastorik geratzen al da?

Susmo batzuk baditugu. Cosme Carrion Toledoko [Espainia] herrixka batean jaio zen. Ate baten aurrean utzi omen zuten, eta haren guraso biologikoak ez ziren laborari batzuek hartu zuten semetzat. Madrilera mugitu zen gero, eta, azkenik, Gasteizera.

Zergatik aukeratu zuen Gasteiz halako proiektu bat hasteko?

Uste dugu Gasteizera etorri zela militar asko zeudelako. Armada zen bezero handienetako bat garai horretan, musika instrumentuen salerosketan. Eta militarrei saltzen hasi zen, ez bakarrik Gasteizen zeudenei, baizik eta Espainiakoei, eta kanpokoei ere bai.

Penintsulatik kanpokoei?

Weyler jeneralari ere instrumentuak saldu zizkion, Kubako gerran zegoenean. Amak gordeak ditu orduko gutunak. Horietako batean Weylerrek idatzi zion herenaitonari esanez gerra txarto zihoala, eta ez zekiela nola ordaindu behar zion erositakoa.

Garai horretan zenbat musika denda egongo ziren?

Oso gutxi. Hastapenetan, Dato kalean zegoen denda, eta orduan Geltokiaren kalea deitzen zen. Bada, dendatik tren geltokira maiz joaten ziren eskorga batekin, edozein txokotatik egindako eskariak bidaltzeko. Landa eremuan ere musika tresna asko saltzen zituen, gaur egun pentsaezina den modu batean.

Nola?

Hitzemanda. Aitak maiz kontatu zidan tratuak egiteko modua. Saxofoia bidali, eta ordainketari buruz galdetzean ohikoa zen entzutea: «Ardiak saltzen ditudanean bidaliko dizut dirua», «uzta jasotzen dudanean»... Eta dirua heldu egiten zen. Hitzak balioa zuen.

Landa eremura musika tresna asko saltzen zela aipatu duzu.

Pentsa orduan ez zegoela gaur egungo bezeroen profila: haurrak, ikasleak... Gehien jota, klase altuen gauza zen. Herrietan, udal musika-bandak zeuden, eta instrumentuak behar zituzten. Ordutik errotik aldatu da dena, batez ere azken hamarkadetan. Asko demokratizatu da musika.

Denda belaunaldiz belaunaldi oinordetu zen zuregana heldu zen arte...

Familiaren eskuetan egon da, bai, baina nire gurasoek ez zuten dendan lan egin. Aitona hil zenean, aitak bazuen lana, baina denda mantendu zuen. Langileak zeuden, eta berak kudeatzen zuen, beste lanean ez zegoenean.

Zu, ordea, dendaren ardura hartzera itzuli zinen. Nola izan zen?

Zuzendaritza Idazkaritza ikasketak egin nituen, Madrilen. Aitak galdetu zidan ea bere lagun batzuen musika dendan lan egin nahi ote nuen, Madrilen bertan: Leturiaga. Nik baietz esan, eta... gustatu zitzaidan! Bi urte eman nituen, eta hona etorri nintzen 1980ko hamarkadaren bueltan.

Nola aurkitu zenuen denda?

Iraganera begiratzen zuen, eta ni gaztea nintzen: beste musika bat nuen gustuko, beste giro bat... Denda goitik behera zaharberritu genuen. Hortik aurrerako urteak oso onak izan ziren: gitarra elektriko asko saldu genuen, anplifikadoreak, mikrofonoak eta ahotserako ekipoak...

Horren eskari handia zegoen?

Musika tresna batzuk dendara heldu aurretik salduta zeuden.Bilbon, Jose Maria Dieguez izeneko gizon batek gitarrak egiten zituen, Jomadi markapean. Bada, aita Bilbora joaten zen gitarren bila, eta margoa guztiz lehortu gabe ere ekartzen zituen, salduta zeudelako, pentsa!

Nolakoa zen gorakada horretan bezeroekin zenuten tratua?

Oso polita zen, oso dibertigarria. Gazte guztiak etortzen ziren, sortu berriak ziren talde guztiak. Musikariek lan handia zuten. Berbenak egiten zituen talde batek ez zuen uda osoan atsedenik hartzen. Ehun emanalditik gora ematea ohikoa zen. Egun, pozik daude 30era heltzen direnak.

1980ko hamarkadan musika talde asko sortu ziren Gasteizen...

Garai horretatik dudan oroitzapena da asko eta asko hil zirela. Asko. Pakito [Rodrigo] Cicatrizeko baxu jotzailea gogoratzen dut, agurtzera etorri zelako. Anplifikadore bat ekarri zidan, dendan saltzeko. «Saltzean ateratzen duzun dirua nire gurasoei eman».

Beste maila batean, noiz antzeman zenuten musika tresnen merkatua aldatzen ari zela?

Informatika eta Internet zabaldu zenean; batez ere Alemaniako dendak gugana heldu zirenean. Tabernetako musika sistemak jarriz eutsi genion, baina instrumentuak saltzeari utzi gabe. Are, eskaintza ere zabaldu genuen. Rock musikan zentratu beharrean, instrumentu gehiago saltzen hasi ginen. Handienen kontra borrokatzea ez da erraza.

Bizitza gehiena musika tresnaz inguratuta eman duzu. Baten bat jotzen al duzu?

Bere garaian gitarra apur bat ikasi nuen. Jotzen nuen musika ere ordukoa zen: Paco Ibañezen Soldadito boliviano, Victor Jararen hainbat, Violeta Parra... Garai horretan entzuten genuen musika! Gerora eskusoinua jotzen ikasi nuen. Ez nuen asko iraun. Eta ondo moldatzen nintzen, ez pentsa! Baina... ze astuna zen musika tresna hori. Alde batetik bestera horrekin joatea ezinezkoa zen. Alferkeriagatik utzi nuen.

Dendan hasi izan ez bazina, beste zerbait egiten ikusiko zenuke zure burua?

Ohikoa da pentsatzea uneren batean erratu duzula, atzera begira hasten zarela. Baina eskerrak baino ezin ditut eman dendan lan egin izanagatik, eta horrek ahalbidetu didan bizimoduagatik. Bizitzari eskerrak ematen dizkiot, Violeta Parrak egin zuen moduan [barre egin du].

Dendan emandako urteetan, zein izan da antzeman duzun mugarri handiena?

Instrumentu elektrikoen erabilera zabaldu zenean, zalantzarik gabe. Horrek guztia aldatu zuen. Informatika heldu zenean ere aurreko guztia errotik aldatu zuen. Disko jartzaileak agertu zirenean,orkestren gainbehera heltzen hasi zen.

Bizitza erdia baino gehiago eman duzu dendan lanean. Uneren bat gogoratzen al duzu?

1981eko otsailaren 23a ez dut ahaztuko. Dendan nengoen Angel Celada bateria jotzailearekin batera. Bateria bat erostekotan zegoen. Irratian entzuten genuenarekin harrituta geunden biak. «Mari Carmen, horiek irabazten badute, zer egingo dut? Merezi du bateria erostea?», galdetu zidan berak. «Horiek irabazten badute, danborren adarra baino ez dugu entzungo!», erantzun nion nik.

Angel Celada aipatu duzu. Zein da dendan sartu eta gehien harritu zaituen musikaria?

Pat Metheny etorri zen gitarrarentzako soka bila... Musikari asko sartu dira, baina badakizu zer? Oso zaila da artista bat aurrez aurre ezagutzea, aurretik egunkarian baino ez baduzu ikusi. Ados, Eric Clapton edo Bob Dylan etortzen badira bai, noski, baina...

Gasteizen musikari ospetsuak izan dira, Carrion sortu eta gerora jaiotakoak: Jesus Guridi 1886an jaio zen, Carmelo Bernaola 1929an...

Carmelo ezagutu nuen. Asko maite nuen. «Carmencita si bemolean» esaten zidan. Pena handia hartu nuen zendu zenean. Hamaika gauza egin zituen: XX. mendearen erdialdean egin zituzten film askori musika jarri zien, adibidez. Harreman handia izan genuen harekin. Jesus Guridi musika eskolako zuzendari zenean gaur egungo eraikina egin zen.

Dendak hamarkadetan hornitu izan ditu gasteiztarrak musika instrumentuz. Nola ikusten duzu egun hiriak musikarekin duen harremana?

Zaletasun handia dagoela uste dut. Adibidez, azken urteetan izugarri ugaritu dira biolina, biola eta biolontxeloa jotzen duten haurrak. Gero eta ikasle gehiago dago, eta hein berean hazi dira musika eskolak.

Ikasleak aipatu dituzunez, Carrionen ere eskolak eman izan dituzue, urteetan.

Teklatuetan Yamahak proposatu zuen sistema batekin hasi ginen. Gerora, beste sistema bat heldu zen, Rolandena. Eta, aurrerago, gitarra eskolak ematen hasi ginen dendan bertan. Gitarra da, zalantzarik gabe, instrumentuen artean erregina.

Zergatik?

Ez dut esango errazena denik, gitarra ondo jotzea oso zaila baita. Baina oso esker oneko tresna da. Akorde gutxi batzuk azkar ikas daitezke, eta... Violeta Parra abesteko prest.

138 urteren buruan, zer sentipen duzu azken txanpan?

Urte horietan guztietan denda irekita egotea ahalbidetu duten guztiei eskerrak emateko gogoa dut. Horrez gain, gero eta argiago dut gertuko dendetan erostearen garrantzia. Auzoko okinari ez badiozu ogia erosten, txiroago bihurtzen gara guztiok. Kaleak ilunago bihurtzen dira.

Zergatik gertatu da hori?

Jendeak erosotasuna nahi du. Pentsa, orain ordenagailuaren bitartez erosten dugu gitarra bat ere! Instrumentua sentitu egin behar duzu eskuetan duzula... Zer sentiarazten dizun. Jo ez duzun gitarra bat erostea ezezagun batekin ezkontzea bezala da! Zer topatuko duzu? Zer soinu izango du? Oraindik ere ezin dut ulertu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.