Alicia Rueda. Moda diseinatzailea

«Buruan sartu nahi digute moda zahartu egiten dela; kalitatea duenean, inoiz ez»

Ederrak izateaz gain, bere arropek zerbait transmititu dezatela: irizpide horrekin jarduten du Ruedak. Eta mundu mailan ematen diote balioa bere lanari: AEBetatik ere joan izan zaizkio bezeroak Bilboko atelierrera. Bertako Ospetsu izendatu dute.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Kasualitatez Jaenen (Espainia) jaio, berehala Markina-Xemeinera (Bizkaia) itzuli, eta 16 urterekin Bilbora lekualdatu zen Alicia Rueda moda diseinatzailea (1969), ikastera. Harrezkeroztik, ez da Bizkaiko hiriburutik mugitu, eta ez du joateko asmorik ere. Orobat, hiribilduak omenaldia egin dio berriki Ruedari: iazko abenduan Bilboko Ospetsu izendatu zuten, beste hiru pertsonarekin batera.

Haurra zinela, harremanik bazenuen sorkuntzarekin?

Bai, banuen. Marraztu eta pintatzen nuen. Nire amak josi egiten zuen, eta beti osten nizkion oihal zatiak, eta haiekin gauzak egiten nituen. Panpinei arropa aldaketak egiten nizkien... Aspalditik dator.

Diseinatzailea izateko asmoa zenuen jada?

Ez, uste dut 13-14 urterekin esnatu zela nahi hori. Pentsatu nuen nire ogibidea izan zitekeela, eta ilusioa piztu zitzaidan, baina ez nuen kontatu haurra nintzelako eta momentu horretan ez zarelako pentsatzen ari zein izango den zure karrera. Urteak pasatuta, aukera moduan ikusi nuen. Gurasoei esan nien moda eta diseinua ikasi nahi nituela; haiek esan zidaten ogibide horrek agian ez zidala bizitzeko lain emango, eta beste zerbait egitera animatu ninduten. Baina saiatu nahi nuen, eta, azkenean, babestu ninduten.

13 urterekin zure arropak diseinatzen zenituen. Zertan inspiratzen zinen orduan?

Mutilen arropan. Beti nahi nuen mutilek bezala jantzi; atentzioa ematen zidaten nire anaien jantziek. Beti izan naiz maskulino-femeninoa, eta dena nahasten nuen: minigona bakero bat aizkolari motako alkandora batekin. Formula ezberdinak bilatzen hasi nintzen; ezberdina izatea gustatzen zitzaidan, ez edukitzea denek armairuan zutena.

16 urterekin Bilbora joan zinen diseinua ikastera. Nolakoa izan zen aldaketa?

Izugarria. Markina-Xemeinek 6.000 biztanle ditu, oso ondo dago, baina niri motz geratzen zitzaidan. Baina ez nuen nahi aldaketa handirik ere, ez nuen Madrilera edo Bartzelonara joan nahi; hemen geratu nahi nuen.

Nolakoa izan zen lan mundurako jauzia?

22-23 urterekin nire lehen enpresarekin hasi nintzen. Aurretik, gertukoei neurriko arropa egiten nien. Gero, lantegi bat antolatu nuen, bilduma txiki bat egin, eta lehengo For dendetako batera eraman nuen: Bilboko Kale Nagusian zegoen, eta marka askotako arropak zituen. Horra eraman nuen nire bildumatxoa, eta erosi egin zidaten. Enpresa bat sortu behar nuela erabaki nuen.

Nola aldatu dira zure diseinuak?

Prêt-à-porter arroparekin hasi nintzen: kaleko arropa, kalitatezkoa. Prakek arrakasta handia izan zuten: patroia oso ona zen, ondo egokitzen zitzaion edozein andreri, eta zerbaitekin identifikatzen hasi nintzen. Prezio apaleko arropak astindu egin gintuen, 2007an beste krisi bat heldu zen, eta enpresa itxi eta berrasmatu behar izan nuen. 2008an, jada atelierrarekin nengoen. Jatorrira itzuli nintzen: dena pertsonalizatuta, bilduma bereziagoak...

Oraingo diseinuetan badago nerabea zineneko irizpidearen arrastorik?

Erabat. Izan ere, ni ezkondu nintzen soineko loredun batekin eta praka batzuekin. Beti dut bitasun hori nire bizitzan.

Aipatu duzu beti nahi izan duzula Bilbotik lan egin. Oztopoak izan dituzu horren ondorioz?

Asko, modan dena mugitzen delako hiri handietan. Bilboko enpresa bat, ez dena lehiatzen, ez doana azoketara edo ez duena egiten inolako agerraldirik, oso zaila da ezagutaraztea. Sare sozialek egin dute publizitate hori.Nire bezeroak oso urrunetik datoz: %30-40 dira hemengoak. Europatik ere badatoz, eta batzuk Los Angelesetik edo New Yorketik [AEB]. Soinekoak bidali ditugu Errusiara, Australiara, Trinidad eta Tobagora. Neurrira eginak, beti enkargatuta. Ez dut stockik; enpresa jasangarria izatea nahi dut.

Nola izan jasangarri?

Jasangarritasuna ez da kotoi ekologikoarekin lan egitea. Kotoi ekologikoa egiteko xahutu daitezke ez dakit zenbat milioi litro ur. Ideia okerrak ditugu jasangarritasunaren inguruan. Jasangarria dena da hondakinik ez izatea, stockak ez sortzea. Egiten duzu entregatuko duzuna soilik, eta hori ez duzu botako.

Prezio apaleko arroparekin ez bezala.

Ordaintzen duzunean bost euro jantzi batengatik, zer ari zara ordaintzen? Oihala, garraioa, jostunaren lana, etiketa, biltzen duen plastikoa, lokala...? Ezin da ezer ordaindu. Erosten dugunak balioa galtzen du, eta, baliorik ez duenez, botatzen dugu. Nire asmoa da ikusaraztea josketa dela ordu asko egotea patroiak egiten, jantzia prestatzen... Artisautza balio ikaragarria du.

Uste duzu balioa kentzen zaiola ez delako ondo ezagutzen?

Ez da ezagutzen, eta ez zaio baliorik ematen. Gure inguruan lan egiten dutenek badakite zenbat prozesu egin behar ditugun jantzi bat egiteko. Bost euro kostatzen duen kamisetak ere baditu, nahiz eta beste eskala batean egon. Planetaren erdiari kalte egiten ari gara arropak zakarrontzira botatzeko. Urtero bi eta hamabost jantzi artean gehitu beharko genituzke armairura, bakoitzaren baliabideen arabera, ez 50 edo 100, eta dauzkagunak gorde, atera eta berrerabili. Buruan sartu nahi digute moda zahartzen dela; baina, kalitatea duenean, inoiz ez.

Zentrotik kanpo egoteak onurarik ere izan al du?

Bai. Denbora asko aurreztu dut jaietara joan behar ez izateagatik. Ez zaizkit gustatzen halako gauzak, nahiz eta irudi lana diren... Nik gozatzen dut nire enpresaren barruko aldean. Nahiago dut marka egin dadila ezagun, ez ni.

Nazioarteko bezeroen gaira itzulita, joera hori indartu nahi duzu?

Gustatuko litzaidake. Harrotzen nau jendea Bilbora etortzeak, eta nik adierazi ahal izatea non bazkaldu, zer museoetara joan... Asteburu bat geratzen dira nire hiririk gogokoenean, Bilbon, harekin maitemintzen dira, eta haientzat egindako soineko zoragarri batekin joaten dira.

Hedapen horretan funtsezkoak izaten ari dira sare sozialak, esan duzunez. Arlo horretan inbertitzen ari zarete?

Etengabe, etorkizuna delako. Kaleko dendak egongo dira aurrerantzean ere, baina gero eta gutxiago; eta sarean gero eta gehiago egongo dira. Egoera berrietara egokitzeko moduak bilatu behar dira, eta artisautza lan bat eskuragarri egin behar dugu irudi batekin.

Nabarmentzen dute zure diseinuak, batez ere ezkontza soinekoak, ohiko moldetik irteten direla. Baieztapen horrekin identifikatzen al zara?

Bai. Puntu ezberdina bilatzen dut beti, nolabait. Egiturari dagokionez, modan ezin dezakezu ezer berririk asmatu; baina berrasmatu daiteke: hori dagokigu diseinatzaileoi. Moldeak apurtzen saiatzen naiz, ea zer emaitza dituen. Eta alde maskulinoa eta femeninoa nahastea gustuko dut, batasun horrek indartsuagoa egiten duelako soinekoa. Zerbait transmititu nahi dut arropekin. Ez dut nahi ederrak izatea soilik.

Espektatiba horiek presioa eragin dezakete?

Hasieran, bai; orain, beste era batera hartzen ditut. Gaztetan presio izugarria zen. Baina orain baditut ahalmena eta irudimena, eta neure buruarengan konfiantza badut, eta egiten baditut jantziak bihotzez eta arimaz, badakit ondo aterako direla. Orain konturatu naiz ziur nagoenean buruan ikusten dudan irudiaz, ez dudala zalantzarik izan behar. Hainbeste urtek erakutsi didate proba eta okerra existitzen dela, eta ikasteko modu bat dela. Nik formakuntza jaso nuen, eta hori oso garrantzitsua da.

Beti ez da gertatzen.

Orain, batzuek ez dute egiten; estilo bat dute, eta diseinatzaileak egiten dira. Baina jakin beharko duzu patroi bat egiten, nola eragiten dion soineko batek pertsona jakin bati... Nik formakuntza jaso nuen urte askotan, eta, gero, proba asko egin nituen nirekin eta ingurukoekin: aztertzen nuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez, eta horrela ikasi nuen akatsik ez egiten. Izan ere, emaztegai bat janzten duzunean, zure onena eman behar duzu berak eraman dezan bere onena. Nire jostunek ere behar dute norbaitek zuzen ditzan, erabakiak har ditzan, diseinua kudeatu dezan. Eta nik behar ditut piezak fabrikatzeko, eta esperientzia eta ezagutza ez banitu, ezingo nuke nire taldea zuzendu. Horregatik daramatzate nirekin hainbeste urte; niretzat oinarrizkoak dira: haiek gabe ezinezkoa da.

Berritzeak arriskuak ere baditu? Adibidez, ezkontza jantzi batean prakak sartzea. Agian orain jada ez, baina lehen...

Areago, askotan jendeak diseinuak ulertzen ditu urte batzuk pasatu eta gero. Ni prakekin ezkondu nintzen duela sei urte, eta seguruenik garai hartan gutxi ezkonduko ziren prakekin. Orain nahi ditu eraman jendeak. Zergatik ez? Zu gehiago identifikatzen bazara horrekin, zergatik ez zara hala ezkonduko?

Zein dira zure ereduak?

Denboran atzera egiten dut, 1950eko, 1960ko eta are 1930eko urteetara. Gustatzen zait oinarritzea benetan apurtzailea izan zen modan, emakumeak jantzi ahal izan zuenean, kortsea eramateri utzi zionean. Erreparatzen diet moda horren eboluzioari eta hori posible egin zuten diseinatzaileei. Ez ditut ideiak hartu eta kopiatzen; esentzia ikusi eta nire bertsioa egiten dut. Baina egia da ere ideietan kointziditzen dugula. Azkenaldian entzuten dut Diorrek ez dakit nori kopiatu diola... Nork kopiatzen du? Inditexek, ez duelako egile diseinatzailerik, eta handien bildumak hartzen ditu. Diseinatzaileak bere eremura eramaten du, desberdin bihurtzen du. Nik egin ditzaket soineko landuak edo oso lauak, baina zigilua bertan dago: badakit jendeak jakingo duela nireak direla, ohikoa ez izan arren.

Bilboko Ospetsu izendatu zaituzte berriki. Nola hartu duzu?

Hasieran pentsatu nuen ea noiz iruditu zitzaien ni proposamen ona nintzela, eta gero pentsatu nuen jende asko ekartzen dudala Bilbora. Uste dut oraindik ez dudala asimilatu; zorioneko sentitzen naiz. Orain, 111 pertsona ospetsu daude Bilbon, eta ni horietako bat naiz. Ardura erabatekoa iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.