Espainiako Kopako finala

Etxeko harmailetatik

Penaz, baina etxetik ikusi beharko dute Athleticen eta Realaren zaleek finala. Askok Sevillara joateko asmoa zuten, eta eginak zituzten erreserbak bertan behera utzi behar izan dituzte. Zalerik gabe, final historikoa izan beharko lukeena, «mamirik gabe» geratu dela uste dute.Baina emozioz biziko dute.

Goierriko Athleticzaleok taldea. BERRIA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk futbolzaleentzat ahaztezinak direnak. Normalean, gogoko taldearen finalak jokatzen diren egunak izaten dira. Egun jakin horri garrantzia ematen diona, izatez, partida bera da. Baina are inportanteagoa egiten dute zaleek, finalaren egunean sortzen duten festa giro horrek. Aurten, baina, ez da horrelakorik izango. Behin bi euskal talde Espainiako Kopako finalera iritsiko, eta ateak itxita jokatu behar. Horrek ez du esan nahi zalerik egongo ez denik: egon egongo dira, baina bakoitzak bere etxeko harmailetatik bultzatu beharko du bere taldea.

Realak eta Athleticek milaka pertsona izango dituzte atzean. txuri-urdinek Gipuzkoan dituzte jarraitzaile gehien, eta zuri-gorriek, berriz, Bizkaian. Normala da hori, jendeak den tokiko taldea animatzeko ohitura baitauka. Halere, Bizkaian bizi diren guztiak ez dira talde zuri-gorriaren jarraitzaileak, eta gipuzkoar guztiak ez dira realzaleak. Hala gertatzen zaie Rafa Gonzalezi (Barakaldo, Bizkaia, 1972) eta Diana Fernandezi (Donostia, 1974). Bizkaian bizi dira biak, eta Bizkaia Txuri Urdin kirol lagunarteko kideak dira. Fernandez donostiarra da «jaiotzez eta bihotzez», eta txiki-txikitatik izan da realzalea. Gonzalez, berriz, Arkonada, Lopez Ufarte eta Satrustegiren belaunaldiak kateatu zuen talde txuri-urdinera: «80ko ligengatik egin nintzen Realekoa. Garai hartan, 8 bat urte izango nituen: orduan hasi zitzaidan futbola gustatzen, eta nire zaletasun horrek Realaren momentu onarekin kointziditu zuen».

Kontrakoa gertatzen zaie Jon Agirreri (Lazkao, Gipuzkoa, 1971) eta Juan Miguel Jakari (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1969). AP-8 errepidearen beste aldean bizi dira, Lazkaon (Gipuzkoa), eta Goierriko Athleticzaleok taldeko kideak dira biak. Eredutzat zuen lehengusua zuri-gorria zelako egin zen Agirre athleticzalea. Jakak, ordea, ez du argi nola hasi zen zaletzen: «Egia esan, ez dakit zergatik naizen athleticzalea [barrez]. Aita, ama eta anaia bikia realzaleak dira, eta ni, zuri-gorria».

Derbietan beti egoten da lehia. Lehia guztiak, baina, ez dira berdinak. Eskozian, esaterako, Old Firm izeneko derbia jokatzen duten Rangersek eta Celticek, eta bi taldeen zaleek, gatazka erlijioso historikoak tarteko, ezin dute elkar ikusi. Euskal taldeen artean ez da liskarrik izan, baina euskal taldeek jasan dute bortizkeria. Agirrek gertu-gertutik bizi izan zuen euskal futbolaren pasarte ilunetako bat: «Aitor Zabaleta ezagutzen nuen, harekin mendira joandakoa naiz. Atletico Madrilen zaleek hil egin zutela esan zidatenean, ez nuen ezer ulertu, eta oraindik ere berdin jarraitzen dut. Zertarako egin zuten hori?».

Realaren eta Athleticen kasua ezberdina da, bi taldeak ondo konpontzen dira. Lazkaotarraren ustez, horrek egiten du handia donostiarren eta bilbotarren arteko derbia: «Hemen ez dago beste leku batzuetan dagoen lehia hori. Nik lagun txuri-urdin asko dauzkat, eta oso ondo konpontzen gara. Ziria sartzen diogu elkarri, intentzio txarrik gabe, baina harreman ona daukagu. Hori da polita, eta ez beste talde batzuen zaleek duten elkar ezin ikusi hori». Fernandezek badaki zer den hori: umeen lagunak athleticzaleak dira, eta lanean zein beste hainbat tokitan, zale zuri-gorriekin ibiltzen da, batak besteari adarra jotzen: «Baditut Athleticeko lagun batzuk Whatsappera argazkiak, GIFak eta bestelakoak bidaltzen ari zaizkidanak. Ni horiek denak gordetzen ari naiz, eta Realak irabazten badu nitaz gogoratuko dira! [barrez]».

Distantzia ez da oztopoa

Euskal Herrian ez ezik, hemendik kanpo ere zale andana dituzte Realak eta Athleticek. Hori du gaur egun futbolak, munduko edozein zirrikitutatik sartzeko gaitasuna duela. Faris Al Hathloul (Saudi Arabia, 1995) Riaden jaio zen, han bizi da, eta realzale amorratua da. Halere, realzalea izan baino lehen, Real Madrilen jarraitzailea zen, beste gazte arabiar asko bezalaxe: «Fernando Morientes nire idoloa zelako gustatzen zitzaidan Real Madril. Baina 2002-2003ko denboraldian Ronaldo Nazario fenomenoa taldera iritsi zen, eta Morientes aulkira bidali zuen. Hori ikusita, taldez aldatzea erabaki nuen. Garai hartan, Reala zen Madrilen aurkaririk indartsuena ligan, Nihat eta Kovacevicen garaian zen, eta ordutik txuri-urdina naiz».

Ozeano Atlantikoaren beste aldekoa da Joseba Criswell (Amerikako Estatu Batuak, 1996). Idahon bizi da, AEBetan, baina izenak argi erakusten duen bezalaxe, euskal jatorria du. Ean (Bizkaia) ditu erroak haren amak. Asko maite du Euskal Herria, eta athleticzale porrokatua da, bere lagunek ulertzen ez duten arren: «Hemen jendeak ez dio kasu handirik egiten futbolari, eta kasu pixka bat egiten diotenak talde handien zaleak dira: City, PSG, Real Madril…».

Horrenbestez, ez dute ulertzen nolatan den athleticzalea. «Baina niri asko gustatzen zait taldeak duen pentsamoldea, eta, bereziki, etxeko jokalariekin talde erraldoien aurka lehiatzeko gai izatea».

Batak zein besteak Sevillara joateko intentzioa zuten, partida gertutik bizitzeko. Hegaldiak eta hotelak begiratzen hasita zeuden, baina, pena handiz bada ere, etxetik ikusi beharko dute finala. Hala ere, urrun egoteari alde ona atera diote biek: «Urrun egotearen gauza ona zera da: finala galduz gero, hurrengo egunean ez daukagula beste taldeko zaleen ziriak jasan beharrik [barrez]».

Ezin egonarenezinegona

Hegaldiak, hotelak, apartamentuak, autobusak...: makina bat ordu pasatu dituzte realzale eta athleticzale askok ordenagailuaren aurrean Sevillarako bidaia antolatzen. Azkenean, dena bertan behera geratu da, baina Fernandezek azken unera arte izan du joateko esperantza: «Guk Sevillara joateko asmoa geneukan, eta pena da ezin joan izatea. Ez dakit denbora tarte honetan zenbat aldiz utzi behar izan ditudan bertan behera egindako erreserbak... Egun honetarako ere erreserba egina nuen. Azkenean, amaren etxean egongo naiz finalaren egunean. Ez dakit partida ikusiko ote dudan... ez dakit telebista piztuko dudan ere».

Jaka, lan kontuak tarteko, ezin zen joan, baina «penatuta» dago. Athleticek jokatu dituen beste final batzuetan egon da, eta badaki zer giro polita sortuko zen: «Pena da finala zalerik gabe jokatu behar izatea. Euskaldunek Sevillako kaleak beteko genituzkeen, zer izango ote zen hori..!».

Zalerik gabe, eta urtebete beranduago, baina finala jokatu egingo da. Gauza asko pasatu dira tarte honetan, eta Gonzalezek aurreko apirilean baino zailago ikusten du orain finala Realarentzat: «Athleticen Garitano zegoenean, baikorragoa nintzen. Marcelinok jokalariei pilak jarri dizkie, eta partida zailagoa izango dela uste dut». Halere, bakoitzak bere taldeak irabaziko duela uste du. Al Hathloul partidako jokalari onena zein izango den esatera ere ausartu da: «Kopa hau ere gurea izango da, eta, gainera, Adnan Januzaj izango da partidako jokalari onena». Criswellen ustez, aldiz, Villalibre izango da izarra: «Garaikurrak Bilbora joan behar du. Athleticek irabaziko duela uste dut, Villalibreren gol bati esker».

Finala ateak itxita jokatuko dute, baina zaleak hor egongo dira aurrerantzean ere. Hori bai, beren garrasiak eta animoak jokalariengana iristea nahi badute, ohi baino indar handiagoarekin aritu beharko dute, harmailak normalean baino pixka bat urrutiago jarri dituzte eta: etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.