Koronabirusa

Salatu dutenez, Jaurlaritzak epidemiologoen kategoria kendu du

arantxa iraola
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Medikuntza prebentiboko profesionalen elkarteek eta arlo horretan ari diren mediku egoiliarrek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela aintzat hartu epidemiologoen kategoria administrazioko langileak antolatzeko ondu duen lege berrian. Jon Ander Gonzalez da ahotsa ozendu duten profesionaletako bat, Ares MPSP elkarteko koordinatzailea. «Kategorien fusio bat egiten ari dira», esplikatu du: «Eskala bakarrean fusionatu nahi dituzte epidemiologia eta osasun publikoa». Eta bateratzeak ekar ditzakeen ondorioekin arduratuta daude.

«Izan ere, epidemiologiarena oso atal txikia da Osasun Sailaren barruan: orain, hogei bat epidemiologo gaude lanean gutxi gorabehera, eta osasun publikoko teknikariak ehundik gora dira», azaldu du. «Aldaketak desprofesionaltasuna ekar dezake; alegia, epidemiologian esperientziarik ez duen jendea hel daiteke epidemiologiako lanpostuetara. Izan ere, osasun publikoak eremu oso zabala hartzen du, eta bertan modu askotako profesionalek egiten dute lan: ingurumenaren higienean ari direnek, elikaduraren arlokoek, osasun publikoetako laborategietan ari direnek... Baina epidemiologian egiten da gaixotasunen agerraldien kontrola, zaintza. Eta aldaketa honek desespezializazioa ekar dezake». Alegia, prestaketa egokiaren falta da kezkarik behinena: «Berme bat kenduko digu: sartzen den jendea ez da izango hain espezializatua».

Eta argudiatu dute izurri betean aldaketa horren arriskuak aintzat hartu beharko liratekeela. Izan ere, izurrian argi geratu da gaitzen kontrolean propio trebatutako profesionalak behar direla, eta nahi eta ezinean ibili dira sarriegi. «Ahal duzun hobekien erantzuten duzu, jakina. Baina taldea urria da, behin-behinekotasun handia dago, eta taldea handitu egin beharko litzateke».

Administrazioari kexua helarazi badiote ere, Gonzalezek adierazi du aldaketa irmoa den susmoa dutela. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.