Txinak 60.000 milioi dolarreko muga zergekin erantzun dio Trumpi

AEBek hirugarren tarifa-igoera sorta ezarri die Txinako produktuei, 200.000 milioirenak. Trumpek bozetan eragin nahia egotzi dio Pekini

Langile bat, Txinako Jiangsu probintzian, lanean. ALEKSANDAR PLAVEVSKI / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Hiru akzio-erreakzio kolpe handitan tenkatu da AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra, joan den ekainaz geroztik. Donald Trump presidentearen kolpe bakoitzari, neurri bereko beste batekin erantzun dio aurreko bietan Pekinek. Atzo arte. Astelehen gauean, Trumpek 200.000 milioi dolarren (170.000 milioi euro inguru) muga-zerga igoerak iragarri zituen Txinako esportazioentzat (%10ekoak); Pekinek atzo erantzun zion, 60.000 milioi dolarrentzako (51.400 milioi euro inguru) %10eko tarifekin. Bi aldeen neurriak datorren astelehenean sartuko dira indarrean.

Eraso simetrikoen bidea amaitzen ari zaio Xi Jinpingen gobernuari, eta Trumpek muga zergen lehia gehiago tenkatzen jarraitzen badu, aurrerantzean Pekinek arma asimetrikoekin erantzun dezake: AEBetako konpainiei traba gehiago jarrita Txinan; AEBetako enpresa teknologikoek derrigorrezko dituzten metal arroen esportazioak debekatuta; yuana debaluatuta Txinaren esportazioak merkatzeko; edo zorraren botoia sakatuta—Txina da AEBek atzerritarren esku jarritako zorraren hartzekodun nagusia—.

Txinaren azken erantzuna Trumpen azken erasoa baino txikiagoa izatearen atzean, hain justu, balantza komertzialaren desoreka dago, zeina orekatu nahi baitu AEBetako presidenteak gerra komertzialaren bidez. Etxe Zuriaren datuen arabera, bi herrialdeen arteko merkataritza harremana 630.000 milioi dolarrekoa izan zen iaz: Txinak askoz gehiago esportatu zuen AEBetara (500.000 milioi dolar), AEBek Txinara baino (130.000 milioi dolar).

Nahiz eta desoreka benetakoa izan, kopuru zehatzak tentuz hartu behar dira. Izan ere, Txinako inportazio gisa hartzen diren produktu teknologiko asko —telefonoak, esaterako— han muntatzen dituzte, baina lehenik Asia Ekialdeko beste herrialde batzuetan —edo AEBetan bertan— egindakoak izaten dira.

«Zintzotasun falta»

Etxe Zuriak ekainean hasi zuen muga zergak igotzeko gerra: uztailean, Txinako 34.000 milioi dolarren esportazioei igo zizkien muga zergak; abuztuan, beste 16.000 milioi dolarren esportazioei. Pekinek ere neurri berean erantzun zien, tarifak igota AEBetako 50.000 milioi dolarren esportazioei. Baina atzo hautsi egin zen akzio-erreakzio parekoa. Pekini tartea estutu zaio muga zergen bidetik erantzuteko, dagoeneko AEBen esportazioen ia %85i igo dizkielako muga zergak.AEBek, ordea, badute tartea oraindik neurri gehiago hartzeko Txinako esportazioen kontra, eta Trumpek badu asmoa.

Pekingo gobernuak «zintzotasun falta eta fede onez ez jardutea» leporatu dio Donald Trumpen gobernuari, zergak igotzeko erabakia bi herrialdeek giroa baretzeko egin beharreko bileraren atarian hartu duelako. Izan ere, The Wall Street Journal kazetaren arabera, bi aldeak irailaren 27an eta 28an dira elkartzekoak merkataritzaz negoziatzeko, Washingtonen. Bosgarren negoziazio-bilera sorta litzateke. AEBetako egunkariaren ustez, Trumpen azken erabakiaren helburua da Washingtongo datorren asteko bileretara negoziaziorako indar handiagoz iristea.

Azaroko bozei begira

AEBetan hauteskundeak dauzkate azaroaren 6an, eta indartsu iritsi nahi du Trumpek, Alderdi Errepublikanoak gehiengo osorik ez galtzeko ez Senatuan ez Ordezkarien Ganberan. Hain zuzen ere, hauteskunde horietan eragin nahi izatea egotzi dio Trumpek Txinako Gobernuari, bere erasoari 60.000 milioi euroko muga zergak ezarri dizkiolako.

«Txina modu argian ari da erakusten gure hauteskundeetan eragiteko lanean ari dela aktiboki, eraso egiten ari baitzaie gure nekazariei, arrantxo jabeei eta industriako langileei eutsi egiten diotelako niganako leialtasunari», adierazi zuen atzo Etxe Zuriko ugazabak. Haatik, aldi berean defendatu zituen gerra komertziala eta Txinako Gobernuarekin akordio bat lortzeko aukera. «Zortea lagun, konponduko da arazo komertzial hau. Azken buruan, bion artean konponduko dugu, nik eta Xi Jinping Txinako presidenteak, zeina asko errespetatzen eta estimatzen baitut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.