Gola luxua da

Athleticek zailtasun handiak ditu golak sartzeko. Sormen txikia du taldeak, eta erasoan aritzen diren jokalarien artean gutxik dute gol sena.

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Athleticek galdu egin ditu azken partida biak. Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik, lehen aldia da talde zuri-gorriak bi porrot kateatu dituena. Bai taldeak eta baita inguruak ere ahaztua zuten zer sentitzen zen galtzean. Emaitza bolada txarrean dagoen talde bati ez dio mesederik egiten etenaldiak, luze eta zabal egiten baita berba taldearen okerren inguruan.

Athleticen txaloak txistu bihurtu dira denbora gutxian. Futbolaren legea da. Azken emaitzak agintzen du. Galde diezaiotela teknikari derioztarrari. Lehen sei neurketen eta azken bien arteko alde nagusia emaitza da. Zuri-gorrien dohain eta gabeziak puntuak irabazten zituzteneko berberak baitira. Atzean ondo moldatzen da, baina zailtasunak ditu aurrera begira. Gol aukera gutxi sortzen ditu, eta golak sartzeko berezko sena duten futbolariak falta dira. Ondorioz, defentsan goi mailan aritzera behartuta dago puntuak irabazi ahal izateko. Konponbide gaitza dute taldearen arazoek.

ZAZPI GOL ZORTZI LEHIATAN

Athleticek gol gutxi sartzen ditu: zazpi egin ditu zortzi partidatan. Hots, neurketako gol bat sartzeko gai ere ez da. Sailkapenean aurretik dituen taldeen artean Atletico Madril da zuri-gorrien antzera dabilen talde bakarra: gol kopuru bera sartu du Espainiako talde horrek. Gol gutxiago sartu dituzten talde apurrak sailkapenaren zuloan daude. Hamabi puntu irabazi ahal izateko, sartutako gol bakoitzari etekin handia atera dio talde zuri-gorriak. Baina gaitza da gol gutxi sartuta goian mantentzea. Beraz, taldeak hobetu egin behar du erasoan. Ezin da dena defentsako lanean oinarritu. Athletic, markagailuan aurrea hartzen duenean, ondo moldatzen da. Zuloak dituenean, erraz iristen da aurkariaren ate ingurura. Baina markagailua parekatua dagoenean edo galtzen ari denean, ezintasuna erakusten du zelaian. Erasoan baliabide mugatuak ditu taldeak.

JO GUTXIKO IZARRAK

Athleticen golegileen zerrenda laburra da. Raul Garciak lau gol sartu ditu, eta gol bana sartu dute Iker Muniainek, Iñaki Williamsek eta Aritz Adurizek. Raul Garcia erasoko zutabe da oraindik ere. Bosgarren denboraldia ari da osatzen talde zuri-gorrian, eta iritsi zenetik batez beste hamar gol baino gehiago sartu ditu sasoiko. Erdilaria izateko, kopuru oso onak dira. Errematatzaile petoa da: aurkariaren atea baino ez dauka buruan.

Raul Garciak dauka, hain zuzen ere, taldeko beste erasoko bi erreferentzia nagusiei falta zaiena: ez Muniain, ez Iñaki Williams ez dira golegile petoak, hau da, area barruan barkatzen ez dutenak. Williamsek aurrerapausoa egin zuen aurreko denboraldian. Erdiko aurrelari gisa, dezentez gainditu zuen hegalean jokatuta sartzen zuen gol kopurua. Guztira hamabost gol sartu zituen. Baina, gol bat sartzeko, aukera asko sortu behar ditu. Area barruan leku onak aurkitzen eta patxadaz errematatzen ikasi behar du. Aurrelari batzuei eskarmentuak ematen diete lasaitasun hori; beste batzuek, aldiz, ez dute inoiz ikasten.

Muniainek, berriz, izena dauka izana baino gehiago. Hamargarren denboraldia du lehen taldean, eta inoiz ez du sartu sasoi batean zazpi gol baino gehiago ligan. Horrez gain, goleko pase gutxi ematen ditu, eta geldikako jokaldietan ere ez da eraginkorra. Arlo guztietan dauka hobetu beharra egiazko erreferente bihurtu nahi badu. Eta, hala ere, Athleticen beharrezkoa da. Atera kontuak.

ADURIZEN ITZALA

Aritz Adurizek taldearen itsasargia izateari utzi dio. Bere kirol ibilbidearen azken denboraldian dago aurrelari donostiarra. Denbora ez da alferrik pasatzen. Egun, beste rol bat dauka. Aulkitik zelairatuta laguntzeko dago. Bigarren aukera da aurrelari petoaren posturako, Garitanok ez baitu konfiantzarik Asier Villalibre eta Kenan Kodroren jokoan. Baina Adurizek ezin du eraman taldearen erasokoko pisua, eta taldea hasia da haren falta nabaritzen. Athletic urte askoan lehiakorra izan bada, Adurizen gol senari esker izan da. Taldearen gabezia asko ezkutatu ditu haren joak. Athleticek azken sasoietan izan dituen zailtasunak lotura zuzena dute Adurizen beherakadarekin. Taldea lana borobilduko duen pieza barik geratu da, eta oso gaitza izango da hura ordezkatzea.

GAINERAKOAK, EZINEAN

Area barruan eraginkorra ez den talde bat nekez izango da lehiakorra. Sailkapenaren goiko postuetan dauden talde guztiek dituzte golegile onak. Kasu gehienetan, bizpahiru jokalariren artean sartzen dituzte gol gehienak, baina zenbait taldetan asko dira golak sartzen laguntzen dituztenak. Geldikako jokaldiei etekina ateratzen dakiten erdiko atzelari eta euskarriak ere oso estimatuak dira. Bada, Athleticek hori ere ez dauka. Mikel San Josek jokatzeari utzi zionetik, ez dago arlo horretan nabarmentzen den futbolaririk zelai erditik atzera. Erdiko hiru atzelarien artean —Unai Nuñez, Yeray Alvarez eta Iñigo Martinez—, gol bakarra sartu dute ia berrehun partidatan. Dani Garciak eta Unai Lopezek, euskarrian gehien jokatu dutenek ere ez dute golik sartu, ezta Ander Capak ere. Salbuespena da Yuri Berchiche, bi sartu baititu. Bistan da azken urteotan hamaikakoan lekua hartu dutenek gol sena falta dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.