«Txunditzen» zuen harribitxia

Realak David Silva fitxatu du. Txuri-urdinen aldeko hautua egin du oraintsu arte Manchester Cityko kapitain izan denak. Eibarren aritu zen sasoi batez, eta haren taldekide ohi Iban Fagoagak eta Mikel Arregik esan dute «kalitate handia» zuela. Bi urterako sinatuko du Realarekin.

David Silva jokalaria Realeko kamiseta jantzita, talde txuri-urdinak atzo zabaldu zuen argazki batean. REAL SOCIEDAD.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bizi aritu da Reala, eta jokatzeko modu horrek fruituak eman dizkio klub txuri-urdinari. Joan den ostegunean Martin Odegaard galdu eta gero, norvegiarra ordezkatuko zuen jokalari baten bila aritu da zuzendaritza batzordea, eta goi mailako futbolari bat ekarri du Donostiara: David Silva (Arguineguin, Kanaria uharteak, 1986). Ez da edozein jokalari: Manchester City indartsuan egin ditu azken hamar urteak; taldeko kapitaina izan da, eta bere postuko onentsuenaren parekoa. Distira handiko jokalari batek beteko du Odegaard harribitxiaren lekua.

Inor gutxik espero zuen Silvak Realean jokatzea. Koska bat gorago lehiatu da orain artean, eta Manchesterreko (Ingalaterra) taldeko jokalaririk garrantzitsuenetako bat izan da. Guztira, hamalau garaikur lortu ditu Josep Guardiolak zuzentzen duen taldearekin: Ingalaterrako lau liga, bi Kopa, hiru Superkopa eta Ligako bost Kopa. Horri gehitu behar zaizkio Valentziarekin irabazitako Espainiako Kopa bat, eta Espainiako selekzioarekin irabazitako bi Eurokopa eta Munduko Txapelketa bat.

Sari zerrenda oparoa du bere ibilbidearen adibide. Gazterik egin zuen Valentziarako jauzia, eta, formakuntza aldian, Eibarren aritu zen, utzita. 2004-2005eko sasoian izan zen, Jose Luis Mendilibarren esanetara. Talde armagina laugarren izan zen Espainiako Bigarren Mailan, eta Silvaren jokoak lagundu egin zuen ordura artean eibartarrek egindako denboraldi onentsuena osatzen.

«Oso gazterik etorri zen», esan du Iban Fagoaga taldekide ohiak: «Txundituta utzi gintuen. Kalitate handia zuen, eta oso lehiakorra zen. Aldagelan ere ondo moldatzen zen». Hain justu, hori azpimarratu dut Silva ondo ezagutu dutenek: haren profesionaltasuna eta izaera abegikorra. Zelaian ere maila handia ikusi zion Fagoagak: «Ikusten zitzaizkion dohain horiek, eta ez nau harritzen halako ibilbidea egin izanak».

Mikel Arregi Eibarko futbolari ohia ere antzera mintzatu da. Hark espero zuen Silva maila horretara iristea, baina ez hain azkar: «Gurekin aritu eta hurrengo urtean, Celtara joan zen, eta talde ona zuten, baina han ere azkar nabarmendu zen, eta [Espainiako] selekzioarekin jokatzen hasi zen 19 edo 20 urte zituela».

Jokalari «berezia» da Silva, eta horrek preziatua bilakatu du futbol munduan. Fagoagak eta Arregik hasieratik ikusi zuten «kalitate handiko» jokalaria zela. Fagoaga: «Lerro artean jokatzeko trebezia berezia du, eta baita azken pasea emateko eta baloirik ez galtzeko ere. Baloiarekin dituen dohainak azpimarratuko nituzke».

Arregik ere Eibarrera iritsi orduko nabaritu zuen abilezia handiko jokalaria zela: «Lehen entrenamendurako igarri nion bazuela zerbait berezia. Txispa zuen, kalitatea, baina horren gainetik jarriko nuke bere lehiakortasuna».

Silvak bi urterako kontratua sinatuko du Realarekin, 2022ko sasoi amaiera artekoa, eta beste urtebetez luzatu ahalko du hitzarmena. Donostian egingo duen aldia ez da hutsala izango, Arregiren arabera: «Garbi dut ez dela etortzeagatik etorriko. Egunero, ondo entrenatuko da, eta ez du arazorik izango gazteei erakusteko. Realari ondo etorriko zaiola iruditzen zait».

Manchester Cityn, ikur

Silva 2010ean heldu zen Manchester Cityra, eta han aritu da orain arte. Arrasto sakona utzi du, eta horren adibide da Ingalaterrako klubak hartu duen erabakia: David Silvaren estatua bat jarriko du Etihad Stadium zelaiaren kanpoaldean, eta bere izena jarriko dio entrenatzeko gune bati.

Eibarren ere oroitzapen onak utzi zituen Kanaria uharteetan jaiotako futbolariak. Fagoagaren esanetan, «oso mutil ona» zen Silva: «Harreman ona genuen;oso ondo moldatu zen aldagelan, hasieratik». Aurrerantzean, Zubietako aldagelan izango da, eta hara ere ondo egokituko dela dio Arregik: «Oroitzapen onak ditut. Oso umila zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.