Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Bideaz gozatu zuten

Realak behin jokatu du Espainiako Kopako finalerdi bat: 2011. urtean, Bartzelonaren kontra. 2-0 galdu zuen. Partida hura jokatu zuten Maialen Zelaia eta Maite Lizaso jokalari ohiek. Ziur daude oraingoan talde txuri-urdina finalerako sailkatuko dela. Anoetan izango dira etzi. Bideoa albistearen amaieran.

Maialen Zelaia eta Maite Lizaso.
Maialen Zelaia eta Maite Lizaso. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko otsailak 15 - Zarautz

Duela bi urte utzi zuten futbola Maialen Zelaiak (Donostia, 1988) eta Maite Lizasok (Zarautz, Gipuzkoa, 1983). Haien itxura eta baloia jotzeko modua ikusita, ordea, oraindik jokatzen segitzen dutela ematen du. Goi mailan aritzeak sortzen duen presiorik ez dute orain. Baina onartu dute berriro botak eta elastiko txuri-urdina jarri eta zelaian egotea gustatuko litzaiekeen egun horietako bat izango dela etzikoa. Realak «aukera historikoa» baitu estreinakoz Espainiako Kopako finalerako sailkatu eta 2011n beraiek lortu ez zuten balentria erdiesteko.

Zelaiak hamar denboraldi jokatu zituen talde txuri-urdinean, eta Realaren erasoko jokoari zentzua ematen zion jokalaria zen. Lizasok beste horrenbeste jokatu zuen Realean;halere, ondoren Athleticen jokatu, eta bertan utzi zuen futbola. Nortasuna zen haren ezaugarri nagusia. Biek eutsi diote izaera horri, eta hala erreparatu diote eurek jokatu zuten finalerdiari, eta igande honetako lehiari.

Egun hauetan maiz akordatu dira Bartzelonaren kontra jokatutako finalerdiaz. «Jendeak eta hedabideek gogorarazi didatelako, batez ere. Orduko argazkiak ikusi ditut Sandrarekin [Ramajo] eta irribarre dezente egin dugu», adierazi du Zelaiak. Antzera gertatu zaio Lizasori. «Ni, egia esan, gehiago oroitzen naiz aurretik jokatu genituen kanporaketez, finalerdietara iristeko bideaz. Hor egiazki gozatu genuen». Ordukoak eta oraingoak badu antzekotasunik, eta hori da bat: kanporaketak jokatu zituzten ligako talde guztien artean, sailkapena kontuan hartu gabe. Hori bai, joan-etorriko lehiak izan ziren. Final-zortzirenetan, Valentzia kanporatu zuten txuri-urdinek. Hor dago bigarren parekotasuna, sasoi honetan ere hala egin baitzuen. Sant Gabriel utzi zuen bazterrean, berriz, final-laurdenetan.

Hain zuzen ere, Sant Gabrielen kontrako kanporaketa izan zen bientzat «gogoangarriena». Zubietan 3-1 irabazi zuen Realak; alabaina, itzulikoan Sant Gabriel luzapena behartzeko gertu egon zen, 2-1 irabazi baitzuen. Txuri-urdinen gola Zelaiak berak sartu zuen. Amaieran festa handia izan zen.«Guretzat benetako ezustea finalerdietarako sailkatzea izan zen, ez genuelako inondik inora espero. Ederki ospatu genuen. Bartzelonatik itzuli, afaria egin, eta parrandan joan ginen Donostiako Parte Zaharrera», gogorarazi du Lizasok.

Zapore «gazi-gozoa»

Jakitun ziren Bartzelonaren aurkako finalerdian oso aukera gutxi zituztela. «Bartzelonak ez zuen oraindik egun duen maila, baina hasia zen gorako bidean. Jokalari oso onak zituen, batez ere aurrealdean. Gu, berriz, etxeko jokalariekin osatutako talde bat ginen, denak gipuzkoarrak. Horrek egiten zuen berezi guretzat partida. Izan ere, futbol talde bat bainoago, lagun talde bat ginen, eta elkarrekin hori bizitzea disfrutatu nahi genuen», nabarmendu du Zelaiak.

Sentimendu hori da gehien oroitzen dutena. «Ziur nago urduri ere egongo ginela; ni, behintzat, bai. Partida bezperan kostatu egiten zitzaidan lo egitea, norgehiagokan pentsatzen hasten nintzelako», gogoratu du Lizasok. Irribarrez ondorengoa erantsi du Zelaiak: «Bezperan? Hiruzpalau egun lehenago ere hasten zen matraka ematen. Oso urduria zen, baina baita kasta handikoa ere».

«Urduri baina ilusioz» heldu zioten finalerdiari: «Madrilen jokatu genuen, Las Rozasen. Gure senide eta lagun asko etorri ziren ikustera», oroitu du Zelaiak. Lehen zatian, 0-0ekoari eutsi zioten. Baina bigarrenean, Bartzelonak bi gol sartu zituen. Marta Corredera eta Noemi Rubio izan ziren golegileak. «Nagusitasunez irabazi ziguten», onartu du Lizasok.

Bizitakoak, Zelaiaren esanetan, zapore «gazi-gozoa» utzi zien «Senideekin eta lagunekin egon ginen, giro ederrean. Baina galtzeaz gain, konturatzen hasi ginen aro baten amaiera zela, jokalari askok utzi behar zutelako taldea sasoi amaieran. Gainera, orduan hasi zen aldatzen emakumeen futbola». Aldaketa horren erakusle izan da Atletico Madrilek eta Bartzelonak ezarritako diktadura. Espainiako Kopako azken hiru finalak, adibidez, bi talde horiek jokatu dituzte. Horrenbestez, Lizasok eta Zelaiak argi dute nekez izango duela Realak berriz beste aukera bat final bat jokatzeko, sasoi honetan bezala: «Anoetan jokatuta, ustez ahulagoa den kontrario baten aurka... Nik dena emango nuke partida hori jokatzeagatik». Halaber, ondorengoa onartu du: «Futbola utzi nuenetik ez dut inbidiarik pasatu. Baina aurreko igandean, Athleticen aurkako derbian eduki nuen. Sekulako giroa zegoen, eta ederra izango zen bertan jokatzea. Etzi ere antzeko zerbait gertatuko zait. Gainera, nik gehiago sufritzen dut harmailetan zelaian baino». Inbidia apur hori ere badu Lizasok: «Baina nik askoz patxada handiagoz ikusten ditut partidak harmailatik».

«Pazientzia eta lasaitasuna»

Biek onartu dute ligan azken postuan egon arren, Sevilla aintzat hartzeko aurkaria dela, atzean batez ere zulorik uzten ez duena. Finalerako plana egiten hasi da Lizaso: «Nik dagoeneko begiratu ditut Granadarako hegaldiak». Han jokatuko da finala, maiatzaren 11n. «Egun horretan lana dut, baina zerbait egin beharko dut», esan du Zelaiak.

Etziko norgehiagoka irabazteko gakoa ere eman dute. «Pazientzia eta lasaitasuna» aipatu ditu Zelaiak: «Emozioak ondo kudeatzea funtsezkoa izango da, eta atzetik jarriz gero edo gola ezin sartu ibiliz gero, urduritasunak gain ez hartzea», nabarmendu du Lizasok. Igandean Athleticen aurka jokatutako derbiak baikor izateko arrazoiak eman ditu, Zelaiaren hitzetan. «Atsedenaldian 0-2 galduz joan arren, gai izan ziren lasai egon, beren ohiko jokoa egin, eta berdinketa lortzeko. Nortasun handia erakutsi zuten, eta ondo kontrolatu zuten Anoetan jokatzeak eragiten duen zirrara eta urduritasuna».

Hori ondo kontrolatuz gero, biek faborito ikusten dute Reala. «Oso denboraldi ona egiten ari dira. Jokalariek erakusten duten ausardia eta bizitasuna nabarmenduko nituzke, eta haien talde izaera», nabarmendu du Lizasok. Zelaiak jokalariekin egoteko aukera izan du: «Gogo handiz ikusi ditut, eta jokoan dutenarekin oso jabetuta».

Jokalariren bat nabarmendu behar izanez gero, Lizasok Nerea Eizagirre aipatu du: «Igandean asko gustu zitzaidan Nereak zelai erdiari eman zion sendotasuna. Gainera, gol bat ere sartu zuen». Jokalari guztiengatik poztuko lirateke finalera ailegatuz gero, baina batez ere Sandra Ramajorengatik. Bera da 2011ko finalerditik taldean geratzen den jokalari bakarra. «Lesioarekin pasatu izan duena eta gero, saria litzateke».

Biek espero dute igandekoa beste mugarri bat izatea Realak emakumeen futbolaren alde egin duen apustua «sendotzen eta areagotzen» jarraitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Piloariak atzo, Dania Jai Alain. / ©Kevin Cox, @brooklyncowboy1

Azken tantoak jokatu dira «bihotzeko plazan»

Jon Ordoñez Garmendia

Atzo itxi zuten Floridan (AEB) Dania Jai Alai pilotalekua, 68 urteren ostean. Emozioa borborka izan zen eta une hunkigarriak bizi izan ziren.

Osasunak bolada txarra eten nahi du gaur, Sadarren Elxi irabazita
«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

Olaia Gerendiain - Gipuzkoako Hitza

Lau hamarkada baino gehiago patroi lanetan egin ondoren, Lujanbiok bukatutzat eman berri du bere jarduna. 24 urte zituela jo zuen goia, Kontxako Bandera irabazita.

Realeko jokalariak Mateu Lahoz epaileari kexuka, gaur, Bartzelonan. ©Andreu Dalmau / EFE

Amaitu da ligako bolada ona ere

Paulo Ostolaza

Neurketa irabazteko adina gol aukera izan dituzte txuri-urdinek, baina, azkenean, Espanyolek asmatu du. Haserrea eragin du epaileak Isaki baliogabetu dion golak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.