Lehen, 'bai' zen; orain, 'agian' da

Aretz Iginiz Baionako errugbi taldeko kapitainak aspaldi erabakia zuen denboraldi honen amaieran erretiroa hartuko zuela. Baina, koronabirusak sasoia hankamotz utz dezakeela ikusita, jada ez du erabat argi lehia uztea, eta prest legoke beste urtebetez jarraitzeko; «etxean, non bestela?».

Aretz Iginiz, Luma eta Lili alabak altxatzen, etxe aurrean. ARETZ IGINIZ.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Erretiroa noiz hartu da, ziurrenik, kirolari batek bere ibilbidean hartu behar duen erabakirik zailenetako bat. Ez da trantze samurra egun batetik bestera makina bat urtez bizimodu eta ogibide izan denari uko egin behar izatea. Batzuei asko kostatzen zaie azken pauso hori ematea; beste batzuei, berriz, ez horrenbeste. Erabat barneratua dute uzteko ordua iritsi zaiela.

Duela gutxi arte, azkenekoen artean zen Aretz Iginiz (Hendaia, Lapurdi, 1983). Baiona errugbi taldeko kapitainak aspaldi esana zuen denboraldi hau amaitzean hartuko zuela erretiroa, lehen taldean hamabost sasoiz aritu ondoren; horietatik hamabi, maila nagusian, Top14an. Agur esateko eguna ere jarria zion bere buruari: ekainaren 6an izango zen. Egun horretan jokatuko zuen Baionak denboraldiko azkeneko partida, Jean Dauger estadioan, Lyonen aurka. Agurra nolakoa izatea nahi zuen ere pentsatua zuen. «Etxean, zelaian, azkeneko eguneraino taldeari lagunduz. Eta, noski, Baiona Top14an utziz. Horixe nuen ametsetako agurra».

Baina badira egun batzuk Iginizek zalantza duela ea erretreta hartu edo beste urtebetez jokatzen jarraitu. Koronabirusak eragindako egoerak sortu dizkio duda horiek. Izan ere, COVID-19 gaitzaren ondorioz, oso litekeena da Frantziako Errugbi Federazioko Zuzendaritza Batzordeak bukatutzat ematea denboraldia etaazken sei jardunaldiak ez jokatzea. «Itxura guztien arabera, ligak amaitutzat emango du denboraldia, eta inor ez da jaitsiko [Baiona jaitsieratik salbu dago]. Baina ligaren nahia ere bada, aukera baldin badago, zenbait partida jokatzea, dirua ateratzeko eta txapelduna zehazteko, besteak beste. Horretarako, uztailaren 18ra arte pausatu du denboraldia».

Iginiz, hala ere, ez da oso baikor. «Zaila izango da partida gehiago jokatzea. Batetik, berriro jokatu ahal izateko, gutxienez bi asteko sasoi-aurrea egin beharko genuke. Orain, lanean ari garen arren, medikuek agindu digute gure ahalegina ez izatea %80koa baino handiagoa; izan ere, koronabirusa dela eta, gure osasunarentzat arriskutsua da muga horretatik pasatzea. Eta, bestetik, gerta liteke jokatzen hastea eta jokalariren bat gaixotzea. Orduan, berehala geratuko litzakete dena. Ligak jokatu egin nahi du, baina zaila da. Gainera, Frantziako Gobernuak du azkeneko hitza».

Etxean, elkarlanean

Baionak duela hilabete pasatxo jokatu zuen azkenekoz, otsailaren 29an, etxean, Tolosaren aurka. 20-10 irabazi zuen, eta zelaian izan zen Iginiz. Denboraldia bukatutzat emango balute, eta harroin hendaiarrak erretiroa hartzeko asmoari eutsiko balio, egun horretan jokatua zuen azken partida, ibilbideko 373. a. «Agian, jakin gabe jokatu nuen azken partida». «Agian» esan du, eta hori bada aldaketa esanguratsua, duela gutxi arte «ziur» baitzen hau izango zuela azken sasoia. «Baina, ziurrenik, otsailean amaituko da denboraldia, uste baino askoz lehenago, eta horrek erdizka utziko nau. Gaur-gaurkoz, ez dut baztertzen jokatzen jarraitzea. Aukera bat da». Argi du non segitu nahi duen: «Etxean, non bestela! Oso gustura nago, eta, gainera, ez dut asmorik kanpora joateko. Erretiroa hartzen dudanerako kontu batzuk begiratzen ere hasia naiz; adibidez, Baionaren harrobian lan egitea. Egoera argitzen denean erabakiko dugu zer egin».

Korapiloa askatu artean, Iginizek etxean jarraituko du, lanean. «Trasteleku handitxo bat dugu. Bizikleta estatiko bat dut bertan, baita pisuak ere. Horiekin ari naiz. Korri, berriz, etxe ondoan egiten dut, jende gutxi dagoen tokietan; adibidez, aparkaleku batean. Baina, adibidez, ez dut inor uztartzeak egiteko. Tira, bai, bi alabak eta emaztea», esan du, brometan.

Entrenatu ez ezik, badu beste lanik; adibidez, Luma eta Lili 9 eta 7 urteko alabei etxeko lanak egiten lagundu. «Baionako Oihana ikastolan ari dira ikasten, eta, eskolarik ez dutenez, lagundu egin behar diegu. Nik euskarazko lanak egiten laguntzen diet, bikotekideak ez baitaki euskaraz. Berak beste ikasgai batzuekin laguntzen die. Elkarlanean ari gara, baina, egia esan, pazientzia behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.