Maialen Chourraut. Piraguista

«Adinean gora noalako utzi behar dut? Parisen bi domina lor daitezke»

Beharrezko atsedena hartu ostean, lanera itzuli da Chourraut. Usurbilen egitekoa den ur bizien kanalean amaitu nahi luke bere azken Jokoetarako prestaketa.

JON URBE / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Donostia
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Atletico klubak Donostiako Kontxako pasealekuan du egoitza. Bertan dagoen pertsona orok ezagutzen du Maialen Chourraut (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Atetik sartu bezain laster, harengan pausatu dira begirada guztiak. Ez da gutxiagorako, domina olinpiko gehien lortu dituen euskal kirolaria baita. Baina ez da horregatik bakarrik, pertsona jatorra eta atsegina ere bai baita. Tartetxo bat hartu du bertan zeuden langile eta bazkide batzuk agurtzeko. Bost hilabete igaro dira Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarra lepoan zintzilikatu zuenetik: «Denboran urrun dagoen zerbaiten gisa ikusten dut». Urrunago daude 2024an Parisen egingo diren Olinpiar Jokoak, baina bertan egoteko lanean ari da jada. Ordura arte jarraitzeko arrazoi nagusia Joko batzuetan estreinako aldia izango duen ur bizietako K-1 extreme modalitatean parte hartzeko asmoa da. «Pentsatu nuen pena izango zela orain uztea, hurrengo Jokoetan bi modalitatetan aritzeko aukera izanda». Arratsaldeko hiruretan jarri du elkarrizketarako ordua, lau eta erdietan 8 urteko Ane alabaren bila joan behar duelako.

Bost hilabete igaro dira Tokioko Olinpiar Jokoetan domina lortu zenuenetik. Zer sentipen duzu orain?

Oso berezia izan zen. Handia izan zen han egindakoa eta bizi izandakoa. Dena den, denboran urrun dagoen zerbaiten gisa ikusten dut. Tokiotik bueltan Espainiako txapelketetan parte hartu nuen, eta oso nekatuta nengoela gogoratzen dut. Hori horrela, irail hasieran jokatuko ziren munduko kopako bi probetan parte hartu banuen ere, argi neukan irail amaieran egin zen munduko txapelketan ez nintzela arituko. Tokion nengoenean hartu nuen erabaki hori, ez nuelako neure burua gai ikusten ordura arte ehuneko ehunean entrenatzeko. Olinpiar Jokoak modu obsesiboan prestatzen ditut, eta, hura amaitutakoan, topaketa garrantzitsu bat ez prestatzeko beharra neukan. Lasaitasuna eta atsedena behar nuen, hausnarketarako tartea, alegia. Tokion nengoenean ez neukan batere argi etorkizunean zer egingo nuen, eta horrek ez ninduen bakean uzten.

Noiz hartu zenuen jarraitzeko erabakia?

La Seu d´Urgellen [Herrialde Katalanak] jokatu zen munduko kopako probarako hartua nuen erabakia. Izan ere, 2024ko Jokoetan modalitate berria estreinatuko dugu: K-1 extreme modalitatea. Tokion buru-belarri jarrita nengoenez, La Seun ezin izan nuen parte hartu modalitate horretan, ez nengoelako sailkatuta. Ikusi nuen atzean geratzen hasia nintzela. Barruan badaukat lehiarako grina hori, eta pentsatu nuen pena izango zela orain uztea, hurrengo Jokoetan bi modalitatetan aritzeko aukera izanda. Aukera hori izanda, zergatik ez jarraitu, ezta? Ibilbidea pittin bat luzatu modalitate hori probatzeko. Oso ohituta nago lehiaketa batera joan eta aukera bakarra izateaz. Gaizki ateratzen bazait, zartako horrekin etxera. Askotan, zenbait modalitate dituzten kirol batzuk ikusita, inbidia apur bat sentitu izan dut. Guk dena dugu jokoan 90 segundotan. Oso azkar igarotzen da. Paueko [Frantzia] munduko kopan bai, parte hartu ahal izan nuen, eta argi geratu zitzaidan ezin nuela modalitate berri hau probatu gabe utzi.

Beraz, bi modalitatetan parte hartzeko prestatzen ari zara orain. Oso ezberdinak dira?

Teknika eta prestaketa fisikoa oso antzekoak dira, nahiz eta entrenamendu espezifiko batzuk egin behar ditudan. Materiala bai, ezberdinagoa da: piragua askoz ere astunagoa eta motzagoa da. Halere, indarra transmititzeko modua antzekoa da. Zirkuituari dagokionez, igaro beharreko ateetan eta makiletan badago aldea, eta horietara ohitzeko lana egitea dagokit. Urte lasaia da hau, eta material berria probatzen eta teknika hobetzeko lanean ari gara gehienbat.

Hain gogorra izan den txapelketa baten ostean, motibazioa berreskuratu eta lanera bueltatzea kosta egin al zaizu?

Normaltasun osoz itzuli naiz. Jarraitzeko edo ez jarraitzeko erabakia hartzea izan zen zailena. Behin zer egingo nuen erabakitakoan, entrenamenduetara bueltatzea erraza izan da. Nire errutina hau da. Nekea gorputzean sartua dudala bizi naiz, eta entrenatzearen alde gogorrena hori da, nekearekin bizitzea. Gorputza batzuetan kexatu egiten zait. Aldiz, motibazioa betidanik azkar aurkitzen dudan zerbait izan da. Seguruenik zailagoa egingo litzaidake nire ibilbidea amaitutzat eman eta dudan bizimodua aldatzea.

Hurrengo Jokoak hiru urte barru izatea lagungarri izan zaizu jarraitzeko erabakia hartzerakoan?

Egia esan, ez dakit zer erantzun. 38 urte dauzkat, eta Parisera 41 urterekin iritsiko nintzateke. Alde batetik, abantaila gisa ikusten dut, baina, bestetik, gogoan dut aurreko ziklo olinpikoa urtebete luzatzea niretzat mesedegarri izan zela.

Zeure burua Parisko Jokoetan dominen lehian egoteko gai ikusiko ez bazenu, segitzea erabakiko zenuke berdin?

Parisen egingo diren Jokoen alderdi askok erakartzen naute. Batetik, Europan da, eta ni bakarrik Londresen aritu naiz: 2012ko oroitzapen oso onak dauzkat, eta Parisen beste horrenbeste bizitzeko itxaropena daukat. Bestetik, Frantziarekiko dugun gertutasuna dela eta, bidea gehiago disfrutatzeko aukera ematen dit. Azkenik, bi modalitatetan parte hartzeko aukera izatea berezia da. Bi domina lortzeko aukera ere badagoela esan nahi du horrek. Domina bat ekartzeko aukerak askoz gehiago dira, nahiz eta horrek ez duen esan nahi lortuko dudanik. Oso gustura ari naiz lanean, eta piragua barruan konpetentea naizela ikusten dut. Zergatik utzi behar dut orain? Adinean gora noalako? Nire ogibidea hau da, eta, beste batzuetan aipatu dudan bezala, gustatuko litzaidake Euskal Herrian egindako kanal batean aritzea erretiroa hartu aurretik. Horrek ere badu eragina nire erabakian .

Teorian, 2023rako amaitua beharko luke Usurbilgo kanalak. Zure izena eramango luke.

Ez dakit noizko egon daitekeen amaituta, eta kanalari nire izena jartzearena proposamen bat baino ez da. Zer polita litzatekeen Olinpiar Joko batzuk hemen prestatzea. Oso polita litzateke. Los Angelesko (AEB) Jokoetara ez naiz iritsiko. 45 urterekin ez dut uste gai izango naizenik gazteei aurre egiteko.

Tokioko helburua «azkar» aritzea zen, eta «ametsa», domina bat lortzea. Benetan sinesten zenuen domina bat lor zenezakeela?

Benetako aukera nuela uste nuen, baina emaitza bat sekula ezin da helburutzat jarri. Nire onena ematea nire esku dago, baina emaitza batean aurkariek egindakoak ere eragina dauka. Tokiorako bidean, nazioarteko txapelketa guztietako finaletan aritu nintzen, garaipenik lortu ez banuen ere. Jokoetara bideratutako erabakiak hartu genituen final batzuetan, beti ongi atera ez zirenak, baina lortutako informazio guztia gero erabilgarria izan zitzaigun. Bidean zenbat eta zailtasun gehiago, orduan eta hobeto, Tokion zailtasunak baino ez bainituen aurkituko. Hori esaten zidaten Xabik [Xabi Etxaniz, entrenatzaile eta bikotekidea] eta Joxean Arruza nire psikologoak. Joxeanekin duela urtebete hasi nintzen lanean, eta egindakoak fruituak eman ditu. Xabi entrenatzaile izateak ere asko lagundu dit. Gure entrenamendurik baliagarrienak etxekoak izan dira, hitzetan oinarritzen direnak.

Argi dago Olinpiar Jokoetan garantia bat zarela, lau jokotatik hirutan domina bana eskuratu duzulako. Domina gehien irabaziak dituen euskal kirolaria zara. Dena irabazi duzu.

Ez, munduko txapelketa bat ez dut sekula irabazi. Rioko Jokoen ostean horrekin tematu nintzen, eta lesio pila bat izan nituen. La Seun eta Pauen aukera onak izan nituen, baina jada hurrengo Jokoak prestatzen ari nintzen. Guk Jokoak prestatzen ditugu. Palmaresa hor dago, asko da, baina urte asko daramatzat!

Handitzeko astia baduzu. Ez zara konformatzen egin duzunarekin, ezta?

Beti handitu daiteke, bai. Eta ez naiz konformista, ez. Baina Tokioko Jokoetako arrakastaren gakoetako bat neure buruarekin harro eta lasai sentitzea izan zen. Ordura arte sekula sentitu gabeko zerbait izan zen. Beti sentitu izan dut egindakoa ez zela nahikoa. Adin bat nuenez, lortutakoarekin harro sentitzen hasia nintzen. Ez nuen ezer galtzeko. Finalean ez nuen irabazteko inolako obligaziorik sentitzen: egindako lan ona demostratu nahi nuen soilik.

Aurreko ziklo olinpikoaren azken urtean Donostiara etortzea erabaki zenuten. Aldaketa horrek emaitzetan eraginik izan du?

Ez dakit, ez dut uste. Bizitzako etapak dira. Guri etxera eta familiarengana gerturatzeko momentua iritsi zitzaigun. Familiarengandik gertu egoteak lana eta haurraren zaintza errazago kontziliatzeko aukera ematen dizu. La Seun entrenatzeko baldintzak hemen baino hobeak diren arren, toki aldaketarekin entrenamenduei aberastasuna eman diegu. Lana ondo egin eta emaitzak lortzeko, beti ez dira lanabes perfektuenak behar. Klubera eta gaztaroko entrenatzeko tokietara itzultzeak barrutik asko eman dit.

Maialen Chourraut hobe bat ikusi ahalko da Parisen?

Ezin da ezer baztertu. Pertsona gisa diozu? Piraguista hobea banaiz baina pertsona okerragoa, gaizki, ezta? Kirol arloan galdetzen badidazu, uste dut oraindik hobetu dezakedala. Beti hobetu daiteke; bestela, ez nintzateke hemen egongo. Hobetzeko esperantza daukat, beti baitaude hobetu daitezkeen alderdiak. Hobetzeko grina izango ez banu, aspertu egingo nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.