Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Ion Izagirre. Astana taldeko txirrindularia

«Podiuma? Zergatik ez. Ez dut inoiz lortu, baina edozer gerta daiteke»

Iazko Vueltan lortutako bederatzigarren postua hobetzen saiatuko da Ion Izagirre. «Zuhur» jokatu nahi du, baina, era berean, ez du ezer baztertu. Miguel Angel Lopezekin partekatuko du Astanako lidergoa.

enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989) denboraldia biribildu nahi du Espainiako Vueltan. Ametsa bete zuen apirilean, Euskal Herriko Itzulia irabazita, eta «anbizioz, gogoz eta freskoago» iritsiko da Vueltara.

Nolako sentipenekin iritsiko zara Vueltara?

Hasteko eta lehenengo, egunak pasatzeko gogotsu nago. Poloniako Itzulian izan nintzen hilabete hasieran, eta test ona izan zen. Denbora asko neraman lehiatu gabe, eta ondo ikusi nuen neure burua. Horrek konfiantza eman dit Vueltara begira.

Apenas lehiatu zaren Giroaz geroztik. Alde horretatik, aurtengo prestakuntza oso bestelakoa izan da.

Iaz, karga handia izan nuen denboraldi hasieran, eta, gero, Tourra eta Vuelta kateatu nituen. Oso ondo aritu nintzen Vueltaren lehenengo astean; azken astea, ordea, amaiezina egin zitzaidan. Orain, freskoago iritsiko naiz, askoz ere neke gutxiago pilatuta. Lehen egunetik pedal kolpe ona izateko esperantza dut.

Oso sasoi ona ari zara osatzen. Euskal Herriko Itzulia eta Valentziakoa irabazi dituzu, baita Paris-Nizako zortzigarren etapa ere. Inoiz izan duzun urterik onena ari da izaten?

Ez dakit onena den, baina garbi dago oso ona ari dela izaten. Itzuliko garaipena azpimarratuko nuke. Urte batzuk neramatzan ate joka, eta,behingoz, irabazteko gosea neukan. Lortu dut azkenean, eta neure buruan sinisteko arrazoi gehiago eman dit. Konfiantza horrek mesede egingo dit Vueltan.

Giroa atera zitzaizun makal samarra. Sasoi hasieran pilatutako zama guztia nabaritu zenuen?

Miguel Angel Lopezi ahalik eta gehiena laguntzea zen nire asmoa, baina ez zen posible izan. Ez nintzen prest iritsi, ez fisikoki, ez mentalki. Pena hori daukat, baina hilabete batzuk pasatu dira ordutik. Orain beste bat naiz, atseden hartu eta behar bezala prestatu ostean.

Askatasuna izango duzu Vueltan. Zer egiteko gai izan zaitezke?

Errepideak jarriko nau nire tokian. Ahalik eta posturik onena lortzea da nire esperantza. Egunez egun joan, eta zuhur jokatu behar dut. Hiru aste dira, eta noiznahigal dezakezu denbora. Ez dut helburu zehatzik, baina, egia esan, iazko bederatzigarren postua hobetu nahiko nuke.

Podiuma oso urruti ikusten al duzu?

Urruti? Ez dago zertan. Oraindik ez dut podiumik lortu itzuli handi batean, baina zergatik ez pentsatu aurten izan daitekeela. Edozer gerta daiteke, eta egoeraren bat bat balia nezake. Lasterketak aurrera egin ahala ikusiko dugu.

Lopez eta Jakob Fuglsang ere taldean sartu dira. Hirurak ariko zarete taldeburu gisa?

Hasieran, Lopezek eta biok elkarrekin banatuko dugu lidergoa. Egunak igaro ahala argituko dira gauzak. Fuglsang, Tourreko erorikoaren ostean, ez da indar betean iritsiko. Sasoiko azken zatia ondo prestatzeko eta taldekideei laguntzeko helburua izango du.

Zuretzat onuragarria izan daiteke lidergoa partekatzea?

Bi lider izanda, presio txikiagoa nabaritzen duzu, eta ez dituzu begirada guztiak bereganatzen. Gainera, taktikoki, aukera handiagoaizan dezakezu. Lider bakarra edukita, estrategiarako tartea gehiago mugatzen da. Biok ongi arituz gero, lasterketa polita egin dezakegu.

Nolakoa iruditzen zaizu ibilbidea?

Gogorra da. Mendiak lehen astetik bertatik izango ditugu. Etapa gutxi egongo da esprinter petoentzat, eta ugari ehiztarientzat eta sailkapen nagusiko ziklistentzat. Gaur bertan zabalduko dira lehen aldeak, taldekako erlojupekoan, eta mendatean bukatzen diren lehen etapetan ikusiko dugu benetan nola gauden.

Beste erlojupekoa 10. etapan izango duzue. 36 kilometroko bakarkako saio gorabeheratsua izango da. Egokia da zuretzat.

Askotan, sasoi kontua izaten da: ondo egonda, oso espezialista ez denak ere saio ona osa dezake. Ustez, Roglicek edo Kruijswijkek kolpea eman dezakete, eta Majka edo Lopez bezalako igotzaileek beste nonbait aldeak atera beharra izango dute.

Zer etapa dituzu begiz jota? Non erabaki daiteke lasterketa?

Hemen, ezin daiteke etapa bakarra hartu. Hiru aste dira, eta egunero eduki behar dituzu belarriak tente. Gogorrena azken zatia izango da, Kantabria, Asturias eta Madrilgo etapekin. Nolanahi, aurrez ere badago non min egin: Javalambre, Mas de la Costa eta Cortalseko igoeratan, esaterako.

Zein da faborito nagusia?

Izen handiak daude. Lopez oso ondo ikusten dut, eta Roglic, Kruijswijk, Valverde, Quintana, Majka, Chaves edota Uran ere kontuan hartu beharrekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.